Carlos Santamaría y su obra escrita

            | siguiente

 

Galdera zenbait «Che» Gevara ta kristau-konzienziaz

 

Jakin, 27/28 zk., 1967

 

      Urrillak zortzi egun zituela, igande eder baten goizeko seiretan, latitude haietan argia zabaltzen hasten den orduan, gaizto sakaildutako gerrillero bat boliviano «rangers» talde baten eskuetan erortzen zan. Zauritutakoaren egiazko nortasuna berehala jakin zan eta Camiri herriko etxe ta kale guztietan zehar zabaldu, berria, Ander Gevara, miriku arjentindarra ta matxinzale famatua zan, gudari arrapatua! (Urrengo egunean hil omen zan gizarajoa nahiz ta batzuek esan bolivianoak garbitu zutela, korapillo ta istillu guztietatik itzuritzeko).

      Estraiña, mundua harrituta gelditu zan, berria ezin siñisturik. Ordurako Che Gevara'ri buruz, hainbat gezur entzuna baizan, ezen bere heriotza zalantzan jarri zuten aldizkari gehienek.

      Baiñan handik egun gutxitara, alegia, emezortzi egunean, jendetza izugarri baten aurrean La Habana'ko «Revolución'eko» plazan, Fidel Castro'k berak egia osoa jakin arazi zion herriari.

      Malkorrak begietan, bere adixkide maitetsuaren heriotza aize guztietara barreiatu zuen.

      Â«Gure Che maitea eredu bat izango da aurrerantzean —esan zuen Fidel Castro jauna— gure herriarentzat ez ezik baita ere Amerika Latino-ko herri guztientzat. Hamar urteko edo hogei urteko gudate baterako, gerla baterako, bere bizia bera bezain luzea, prest zegoen, Che Gevara. Aurrera jarraituko dugu eta bere heriotzagaitik erronka jotzen hasi diran inperialistak oker dabiltzala laister ikusiko da».

      Berehala miñezko telegrama ta gutunak alde guztietatik heltzen hasi ziran Cuba'ko Herri-burura.

      Â«Martiri bat izan da, Luzaro izango degu gure gogoan» —zion «L'Unitá» Erroma'ko aldizkari komunistak.

      Â«Herri guztien askatasunagatik hil da Che Gevara» —azaltzen zuen URSS'ko Partidu Komunistaren idazkaritzak.

      Bumedian koronelak, Arjelia'tik mensaje eder bat bialdu zuen Gevara'ren oroipenez. Ta alde hartan bertan egoten zan Amerika'ko Stokely Carmichael estudiante beltzak, azalpen hauek egin zizkion hango eguneroko baten idazleari: «Che Gevara'ren odola herri askoren askatasunerako elikamendu izango da».

      Régis Debray idazleak, ere bai, oraindik kondenatuta ez zegoena, Guayaquil'eko «Vistazo» aldizkariari agerpen garrantzidun batzuek egin zizkion, beste gauzaen artean hau ziotenak: «Ba liteke Che Gevara ta biok oker egotea, eta guk egindako hutsak nozitu beharko ditugula, eginkizun hauetan sartzen diran guztiak bezala. Gevara hil da. Ni zigor astun bat hartzeko zorian nago, baiñan, goiz edo berandu, beste burrukariak sortuko dira eta inperialismoa azken ondameneraiño gudukatuko dute berak».

      Eman dezagun esakizun guztiak aldezkoak izan ez dirala.

      Alde batetik, eskubiko jendeak, batez ere yanki'en alde jokatzen dutenak, Che Gevara bandido bat besterik ez zala esaten dute. Bestaldetik Venezuela ta Bolivia'ko Partidu Komunistak Gevara abenturista ta Kijotetzat dute ta bere gerrillako lana ez dute aspalditik onartzen. Hauek diotenez, hango herriak ez daude prestaturik horrelako matxinada egiteko ta Che Gevara'ren entrepresak poto egin behar du nahi ta nahi ez.

      Ez ote du ba, beraz, meriturik batere izango gizon honek bertako eskubikoak eta ezkertiarrak —Castristak kanpo— batera salatzen duten ezkero?

      Gizatasun saietsetik, politika alde batera, ba du Che Gevara'k zerbait merezi, bere adiskideen alde ta ona zeritzaion kausaren alde bizia eman baidu, baita gogoz eman ere, Bolivia aldera joan zanean, ba zekielako zer sasitartean sartzen zan ta nola bukatu behar zuen bere abenturak. Honelako konportamendu ta bizikerari begi onez begiratu behar zaiola ez du iñork ukatuko.

      Bestela izango da, jakiña, Che Gevara'ren burruka politikako efikaziaren aldetik neurtu ta aztertu nahi zaionean.

      Amerikako gaitzak sendatzeko edo gehitzeko izan ote da Ernesto Gevara'ren lana? Guztiz zalla da galdera honi erantzuna ematea. Ondorenak erakutsiko du, noski, eta seguruena izango da Amerika latinaren arazoak, orain baiño nahastuagoak izan ditezela datozten urtetan.

      Beste saietsetik nahiago nioke nik Che Gevara'ren gaiari jo.

      Nik galdera bat egingo nieke nere irakurleei, kristau diranei batez ere.

      Zer esaten dio gaur kristau konzienziari Gevara'ren heriotza gertaera negargarri honek? Zer esaten diote kristau konzienziari Camilo Torres apaiz zanaren eta beste gerrillero kristauen eta ez kristauen heriotzak? Reboluzionarioak eta bandidoak zirela esanaz kitatuko al gera kristauok?

      Horrelako galderak ez dizkiet egingo, jakiña, kristau aburgesatu ta ondo instalatueri, ezta ere nere gaztearoan «bien pensant» deitzen zitzaieneri.

      Bañan ba daude, Jainkoari esker, bere kristautasuna gaurko egunaren arauaz bizi nahi duten egiazko kristauak.

      Gevara'ren lanak, beste ekarririk izan ez badu ere, kristauok Amerika latinaren naigabe ta miseriaz konzienzia hartu dezagun balio izan balu, bulartsu horren odola etzan alperrik ixuriko. Ez bere odola, ez bere lagunen odola, ezta ere gudate hontan erori diran Boliviako soldaduen odola, guretzat odola guztiak sari ta errespeto berdiña merezi bait dute.

      Â«Gure herrien bidegabeak zuzendu ditezen, iñorren odola ixuri behar da» esaten zuen, aspaldirik ez, nere adixkideen batek. Bañan zer odola? Noren odola? Martirien odola edo gudarien odola?

      Nik ez det uste kañoiak ta bonbak herrien zuzentasuna ta zoriontasuna ekarriko dituztenik.

      Kañoiak ta bonbak itsuak dira ta, nork esan du hoiek berak kausa onera lagunduko diotela? Hau pentsatzea guztiz zentzugabekoa iruditzen zait, nahiz kristauentzat nahiz komunistentzat. Herri pobreak, proletarioak, galtzaille ateratzen dira gerla guzietatik. Aberatsak berriz beti garaille.

      Reboluziozaleak gudaren bideari jotzen badiote, nork bermatuko die garaipena? Halabeharrak? Kasualidadeak?

      Biolentzia, gogortasuna, beharrezkoa da, bai, gure mundua zuzentzeko. Baiñan zer nolako gogortasuna? Hori da ta hori izango da, gaur eta biar, problema izugarria. Batez ere ebanjelioko politika edo kristau-politika baterako.

      Izugarriak ta ugariak dira Amerika latinaren gaitzak: politikazko kazikismoa edo, han esaten duten bezela, «hejemonismoa»; jankien inperialismoa; gosea ta jakin-eza; latifundioa ta lurraren lantze bakarra edo monokultiboa; egiazko klaseen konzienziaren eskastasuna; siniskeria ta sasi-erlijiotasuna, aberats ta jauntxoeri beti lotuak daudenak...

      Reformismoaz, «konformismo» izena hobe izan zitekean oraiñarteko reformismoaz, asperturik dago Amerika latinako jendea. «Alianza para el progreso» zeritzana progresorik gabeko alianza soilla gelditu dala diote hango herri askotan.

      Yankien politikak ez du jokatzen Amerika herrietako interesen alde, jakiña, beraien interesaren alde baizik. Eta hau ikusten dutenak gero ta ugariagoak dira ameriketarren artean.

      Zer egin? Nundik hasi? Hoiek ziran, izan ere, Lenin'en galdera famatuak, hirurogei ta bost urte direla. Bañan orduko Rusia ez da gaurko Amerika, eta gaurko URSS'a ez da Marx eta Lenin'ek asmatutako Estado komunista.

      Nundik hasi? Zer egin?

      Che Gevara ta Fidel Castro'k beren erantzuna bai eman dute, ez bakarrik hitzez, baita egilez eta odolez ere. Iñork ez du ukatuko gizon hauen kurajea[1].

      Hala ere, efikaziaren aldetik ez da garbi ikusten Cuba'ren aventuratik sortuko dana.

      Galdera hoiek zerbait esaten diote, noski, kristau konzienziari.

      Amerika egoeraren aurrez, antziñako moralaren, moral indibidualistaren ikuskerak ez dira nahikoa. Ez gerlari buruz, ezta ere matxinadari buruz.

      Aita Congar'ek esan du, Munduko laikoen batzarrean, reboluzioari buruzko teologi bat behar-beharrezkoa degula. Bere hitzak hauek izan ziran, gutxi gora bera:

      Â«Reboluzio berbak esanahi ezberdin asko dauzka. Ezargia ta nahaspillatsua, eta, batean, explosiboa da. Bañan horrexegatik komeni da bera aztertzea, teologiaren aldetik. Izan ere, gaurko egunean moralaren zati batzuek sail koletiboari ezartzea nahi-ta-nahiezkoa degu. Esate baterako: aspaldiko tesis ezaguna da gizon goseak-hil batek mantentzeko behar dun janaria hartu dezakela, iñork lapurtza ezin salaturik. Tesis honek, zer emango luke gaurko populu gosetien egoerari ezarriko bagenio?».

      Eta aita Congar'ek jarraitzen du: —frantzesez emango det labur egiteko— «Le Saint-Père ne cesse de nous dire que le nom même de la paix est, aujourd hui, développement. Mais qu'en est-il en fait? Il serait très injuste de dire qu'il n'en est rien, mais dans combien de cas, dans combien de régions, ceux qui prendraient vraiment aux sérieux ces enseignements ne seraient ils pas taxés de communisme et pratiquement obligés, même par l'autorité ecclesiastique, de s'arrêter ou de se mettre en situation irrégulière?».

      Nik ez det uste ebanjelioaren erantzuna fusilla artu ta mendira ateratzea izan ditekeanik.

      Nik —berriz ere esan— ez det uste kañoiak ta bonbak herrieri zuzentasuna ta zoriontasuna ekarriko dietenik, baizik gaitz ta nahigabe izugarri asko.

      Bañan, ziur nago, imperialismo ekonomikoaren gorputzilla igarotzen ikusteko elizako atarian eseritzea ebanjelioko postura ez dala.

      Eta moralista ta teologoeri egiten diet galdera: kristauen bidea, nundik?

 

 

[Oharrak]

 

1. «Le Monde» egunkariak dionez, gotzai brasildarra dan Batista agurgarriak —emezortzi gotzaien idazkiaren idazleetako bat— hau esan du, oraindik orain: «Le courage de la petite Cuba face à l'impérialisme international peut constituer un exemple pour l'Amérique latine». «Presque tous les pays ont peur d'affronter l'impérialisme international et en particulier celui des Etats-Unis».

 

            | siguiente
  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es