Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11

Kausa perpausak

Kausa perpausek mendeko perpausen artean multzo jakina osatzen dute gure gramatiketan. Gertaera baten kausa edo adierazpen baten azalpena emateko erabiltzen ditugu kausa perpausak. Formaren aldetik, hala ere, modu askotara era daitezke perpausok, postposizio batekin edo beste batekin, adizki jokatuarekin edo jokatugabearekin…

Kausa edo zergatia

Zerbait gertatzen denean, zerbait horren zergatiez galdetzen dugu maiz, pentsatzen baitugu gertatzen diren gauzek eragile bat izan dezaketela. Kausez eta ondorioez mintzo gara sarritan, kausa-ondorio erlazioa izaten baita maiz gertaeren artean. Kausen bila hasten gara. Inguratzen gaituen munduan gertaera batzuek beste batzuk sorrarazten dituzte. Norbaitek mozkorra harrapatu badu, gehiegi edan duelako izan daitekeela pentsa genezake. Mozkorra harrapatzea eragin duena alkohol gehiegi edatea da: bata ondorioa da, bestea eragilea. Erlazio honen berri emateko hizkuntzak baditu baliabideak. Horrela, perpaus berezien bidez eman daiteke erlazio horren berri: baldintza perpausen bidez, kausazkoen nahiz kontzesiboen bidez, esaterako. Nolanahi ere, bakoitzean kausa-ondorio erlazio hori ikuspegi berezi batetik ikus daiteke.

Gertaera baten eragilea izan daiteke kausa fisiko bat (mailua erortzeak kristala haustea eragin dezake), baina baieztapen edo adierazpen baten eragilea ez da nahi eta ez zerbait fisikoa, uste bat izan daiteke, burutazio bat. Arrazoiak, justifikazioak eta holakoak ere ondorio baten eragile gisa aurkez ditzakegu. Eta eragile horiek denak kausa perpaus gisa eman daitezke.

Ondorio eta helburu perpausetan ere aditzera eman daiteke eragile-ondorio erlazio hori, baina oraingoan eragileari erreparatu beharrean ondorioari berari erreparatzen dio perpausak. Hizkuntzak baliabide ugari ditu kausa-ondorio erlazio hori aditzera emateko.

  • [Gehiegi edan duelako] harrapatu du mozkorra. → kausa
  • [Gehiegi edaten baduzu], mozkorra harrapatuko duzu. → baldintza
  • [Gehiegi edaten badu ere], ez du sekula mozkorrik harrapatu. → kontzesioa

[Gehiegi edan duelako] harrapatu du mozkorra perpausean, ondorioa eragin duen kausa aipatzen da (gehiegi edatea, alegia). [Gehiegi edaten baduzu], mozkorra harrapatuko duzu perpausean, berriz, kausa hori berori hipotesi gisa eskaintzen zaigu, baldintzazko perpaus gisa (gehiegi edaten baduzu). Hirugarren adibidean, kausa-ondorio inplikazio hori ukaturik ematen da: ohikoa litzateke gehiegi edanez gero mozkorra harrapatzea, baina [Gehiegi edaten badu ere], ez du sekula mozkorrik harrapatu perpausean inplikazio hori ez da betetzen, ukaturik ematen zaigu. Hori da perpaus kontzesiboek egiten dutena.

Ondorioa

Aldiz, helburuzko perpausak eta ondoriozkoak ondorioari begira daude. Baina ondorio hori modu desberdinean ikusten dute batzuek eta besteek. Helburuzko perpausek berariaz bilatzen den zerbait bezala aurkezten dute ondorioa:GOAZEN DENOK DANTZARA!

  • Edan egiten du [penak ahazteko].

Berariaz bilatutako zerbait izateak esan nahi du subjektu egile bat (borondatea duen egile bat) izango dugula.

Ondoriozkoek, aldiz, gauzak beste modu batera aurkezten dituzte: ez berariaz bilatutako ondorio gisa, halabeharrez gertatutako zerbait bezala baizik:

  • Hainbeste edan zuen, [non egundoko mozkorra harrapatu baitzuen].

Bestalde, Edan egiten du [penak ahazteko] perpausean ez dakigu egiatan ondorioa betetzen den ala ez, ez dakigu zurruteroak benetan penak ahaztea lortzen duen. Hainbeste edan zuen, [non egundoko mozkorra harrapatu baitzuen] perpausean, berriz, mozkorra benetakoa izan zen.

Kausa eragilea

Bost perpaus mota horiei erreparatuta, garbi dago zein izango diren kausa-perpaus deitzen ditugun horiek: eragile-ondorio erlazio horretan eragilea hartzen dutenak kontuan. Baina eragile hori bere horretan aurkeztuz, ez hipotesi modura (baldintzazkoetan bezala) ez eta, erlazio hori ukatuz (kontzesiboetan gertatzen den bezala). [Gehiegi edan duelako] harrapatu du mozkorra perpausaren tankerakoak, hortaz.

kakotxa Kausa perpausek ondorio jakin bat eragiten duen kausa biltzen dute kakotxa

Kausa perpausek ondorio jakin bat eragiten duen kausa biltzen dute. Hortaz, perpaus hauetan ‘kausa’, ‘eragile’ gisa ulertu behar da. Eragile hori eragile fisiko gisa aurkeztuko da ([Ardo gehiegi edan duelako] mozkortu da), nahiz azalpen gisa (hurrengo sei adibideetan). Honako perpaus hauek guztiak gramatiketan kausazkotzat hartzen dira:

  • [Ardo gehiegi edan duelako] mozkortu da.
  • Goazen guztiok dantzara, [azken eguna da eta].
  • Ohera noa, [oso nekatuta bainago].
  • [Krediturik eman nahi izan ez didazunez gero], beste banku batera joango naiz hemendik aurrera.
  • [Lan handiarekin zebilenez], etxetik irten ere ez zen egiten.
  • [Nola pazientzia gutxi duen], berehala ateratzen da bere onetik.
  • Isildu zaitez, mesedez, [zeren buruko mina ematen baitidazu].

Kausa eragile hori adierazteko, hortaz, bide bat baino gehiago dago. Forma batzuk elkarren baliokide dira. Beste batzuek, ordea, bere nortasuna dute eta beren debekuak ere bai.

Laburbilduz

Horrenbestez, bat baino gehiago dira gertakarien arteko ‘kausa-ondorio’ erlazioa aditzera ematen duten perpaus motak, edota erlazio hori oinarri dutenak. Gogora ditzagun hemen:

  • Kausazko perpausek perpaus nagusiko gertakaria eragin duen kausa seinalatzen dute:
    • Euria egin duelako datoz ibaiak haziak.Euria egin duelako Deba ibaia hazita dator
  • Baldintzazkoak ere erlazio horren gainean eraikiak izan daitezke, gertakari eragilea hipotesi moduan aurkeztuta:
    • Euria egiten badu, ibaiak haziko dira.
  • Kontzesiboek kausa gauzatu dela esan bai, baina hark iradokitzen duen ustezko ondorioa bete ez dela adierazten dute:
    • Euria egin badu ere, ez dira ibaiak hazi.
  • Helburuzko perpausek, berriz, aurrera begiratu eta lortu nahi dena seinalatzen dute perpaus nagusiko gertakariaren eragile modura, xedea dela haren kausa:
    • Errieta egin nien haurrei, isil zitezen.
  • Ondoriozkoek ere aurrera begiratzen dute, perpaus nagusiko gertakariak eragin duen ondorioa seinalatuz:
    • Halako euri jasa egin zuen, non ibaiak hazita baitzetozen.

Kausa-ondorio erlazioan oinarritzen dira, bada, perpaus horiek guztiak, zein bere modura bada ere. Ikusten den moduan, kausazkoek, baldintzazkoek eta kontzesiboek erlazioaren lehen elementuari begiratzen diote, kausari (‘euria egin’), baina baldintzazkoekhura hipotesi moduan aurkezten dute (‘egiten badu’) eta kontzesiboek, esan bezala, haren betetzeak iradokitzen duen ondorioa ukatzen dute (‘euria egin du’, bai, baina…). Helburuzkoek eta ondoriozkoek, berriz, bigarren elementuari begiratzen diote, ondorioari; helburuzkoek hura xede gisa seinalatuta (‘haurrak isiltzea’) eta ondoriozkoek gauzaturiko gertakari moduan aurkeztuta (‘ibaiak haziak etortzea’).

Kausazko perpausak eta helburuzkoak

Aipatutako perpaus horietan guztietan kausazkoak eta helburuzkoak dira elkarrengandik hurbilen daudenak. Gertakariaren kausa adierazten dute biek, baina ez datoz bat kausa hori aurkezteko moduan.

  • Kausazkoek atzera begirako ikuspegia dute, gertakari nagusia eragin duena haren aurretik –edo, artean irauten badu, aldi berean– kokatzen dute eta, hortaz, gauzatutzat ematen:
    • euria egin duelako datoz ibaiak haziak → gertakari nagusia eragin duena gauzatutzat ematen da ‘euria egin du’
  • Helburuzkoak, berriz, prospektiboak dira; gertakari nagusitik aurrera begiratzen dute, subjektu egileak duen xedea haren eragile gisa aurkezten dute, hura gauzatu denik esan gabe.
    • Errieta egin nien haurrei, isil zitezen → ez da esaten ‘haurrak isildu diren’, baina helburu hori lortzea da errieta egitearen kausa edo eragilea

Aldeak alde, ordea, ezaugarri berdinak ere badituzte kausazko eta helburuzko perpausek, biak ere kausaren adierazle direnez. Hasteko, biak izan daitezke zergatik? galderaren erantzuna:

  • Zergatik mugitu duzu aulkia?
  • - Traban zegoelako ~ Trabatik kentzearren

Bestalde, juntaturik ere ager daitezke:

  • Dirua behar duelako eta gurasoen nahia betetzearren hasi da lanean.
  • Ez da kontzertuetara joaten musika maite duelako, bere burua agertzeagatik baizik.
  • Gaur goiz etxeratu da, edo nekatua zegoelako edota, beharbada, telebistan futbol partida ikusteko.

Eta, are gehiago, forma gehienetan bereiz badira ere, -tzeagatik eta -tzearren formetan bat datoz, forma ‘motibatibo’ horiek kausazko nahiz helburuzko perpausak era baititzakete, aurrerago ikusiko den moduan:

  • Ilunpean ibiltzeagatik {erori da ~ itzali du argia}.

Kausazko perpausak aztertuko dira kapitulu honetan, helburuzkoak beste kapitulu baterako utzita. Aipatu ditugun beste perpaus motak, berriz, zein bere lekuan aztertzen dira.

Erreferentziak

  • Aguirre (1906): Kresala, Durango, 1906.
  • Aguirre Asteasukoa (1850): Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak I, II, III, Tolosa 1850 (facsimilea, Donostia, 1978).
  • Alkain, I. (1981): Gerrateko ibillerak-I (I) (ed. Zavala, Antonio), Tolosa, 1981.
  • Altube, S (1929): Erderismos, Bilbo-Donostia, 1929.
  • Altuna (1927): Ipuñak, Bilbao, 1927 (Oscar Wilderen ipuinen itzulpena).
  • Amuriza (1983): Hil ala bizi, Donostia, 1983.
  • Anabitarte 1958: Poli. Mutil umezurtz baten ibillaldiak, Zarautz, 1958.
  • ————- (1961): Aprika-ko basamortuan, Zarauz, 1961.
  • Añibarro (1803): Lora sorta espirituala, ta proposito santuac vicitza barri bat eguiteco, Tolosa, 1803.
  • Arbelbide (1895): Igandea edo Jaunaren eguna, Lille, 1895.
  • Arejita (1985): Euskal Joskera, Bilbao, 1985.
  • Arrese (1952): Olerki berrizte, Zarautz, 1952.
  • Arrese Beitia (1900): Ama Euskeriaren liburu kantaria, Bilbao, 1900.
  • Arrue (1868): Santa Genovevaren vicitza antziñaco demboretaco condairen ederrenetaco bat, Tolosa, 1868.
  • Atxaga (1985): Bi anai, Donostia, 1985.
  • ——— (1988): Obabakoak, Donostia, 1988.
  • ——— (1991): Behi euskaldun baten memoriak, Iruñea, 1991.
  • ——— (1994): Gizona bere bakardadean, Iruñea, 19944.
  • ——— (1998): Groenlandiako lezioa, Donostia, 1998.
  • Axular (1643): Güero, Bordele, 1643.
  • Azkue (1896): Parnasorako bidea, Bilbo, 1986 (faksim. Donostia, 1979).
  • Azkue (1893): Bein da betiko, Bilbao, 1893.
  • ——– (1923-1925): Morfología Vasca, Bilbao, 1923-1925.
  • Azkue (1925): Asis’tar Prantzisko Donearen bizitza, 1925
  • Baratciart (1784): Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea, Baiona, 1784.
  • Barbier (1924): Supazter chokoan, Baiona, 1924.
  • ——– (1931): Légendes du Pays Basque, Paris, 1931 (faksimilea, Donostia, 1983).
  • Berria, Andoain.
  • Berrondo (1977): Don Kijote Mantxako, Zarautz, 1977. Bilbao 1959: Félix Bilbao, Ipuin-Barreka, Bilbao, 1959.
  • Cardaberaz (1761): Eusqueraren Berri Onac, Iruñea, 1761.
  • Cerquand (1985): Ipar euskal herriko legenda eta ipuinak (ed. nuntxi Arana; 1874tik 1885era idatzitako ipuinak).
  • Chourio (1720): Jesu-Christoren Initaciona, Bordele, 1720.
  • Dassança (1692): Laborarien abisua, 1692 (Revista Internacional de los Estudios Vascos, 1908; 585-600).
  • Davant (1986): Iparraren bila, Donostia, 1986.
  • De la Fuente (1984): Durangoko plateroak, Durango, 1984.
  • De Rijk (1998): “Focus and Quasifocus in Basque Negative Statements”, De Lingua Vasconum: Selected Writtings, UPV-EHU, Bilbo, 1988 (421-433).
  • ———- 2008: Standard Basque. A Progressive Grammar, The MIT Press, Cambridge, 2008.
  • DRA: Manuel de la Sota, Pierre Lafitte, Lino de Akesolo, Diccionario Retana de autoridades de la lengua vasca, Bilbao, 1976-1989 (Ed. La Gran Enciclopedia Vasca).
  • Duvoisin (1857): Dialogues basques, Londres, 1857.
  • ———— (1858): Bible Saindua, edo Testament Zahar eta Berria, London, 1972 (Faksimil. La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao).
  • ———- (1858): Laborantzako liburua edo bi aita semeen solasak laborantzaren gainean, Baina, 1858 (faksim. Donostia, 1978).
  • Echeita (1909): Josecho, Durango, 1909.
  • EGLU: Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I-VII, Euskaltzaindia, Gramatika Batzordea, Pamplona, Bilbao, 1985-2011.
  • Elissamburu (1888): Piarres Adame, Pau, 1888.
  • ————— (1978): Poesías, (ed. A.M. Labayen, Elizanburu. Bere bizitza ta lanak, Donostia, 1978.
  • Elissamburu (1890): Framazonak (bigarren edizioa).
  • ————- (1890): Frantziako hirur Errepubliken ichtorioa laburzki, Baiona, 1890.
  • Erkiaga (1958): Arranegi, Zarautz, 1958.
  • ——— (1962): Batetik bestera, Zarauz, 1962.
  • Etxaide (1955): Joanak-joan. Piarres Topet Etxahun Barkoxtar koblariari buruz egin eleberria, Zarautz, 1955.
  • Etxaniz (1958): Euskal antzerkiak. Kontu-kontari, Zarauz, 1958.
  • ——— (1967): Lur berri billa, Donostia, 1967.
  • Etxebarria (1967): Ibiltarixanak, Zarautz, 1967.
  • Etxeberri Sarakoa (1712): Eskuararen hatsapenak, in Obras vascongadas del doctor labortano Joannes d’Etcheberri, con una introducción y notas por Julio Urquijo, Paris, 1907.
  • Etxeberri Ziburukoa (1669): Manuel devotionezcoa I, Bordele, 1627 (2. ed. 1669; facsimilea, Donostia, 1978).
  • ——- (1697): Noelac eta berce canta espiritual berriac, Baiona, 1697.
  • Etchepare (1910): Buruchkak, Lekorne-Aldude, 1910.
  • ——- (1931): Beribilez, Baiona, 1931.
  • Garate (1984): Izurri berria, Donostia, 1984.
  • —— (1985): Esku leuna, Donostia, 1985.
  • Garzia (2014): Esaldiaren antolaera. Funtzio informatiboa gako, Bilbo, 2014.
  • GDLE (1999): Gramática descriptiva de la lengua española (dirigida por Ignacio Bosque y Violeta Demonte), Madrid, 1999.
  • Goyhetche (1852): Fableac edo aleguiac Lafontainenetic berechiz hartuac, Baiona, 1852 (faksim. Donostia, 1978).
  • Haraneder (1750): Gudu izpirituala, Tolosa, 1750.
  • Hiriart-Urruty (1971): Mintzaira. Aurpegia. Gizon, Donostia, 1971 (1892tik 1912ra bitartean idatzitako artikuluen bilduma).
  • —– (1972): JZezenak errepublikan, Donostia, 1972 (1892tik 1912ra bitartean idatzitako artikuluen bilduma).
  • Hiribarren (1853): Eskaldunac. Iberia, Cantabria, Eskal-Herriak, Eskal-Herri bakhotcha eta hari darraicona, Baiona, 1853 (faksim. Donostia, 1979).
  • Iraola (1962): Oroitzak ta beste ipui asko, (ed. A. Zavala, Tolosa, 1962. Baserritarra-n 1906tik 1908ra argitaratutako lanak).
  • Iturriaga (1842): Diálogos basco-castelllanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa, Hernani, 1842 (faksim. Donostia, 1978).
  • —– (1842): Fábulas y otras composiciones en verso vascongado, San Sebastián, 1842 (ed. Auspoa, Tolosa, 1967).
  • Jauretche (1840): Meditazoneac urtheco ebenjelioen gainean, egun guzietaco, eta Jesu-Christo gure Jaunaren, Birjina sainduaren eta Sainduen bestetaco, Baiona, 1840.
  • JKBO (1974): Jesu Kristoren Berri Ona, Belloc-Urte, 1974 (ed. Ezkila).
  • Joannategi (1890): Sainduen Bizitzea. Lehen zatia, Baiona, 1890.
  • Kirikiño (1930): Bigarrengo Abarrak, Amorebieta, 1930.
  • Labayen (1977): Teatro osoa euskeraz, Bilbao, 1977.
  • Lafitte 1945: Murtuts eta bertze… Artho churitzetako zonbait ichtorio chahar, Bayonne, 1945.
  • —— 1962: Grammaire basque (Navarro-Labourdin littéraire), Bayonne, 1962.
  • Laphitz 1867: Bi saindu hescualdunen bizia. San Inazio Loiolacoarena eta San Franzizco Zabierecoarena, Baiona, 1867 (faksimilea, Donostia, 1978).
  • Lardizabal (1855): Testamentu berriko kondaira edo historia, Tolosa, 1855.
  • Larreguy (1775-1777): Testamen çaharreco eta berrico historia, Baiona [I] 1775; [II] 1777 (faks. Donostia, 1978).
  • Leizarraga (1571): Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria, La Rochelle, 1571.
  • Lertxundi (1973): Goiko kale (Irun, 20002).
  • Lhande (1926-1938): Dictionnaire basque-français, Paris, 1926-1938.
  • MarIl: Andre-dena Mariaren ilhabethea, Baiona, 1838.
  • Materre (1617): Doctrina Christiana. Esteve Materre San Franciscoren ordenaco Fraideac eguina, Bordele 1617 (Bordele, 16232).
  • Mendiburu (1982): Mendibururen idazlan argitaragabeak (Patxi Altuna ed., Bilbao, 1982).
  • Mirande (1976): Miranderen idazlan hautatuak, Bilbao, 1976.
  • Mitxelena 1972: Mitxelenaren idazlan hautatuak (Patxi Altuna ed.), Bilbao, 1972.
  • —– (1988): Euskal Idazlan Guztiak, Zarautz, 1988.
  • Moguel (1803): Confesino ona, Vitoria, 1803.
  • Moguel (1816): Baserritar nequezaleentzaco escolia edo icasbidiac, guraso justu, ta jaquitun familija ondo azi ebeenen exemplu ta eracutsijetan, Bilbao, 1816.
  • Narbaitz, P. “Ardoy” (1966): San Frantses Jatsukoa, San Sebastián, 1966.
  • Ochoa de Arin (1713): Doctrina Christianaren explicacioa Villa Franca Guipuzcoaco onetan euscaraz itceguitendan moduan, Donostia, 1713.
  • Ortiz de Urbina (2003): “Ezezko perpausetako fokoak (galdegaiak eta ukagaiak”, Gramatika gaiak, Iker 14, Euskaltzaindia, Bilbo, 2003 (343-356).
  • Oxobi (1966): Oxobi-ren lan orhoitgarri zonbait, Bayonne, 1966.
  • Pello Errota (1963): Pello Errotak jarritako bertsoak, (ed. A. Zavala, Tolosa, 1963).
  • Pouvreu (1664): San Frances de Sales Genevaco ipizpicuaren Philotea, Paris, 1664.
  • RAE (2009): Nueva gramática de la lengua española, Madrid, 2009.
  • Ramirez de Okariz (1994): Oñati, gure herria, Oñati, 1994.
  • Salaverria (1964): Neronek tirako nizkin, Tolosa, 1964.
  • Soroa (1884): Au ostatuba! jostirudia euskerara moldatuba…, Donostia, 1884 (ed. A. Zavala, Tolosa, 1962).
  • Txillardegi (1957): Leturiaren egunkari ezkutua, Bilbao, 1957.
  • Ubillos (1785): Cristau doctriñ berri-ecarlea, Tolosa, 1785 (faksim. Donostia, 1978).
  • Uriarte (1857): Dialogues basques (bizkaieraz, ed. L. L. Bonaparte, Londres, 1857).
  • Uztapide (1975): Lengo egunak gogoan, Tolosa, 1975.
  • ——- (1976): Sasoia joan da gero, Tolosa, 1976.
  • Villasante (1962): Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa, Oñati, 1962.
  • ——- (1976): Sintaxis de la oración compuesta, Oñate, 1976.
  • —– (1986): La oración causal en vasco, Oñate, 1986.
  • Xalbador (1976): Odolaren mintzoa, Tolosa, 1976.
  • Zaitegi (1961): Platon’eneko atarian, San Sebastián, 1961.
  • Zerbitzari (1985): Azkaine gure sorterria (Piarres Charritton ed.), Donostia, 1985.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3