Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:5:2

(edo) hobeto/hobeki

(edo) hobeto/ hobeki birformulatzaileen bidez, aurreko enuntziatuaren segmentu bat edo enuntzitua bera —osoa edo zati bat— desegoki jotzen du esatariak, edo ez behar bezain egokia, eta aldatu edo zuzendu egiten du. Zuzenketa horretan, lehen segmentu horren ordez, beste bat sartzen du, egokiagoa edo zehatzagoa:

  • Era berean, de Gomme Gosporten garai berean egindako lan garrantzitsuen arduraduna izan zen. Harresien (edo, hobeto, hiri “zaharreko” harresien) barruan zegoen Portsmouthen eremua nahikoa izan zen 1495era arte, Henrike VII.ak Mill Pondetik harago errege-ontziola independente bat eraikitzea agindu zuen arte; orduan, Portsmouthen bigarren nukleo historikoa sortu zuen. (Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Anthony Edwin James Morris)

Markatzailearen bidez enuntziatu osoak nahiz enuntziatu zatiak uztartu daitezke. Atal horiek, kategoriari dagokionez, askotarikoak izan daitezke: izenak, adjektiboak, izenlagunak, aditzak…

Formaren zuzenketa

Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, adierazia zuzentzen da: edukia nahiz erreferentzia; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

Formaren zuzenketaren adibidea:

  • Hormen estradosa drainatzeko (eraikinaren oinarriko eraikuntza-elementu guztiak inguratu behar dira), lehenengo, kanpoaldea geotestilezko xafla batez iragazgaiztu, eta, xaflaren eta hormaren artean, hormari atxikirik, “arrautza-ontzi” deritzon xafla drainatzaile noduludun bat jarri ohi da. Sistema hori osatzeko, legar edo -hobeto- hartxintxar drainatzailez betetzen da hormaren kanpoaldea; ura, hala, behealdeko drain bateraino iragazten da. (Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak, Arizmendi Barnes, Luis Jesús, EHU)

Forma, hots, adierazlea zuzentzen da adibide horretan. Zuzenketa horrek ez du aldatzen edukia, ezta erreferentea ere. Elkarren sinonimotzat jo daitezke bi segmentuak; esatariak bigarrena hobesten du baina.

Edukiaren zuzenketa

Edukiaren zuzenketa era askotakoa izan daiteke:

  • 1) Erreferentearen zuzenketa partziala;
  • 2) Erreferentearen zuzenketa osoa;
  • 3) Enuntziatuaren zuzenketa partziala;
  • 4) Enuntziatuaren zuzenketa osoa.

Zuzenketa mota bakoitzaren adibide bana emango dugu segidan:

  • Espainia da arima bat agonian dagoena (“agon” edo borroka unamunotarrean), kristautasuna bezalaxe; arima espainolaren esentzia, harentzat, kristautasunaren esentzia baino ez delako beharbada. Katolikotasunarena, hobeto. Katolikotasunean Unamuno faszinatzen duena irrazionaltasuna da -eromena- eta ideal baten infinitua. Hori da berak Cervantes-en obran ere irakurtzen duena. Unamuno-k Erdi Aroaren nostalgia sentitzen du; higuin ditu “los hidalgos de la Razón” - modernitate zientifikoa, kritikoa. Saio horretan bere asmoa da “xxxx” - eromenaren erreskatea (ez derrigor idealismoarena: fanatismoa eta intolerantzia ez da gutxiago ospatzen). (Espainiaren arimaz, Azurmendi, J.)

Adibide horretan, atal birformulatzaileak ez du erabat baliogabetzen lehen enuntziatuko erreferentea (kristautasuna), erreferente zehatzago bat adierazten du. Hots, hiperonimia/hiponimia erlazioa dago bi unitate lexikoen artean. Kontzeptu orrokorretik zehatzera doa esataria.

  • Aukeran dauden arauen artetik ebolutiboki egonkorra zein izango den, ereduaren helburua da hori aurkitzea. 4. Emeek askatasun bera dute beren arau propioak garatzeko. Haien kasuan, arrak propagandaren sendotasunaren arabera aukeratzen dituztenez, aukeraketari buruzkoak dira arauak (gogoratu emeek, edo, hobeto, emeen geneek ezin dutela arren kalitatea arrek bezala zuzenean hauteman). (Gene berekoia, Richard Dawkins / Eider Carton)
  • Hegelek Rousseaurekin, Montesquieurekin (ikus The Spirit of the Laws, XIX, 4 eta hur.) eta Herderrekin bere Nazioaren Espirituan duen zorra begi-bistakoa da. Spinozarekin dituen harremanak beste era batekoak dira. Hegelek garrantzi handiko bi ideia hartzen ditu edo, hobeto, egokitzen ditu Spinoza deterministarengandik. (Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta)
  • Horrela, zaila da gizabanako bakoitzarentzat ia norbere natura bilakatu den heldugabetasun horretatik irtetea. Hartara ohituta, gustu hartu dio, eta ezinezkoa zaio jada bere ulermena erabiltzea, ez baitzaio inoiz laga hura erabiltzen. Dogmak eta formulak, bere dohain naturalen erabilpen — edo, hobeto, deserabilpen— arrazionalerako instrumentu mekanikoak, bere behin betiko heldugabetasunerako oin-bilurrak dira. (Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal)

Erabat baliogabetzen da lehen enuntziatua aurreko adibidean. Antonomia-erlazio semantikoa dago erabilpen eta deserabilpen unitate lexikoen artean, eta erlazio hori dela bide baliogabetzen da lehen enuntziatua.

Inferentziaren zuzenketa

Inferentziaren zuzenketaren adibidea da honako hau:

  • Duela hamabost edo hogei orri aipatu dizuedan enkontrua zen hau, eta kontu horren gainean hitz egiteko unea iritsi den honetan, lotsaz gaixotzen naiz gure artean gertatu zenaren oroitzapenarekin. Pertsona hura, edo, hobeto, arazo deitzea nahiago dudan gauza hura, batek daki nongo leize barrenetatik azaleratutako izaki amesgaiztozko hura, hogeita hamar urteko UPSko mandatari baten mozorroarekin zebilen, eta gorputz gihartsu eta sasoikoa eta begirasun haserretua ageri zituen. Ez, ez da zuzena haserrea hitza nik haren aurpegian ikusi nuena azaltzeko. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)

Lehen enuntziatuan, egitura neutroa edo konnotaziorik gabea erabili du hiztunak: pertsona hura. Hortik ondoriozta daiteke esatariak ez duela inolako jarrerarik (ez aldekorik ez kontrakorik) hizpide duen pertsonaren inguruan. Atal birformulatzailean, ordea, hiztunak argi erakusten du zer jarrera duen pertsona horrengana, eta ez da erabat neutroa, kontrako jarrera edo iritzia erakusten du.

Birformulatzailea atal birformulatzailearen hasieran agertzen da gehienetan, aurrean edo juntagailua duela; hala ere, gutxiago baina atal birformulatuaren atzean ere ager daiteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "(edo) hobeto/hobeki", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3