Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:5:4

barkatu, barka

Oro har, barkatu/ barka ez da izaten diskurtso-markatzailea. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegian:

  • barka eskatu, barka eska, barka eskatzen du ad. Barkamena eskatu. Lehenengo, Jainkoari barka eskatu. Barka eskatu behar du.
  • barka eske adb. Barkamena eskatuz. Nire jokabideaz damututa, barka eske natorkizue. Zeruko barka eske ari dira, noiz arte ez dakitela.

Birformulatzaile gisa erabiltzen denean, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da, edukia zuzentzeko eta hobetzeko.

Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, edukia zuzentzen da; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

Formaren zuzenketa

Formaren zuzenketa ikusten dugu hemen:

  • BEATRIZ.- San Francisco ezagutzeko gogoa dut. Izan al zara sekula San Franciscon?
    GORKA.- Behin baino gehiagotan. Hango zubia, hango kaleak, hango ikuskizunak…
    MIKEL.- Marikoi asko… Barkatu, homosexual asko omen dago san Franciscon. ( Goenkale)

Adibide horretan, aurretik esandako hitz bat zuzentzeko sartu da barkatu, ustez beste hitz egokiago batez ordezkatzeko.

Edukiaren zuzenketa

Edukia hiru modutan zuzen daiteke barka(tu) birformulatzailearen bidez:

  • 1) erreferenteren zuzenketa partziala
  • 2) enuntziatuaren zuzenketa partziala
  • 3) enuntziatuaren zuzenketa erabatekoa

Ikus ditzagun zuzenketa horiek banaka adibide hauetan:

  • JULIA- Eta niri ere iruzurra egin balidate?
    AGURTZANE.- (irribarre tristez) Nola izan zintezke hain zinikoa? Ba al dakizu nor gogorarazten didazun? Nire senar maitea. Barkatu, senar ohia. Ez zarete ba elkar hartuta arituko berriz ere? ( Goenkale)
  • MARIA LUISA.- Zer tokatzen zait, pagatzea ala ordaintzea? (Konturatu da nahastu egin dela) Barkatu, ordaintzea ala kobratzea esan nahi nuen. ( Goenkale)
  • Gazako kokagune guztiak bertan behera uzteko asmoa duela helarazi zion atzo Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Haaretz egunkariari. «Gazan dauden hamazazpi kokaguneak desegiteko plana prestatzeko agindua eman dut», adierazi zuen. «Nire asmoa da kokaguneak bertan behera uztea, barkatu, beste leku batean berrezartzea; arazoa dira guretzako eta behin betiko bake hitzarmena adosteko gauden leku horietatik joan beharko ginateke», zehaztu zuen lehen ministroak. ( Berria)

Atal birformulatzaileak erabat baliogabetzen du birformulakizunean emandako informazioa. Aurreko adibidean, esaterako, esatariaren benetako asmoa kokalekuak lekuz aldatzea da, eta ez suntsitzea.

Inferentziaren zuzenketa

  • MINTZATU DA. Erregea mintzatu da astelehen arratsaldean. Barkatu, ez omen dugu erregerik. Presidentea da mintzatu, Nicolas Sarkozy. (Herria)

Lehen enuntziatutik inferentzia bat ateratzen da, hau da, Frantzian errege bat dagoela: (erregea mintzatu da astelehen arratsaldean); baina atal birformulatzaileak zuzendu egiten du inferentzia hori.Nicolas Sarkozy, Frantziako presidente ohia

Esapide honek beste balio batzuk ere baditu. Atal zuzentzailearen bidez azaltzen da, birformulakizunean zer eman nahi izan den aditzera:

  • Eta 2008an euskal selekzioak urratsak egiten jarraituko du linborantz, barkatu, ofizialtasunerantz. ( Berria)

Markatzaile honen bidez, autobirformulazioak ez ezik (esatariak bere burua zuzentzen du) heterobirformulazioak ere gauza daitezke (entzuleak edo mezuaren hartzaileak zuzentzen du enuntziatua):

  • NEKANEk ez du erantzuten.
    KOLDO.- Naroarekin ondo zaudela esan didazu…
    NEKANE.- Inoiz eduki dudan bikotekiderik onena da. Zorte handia daukat berarekin.
    KOLDO.- Barkatu, “bigarren” bikotekiderik onena esan nahiko duzu…( Goenkale)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "barkatu, barka", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3