Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:5:5

bestela esanda

bestela esanda birformulatzaile esplikatiboa izaten da gehienetan, baina batzuetan zuzentzailetzat jo daiteke (nahiz eta halakoetan zaila den bi balioak —esplikatiboa eta zuzentzailea— guztiz bereiztea):

  • Eta heldu zion Gerardok Nataliari gerritik; ahalegindu zen mutila Natalia eramaten, pausoz pauso, berak zekien bezala… baina alferrik, Gerardok emandako pauso bakoitzari Nataliak bere balazta ezartzen baitzion: hots, bere kontrapausoa; kontrapauso haiek, haatik, ez ziren guztiz kontrakoak -bai norabidean, ez magnitudean-, edo, bestela esanda, mugimendu eta kontramugimendu haiek ez ziren, neurriaz denaz bezainbatean, simetrikoak, […]. (Bestea da mundua, Irigoien, J. M.)
  • Atea zabaldu nionean irribarrea behartu zuen, indargea, bizi gabea. Besarkatu nuenean, oraindik senti dezaket, besoen artean eroriko zitzaidala pentsatu nuen, gorputz osoak dar-dar egin ziola begitandu zitzaidan. Ez zen Sofia. Edo, bestela esanda, ez zen hilabete batzuk lehenagokoa. Ez. Ezkon bizitzaz mintzatzen hasi zitzaidan, poz antzera. Baina ez zidan begietara begiratzen. Ez zuen adorerik. Lotsa zen. Nire ahizpak ezin zidan begietara so egin, nire aurrean lotsa zelako! Berehala lotu nuen egoera senarrarekin, eta ez nuela gezurrik entzun gura esan nion: “Niri kopla gutxi, Sofia! ”. (Zureak egin du, Iñaki Friera)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bestela esanda", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3