Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:5:6

egia esan (egia esanda...)

egia esanda markatzaile hau ez da beti birformulatzailetzat hartu. Horren adibide, a decir verdad gaztelaniazko ordaina, enuntziazio-operadorea da Fuentesen 1 arabera, ez birformulatzailea.

  • Gorroto ditu Patriciaren lagunen inguruko eztabaidak. Bere lagunak sakratuak dira. Patriciarekin dituen eztabaida guztiak gorroto ditu, egia esanda. (Sua falta zaigu, Katixa Agirre)

Zuzenketa edukiari

egia esanda birformulatzailearekin —beraren eduki semantikoagatik— ez dugu adierazleari (formari) eragiten dion zuzenketarik aurkitu; bai, ordea, adieraziari (edukiari, erreferentziari) eta inferientziei dagokiena. Zuzenketa hori ezberdina izan daiteke:

  • 1) Adieraziaren edukiaren zuzenketa partziala
  • 2) Adieraziaren edukiaren zuzenketa erabatekoa
  • 3) Adieraziaren erreferentziaren zuzenketa partziala

Ikus horietako bakoitzaren adibide bana:

  • GIZONA.- Zer moduz hanka hori, Eusebio?
    EUSEBIOk bere herrena eta min aurpegia areagotu egingo ditu.

EUSEBIO.- Ondo ez. Egia esan, gero eta okerrago. Martxa honetan baja hartu beharko dut. ( Goenkale)

  • Txosnara joan eta tea ez eze, te ontzia ere eskatu die, geuk prestatzeko, erritual osoa betez: sua piztu, ura bota, te-belarra sartu, edalontzira tea isuri eta atzera ere ontzira, horrela behar beste, tea ondo nahastu arte. Herriko neska-mutikoek barrez begiratzen diote afrikarkerietan ari den zuriari. Durangoko Bakintharen lagunak ere ikusi ditugu, zain genituen egia esan. (Afrika Express, Urrutikoetxea, U.)
  • Babiloniar eta greziarren artean, baita Zelanda Berriko maorien artean ere - egia esateko, mito kosmologikoak asmatzen dituzten herri guztien artean -, narrazioak aurkitzen ditugu, gauzen hasieraz ari direnak eta Unibertsoaren egitura beronen sorreraren historia azalduz ulertu edo esplikatu nahi dutenak. (Ezagutza objektiboa, Karl Popper / Alberto Gabikagojeaskoa)

Birformulatzailea ez denean

Gure corpuseko adibide gehienetan enuntziazio-operadorea da egia esan, birformulatzailea. Operadorea daraman diskurtso-atala egiazkotasunagatik nabarmentzen da aurretik esandakotik. Operadorea dagoen atalean adierazitakoa egia dela baieztatzen du esatariak. Aurreko unitatearekin aurkakotasunean dagoenean, baieztapen horrek zuzenduz birformulatzen du aurreko atalean esandakoa:

  • Lehenengo egunetik bertatik errezelak egin behar izan genituen; egia esan, ez dute izen hori merezi, trapu zati batzuk baizik ez baitira, ez formaz, ez kalitatez ez marrazkiz elkarren antzik ez dutenak. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
1 Diccionario de conectores y operadores del español, 2009: 25-6

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "egia esan (egia esanda...)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3