Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:5:7

hobeto/hobeki esan

hobeto esan eta (edo) hobeto/ (edo) hobeki baliokideak dira. Are gehiago, pentsa liteke lehenengotik eratorri dela bigarrena: hobeto esan > (edo) hobeto. Birformulatzaile honen bidez, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da. Elementu berri horrek, esatariaren iritziz, elementu ordezkatuaren edukia edo forma zuzentzen du:

  • Euskadiko lehen sindikatuak Bizkaian sortu ziren, XIX. mendearen bukaeran; geroago hedatu ziren Gipuzkoara, eta geroxeago eta garrantzi gutxiagorekin, Arabara edo, hobeto esanda, Gasteiza. (Laurak bat. Euskadi eta Nafarroa XX. mendean, Granja Sáinz, José Luis de la et al., EHU)

Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, adierazia zuzentzen da: edukia nahiz erreferentzia; partziala nahiz erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

Ikus adibide gehiago:

  • Albistea, edo hobeto esanda enkargua, edo agindua, jaso nuenean, ez nintzen sobera kezkatu. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
  • Gorde itzazu ilunpe sakonean edo hobeto, emaiezu su, filoterrorista honen arrastoak oro eraman ditzan keak, hegaka. (Patri maitea, Etxeberria, H.)
  • Konparazio batera, inkisizio garaian gure alderdiotan epaitutako sorginik gehienak, bazuten zer ikustekorik zilibitu, firulin edo danbolinarekin, eta esan dezaket, beren izen deiturak bazituzten sorgin horiek, oro har jito kastakoak zirela, edo hobeki esan, orotariko jendaje kriptikoa. (Trapuan pupua, Perurena, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hobeto/hobeki esan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3