Breadcrumb

Nested Applications

Contenido_Maquetacion_Graduak

Nested Applications

Contenido_Maquetacion_Practicum

Contenido_Maquetacion_TFG

Contenido_Maquetacion_Mugikortasuna

Nested Applications

Contenido_Ikasleak

Contenido_Maquetacion_Elecciones_2021

Contenido_Maquetacion_Intranet

Eduki publikatzailea

GURUTZE EZKURDIA, BEGOÑA BILBAO, KARMELE PEREZ URRAZA

Altza Emakumia!

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak

CATHEDRA 2022/05/12

Karmele Perez Urraza, Gurutze Ezkurdia eta Begoña Bilbao. Argazkia: UPV/EHU.

Emakume Abertzale Batza eratu zutela 100 urte bete dira maiatzaren 7an. Aitzindaritza, 1906an emakume batzuk prentsan idatzitako lehen artikuluek, bidea ireki zioten 1908an “Ropero Vasco - Euzkel Jantzitegia” antolatzeari. Geroago, 1921ean, Afrikako gerlak euskal familietan sortu zuen sarraskiari erantzuteko, “Euzkotarren aldezko JEL bazkuna” osatu zuten. Azkenik, irlandar emakumeen ereduari jarraituz, Bilboko Euzko Gaztediko emakumeek EAB eratu zuten, 1922ko maiatzaren 7an. Bildutakoek araudia aurkeztu eta onartu egin zuten, Euzko Gaztediren babesean arituko zirela adostuz. Euren pentsamendua Sabino Aranaren JEL -Jaun Goikoa eta Lagi-Zarra- leloan oinarritzen zen eta aldarri abertzalea, “Euzkadi euzkotarren aberria da” leloarekin osatu zen. Emakumeon helburuak, Euskadiren askatasun politikoa erdiestea aberriaren aldeko propaganda eginez, sinesmen katolikoa indartzea, euskara berreskuratzea, ume eta emakumeentzako hezkuntza, eta elkartasun-zerbitzuak edo giza laguntza ematea.

Egun horretan Zuzendaritza ere izendatu zuten: Karmele Errazti zuzendaria, eta Pilare Egiraun, Alike Aretxabaleta, Miren Josune Ibaseta, Kepe Gandarias, Pauliñe Ramos eta Josune Fresnedo taldekide. EABren lehen garaia laburra izan zen, 1923ko irailean amaitu baitzen Primo de Riveraren Estatu kolpearen ondorioz. Isilpean, kultura-ekintzak eta propaganda lanak egiten jarraitu zuten. Karmele Erraztiren hitzetan, “Euzko-Emakumeak ixilduta geratu ziran, baña ez ilda: beti pizkundearen begira, itxaroten” (sic).

II. Errepublikarekin batera, EAB berrantolatu egin zen. Lidergo berria Teresa Azkuek zuzendaritza hartuta, Tene Mugika, Concha Azaola eta beste batzuekin batera. Egitasmoa Gipuzkoa, Araba eta Nafarroara zabaldu zen eta hainbat herritan Batzak antolatu ziren. Bigarrenez eratu zirenean 960 kide izatetik 28.500 izatera heldu ziren.

Emakumeak gizarte eredu berriaren alde aritu ziren, hainbat ekimen eta lan bultzatuz: Euskara, euskaldunon hizkuntza izanik, EABko kideak euskaraz aritzea eskatzen zuten baita ikastera deitu ere. Euskararen aldeko konpromisoa lehen unetik agertu zuten etxean zein eskolan. Euskal sena suspertzeko Hezkuntza oinarrizkoa dela ikusiz, ume euskaldunek herriko ohiturak eta historia ezagutu eta maitatzea funtsezkotzat jo eta, 1931n antolatu zuten “Euzko Ikastola Batza”. EIBk Euskal Eskolak sortu zituen, aurrera eramateko hezkuntza proiektu alternatiboa eta berritzailea, bai hizkuntzaz, helburuz eta pedagogiaz ere. Bilboko Belostikalen egon zen Euzko Ikastola Batzaren lehen ikastola, 1932an sortutakoa. Batzan zebiltzan 35 irakasleak EABkoak ziren. Bestalde, Emakumeen prestakuntzari garrantzi handia eman zioten. Horretarako ikastaroak antolatu zituzten: euskara ikastekoak, joskintzakoak, takigrafiakoak, kontabilitatekoak; baita musika eta kantua, sukaldaritza, ingelesa, marrazketa edo erizaintza ikastekoak ere. Lanbiderako prestakuntza ere aldarrikatu zuen EABk, beste batzuen artean Gizarte Laguntzarako Eskola antolatzeko ideia azalduz.

Ekintza politikoan parte hartu zuten, Aberriaren aldeko lana eta propagandaren bidez. Horretarako hainbat ekitaldi eta mitinetan, batzokien inaugurazio ekitaldietan parte hartu zuten Haydee Agirre, Sorne Unzueta, Julene Urzelai, Polixene Trabadua eta beste mitinlari askok. “Euzkadi euzkotarren aberria da” asmoa lau haizetara zabaldu zuten, baita “Nabarra Euzkadi da” leloa ere.

1934ean EABren zerbitzu guztiak, Gizarte Laguntzako Batzorde Nagusian integratu ziren, Teresa Azkue, EABko burua zenaren ardurapean. Lehenagotik zuten gogoa, erizainak antolatzekoa, Euskal Gurutze Gorriaren araudiaren proiektua plazaratuz eta onartuz gauzatu zen. Asuncion Aburtok aurkeztu zuen, horretara Erizainen Elkartea eratu zen, Nazioarteko Elkarte Katolikoari atxiki zitzaiona.

Gerra. Erbestea. Klandestinitatea

1936ko gudak atzeragoardian lan egitera bultzatu zituen eta hemen ere, lan ikaragarria eta zeregin ausarta gauzatu zuten, “Alava sarea”k gordin-gordinean erakusten digunez. Bilbo jausita, 1937an, EABk egoitza Bartzelonako “Gure-Etxia”n jarri zuen laguntzak bideratu babes bila edo pasaporteak lortu bidean zeudenei. Bestalde, Iparraldeko EABk zubi lana egin zuen Erbesteko eta Euskal Herriko emakume afiliatuen artean. Hasieran, errefuxiatuei abegia eman eta hainbat ekintza burutu zituzten: Gabon eta haurren saskitxoetarako harpidetza sustatu, diru-batzeak, emakume errefuxiatu zerrendak osatu, tramite ofizialetan lagundu, egunkarietan emakumeei bideratutako berriak jarri, etabar. Aipagarria da Eusko Jaurlaritzako “Euzko Gexozañak” erizainek burutu zuten lan humanitarioa, gerran eta erbestealdian. Erizainek mugikortasun handia izan arren, badakigu, kasurako, “La Rosariae” ospitaleko erizain guztiak EABko militanteak zirela.

Emakume asko, familiaren ardura hartuta erbestera abiatu ziren Iparraldera edo Ameriketara. Beste batzuk, “gerrako haurrak” erbestera lagundu zituzten Frantzia, Belgika, Ingalaterra edo Errusiara eta haien hezkuntza premiei erantzun nahian, koloniak eta beste ekintza batzuk antolatu zituzten.

Gerra osteko garai gorrietan, atzerritik etxera itzuli ziren askok, ikasketa tituluak indargabetuta, egoera latzak bizi izan zituzten. Hala ere, klandestinitatean elkarri lagunduz ezkutuko lana burutu zuten ongintza, euskal hezkuntza edo euskal kultura suspertuz. Maistra batzuek, itzuli ondoren, etxe-eskolen eta ikastolen mugimendua abiatu zuten.

Aberriaren aldeko militanteak izan ziren, ongintzatik abiatuta, euskararen aldeko konpromisoa gauzatu zuten umeentzako euskal eskoletan zein emakumeen prestakuntzan. Mugimendu feminista horrek euskal emakume nazionalistak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen ondorengo belaunaldietako emakumeengan.

Orduko haziak, gaurko loriak! Eskerrik asko Emakumia!