Atzo Gipuzkoako Campusean, Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izan zen ‘Gaza: Doctors Under Attack’, nazioarteko oihartzun handia eta aurten BAFTA sari entzutetsua ere jaso duen dokumentala. EHUgunek eta Gernika-Palestina elkarteak antolatu zuten emanaldia. Ondoren Gazako osasun-sistemaren egoera eta Palestinan bizi den krisi humanitarioaren ondorioak izan dira hizpide, hala nola filmaren sorkuntza-prozesu zaila, Ben de Pear ekoizle exekutiboarekin izandako solasaldian.
Zergatik erabaki zuen BBCk horrelako lan bat ez emititzea?
‘Gaza: Doctors Under Attack’ dokumentala Euskal Herrian estreinakoz proiektatu da EHUn, Ben de Pear ekoizlearen eskutik
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/01
Emanaldia hasi aurretik,EHUguneko zuzendari Ekai Txapartegi, Gernika-palestinako kideak Ibon Meñika eta Eneko Gerrikabeitia, eta filmeko ekoizlea Ben de Pear arduratu dira ekitaldiari hasiera emateaz. Bertan, dokumentalaren testuingurua azaldu dute, bai eta proiektuaren atzean dagoen lana eta helburua ere: Gazako osasun-langileen egoera muturrekoa nazioarteko publikoari gerturatzea.
Solasaldian, Ben de Pear-ek dokumentalaren zabalkunde-prozesuan izandako zailtasunak izan ditu hizpide. Filma hasiera bateanBBC-k enkargatu zuen, baina behin amaituta, kate britainiarrak atzera egin zuen. «Urtebete baino gehiago eman genuen Israelgo armadak Gazako osasun-sisteman izan zuen inpaktua ikertzen. BBCk enkargatu zuen dokumentala eta hasiera batean onartu egin zuen. Hala ere, gobernuaren presioa jaso ondoren, ez emititzea erabaki zuen. Esan ziguten dokumental osoaren ordez hiru minutuko erreportaje bat eskainiko zutela. Gure lanak, ordea, ordubeteko iraupena zuen eta bizia, senideak edo lankideak galdu zituzten medikuen istorioak jasotzen zituen. Suminduta geunden. Azkenean, BBCrekin gatazka legal eta publiko baten ondoren, filmaren eskubideak berreskuratu genituen eta Channel 4n emititu genuen», azaldu du De Pear-ek.
Dokumentalak ondorenBAFTA saria eskuratu zuen, eta horrek eztabaida berriro piztu zuen Erresuma Batuan. Ekoizlearen hitzetan, sariaren aitortzak askoren artean galdera bera sortu zuen: zergatik erabaki zuen BBCk horrelako lan bat ez emititzea?
«De Pear: «Urtebete baino gehiago eman genuen Israelgo armadak Gazako osasun-sisteman izan zuen inpaktua ikertzen»
Filmaren helburu nagusia Gazan gertatzen ari dena lehen pertsonan erakustea dela azaldu zuen De Pear-ek. Bere esanetan, garrantzitsua da ikusleek egoera ulertzea eta bertako biztanleen errealitateaz jabetzea. Zentzu horretan, ikasleak hausnarketara bultzatu nahi izan zituen, eta laguntzeko modu konkretuak ere badaudela gogorarazi zuen, besteak beste, Gazako Al-Shifa ospitalea babesteko ekimenak.
Dokumentalaren ostean egindako galdera-erantzunen saioan, ikasleek interes handia erakutsi zuten bai filmaren edukiaren inguruan, bai grabazio-prozesuaren xehetasunen inguruan. Bereziki, dokumentalean agertzen diren medikuen egoeraz galdetu zioten ekoizleari.
Ordubeteko filmak bizia, senideak edo lankideak galdu zituzten medikuen istorioak jasotzen ditu
Bean de Pear-ek azaldu zuenez, filmean agertzen diren bi mediku kartzelan daude gaur egun. Horietako baten egoerari buruz ez dutela informaziorik aitortu zuen; bestearen kasuan, aldiz, hilean behin argazki bat jasotzen dutela adierazi zuen, eta haren egoera fisiko zein psikologikoa oso larria dela nabarmendu zuen. Beste ikasle batek dokumentalean agertzen diren irudiak nola lortu zituzten galdetu zionean, ekoizleak azaldu zuen Gazan lanean ari zen kazetari eta zinemagile palestinar talde baten laguntza izan zutela. Haien lanari esker lortu zituzten ospitale barruko eta gatazkaren eragina zuzenean erakusten duten irudi gehienak.
Donostiako proiekzioak agerian utzi zuen dokumentalak interesa eta eztabaida pizteko gaitasuna duela. Aretoa bete zuten ikusleek Gazako errealitate gordina ezagutzeko aukera izan zuten, eta dokumentalak mahai gainean jarri zituen gerraren ondorio humanitarioak, osasun-langileen egoera eta informazioa zabaltzeko komunikabideek duten erantzukizuna.
