euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Abian da EHUren Zientzia Astearen XXVI. edizioa

Bilbon eta Barakaldon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen programazio berezia antolatu da ikerkuntza zientifikoa eta artea bateratuz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/03

Abian da EHUren Zientzia Astearen XXVI. edizioa, zientzia-dibulgaziorako jaialdi nagusia

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak, programazio berezia antolatu du aurten, ikerkuntza zientifikoa eta artea bateratzen dituen egitarau zabala eskaintzeko. “Zientzia eta Artea” lelopean, disziplina anitzak uztartuko ditu jaialdiak, inklusibotasuna oinarri: dibertsitate funtzionala edo kognitiboa duten pertsonengana eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden kolektiboengana heltzea du helburu.

Zientzia Asteak doako 100 jarduera baino gehiago antolatu ditu adin guztietako publikoarentzat. Lau egoitzetan programazio zabala eskainiko da: guztira, 40 txoko baino gehiagotara eta 62 tailerretara bertaratzen direnek EHUren ikerketa-lana ezagutu ahal izango dute protagonisten eskutik. Horretaz gain, 12 ibilbide-didaktiko, 13 erakusketa, 14 hitzaldi,  Zientzia Clubeko 28 bakarrizketa eta hainbat ikuskizun eskainiko dira. Oraindik plazak daude tailer eta ibilbide didaktiko batzuetan; izena Zientzia Astearen webgunean eman daiteke. Gainontzeko jardueretan, berriz, sarbidea librea da, aforoa bete arte.

Bilbon, azaroaren 3tik 8ra, 33 tailer, 21 txoko, 4 ibilbide-didaktiko, 10  hitzaldi, 8 erakusketa, eta bestelako hainbat ekitaldi antolatuko dira “Zientzia eta Artea” gaiari lotuta. Hala nola, adimen artifizialak hizkuntza nola sortzen eta erabiltzen duen ikusi ahalko da txokoetan, pinturan erabiltzen diren koloreen atzean dagoen zientzia zein den, modan eta artean biomaterialak nola erabili daitezkeen, eta zianotipiak nola lagun dezakeen itsas biodibertsitatea irudikatzen. Zeharkako beste gai batzuk ere landuko dira, hala nola, emakumeak zientzian duen ikusgaitasuna, SheMentoring txokoan. Bestalde, aipagarriak dira Itsamuseumen ikusgai egongo den Euskal kostaldearen sekretuak: zientziatik artera erakusketa eta Mikromunduak, mikologia eta medikuntza artearen hizkuntzaren bidez lana. Aurten, Zientzia Club umorezko bakarrizketen ikuskizunak 8 ikertzaile hurbilduko ditu Bizkaia Aretora.

Vitoria-Gasteizen, azaroaren 4tik 8ra, 18 tailer, 9 txoko, 4 ibilbide-didaktiko, 3 erakusketa, eta hainbat konferentzia eta antolatuko dira. Farmaziari lotutako tailerrak, ikerketa forentsearen ingurukoak eta magia eta fisika lotuko dituzten jarduerak antolatuko dira Bibat Museoan. Artea eta zientzia uztartzen dituzten bi erakusketa ere egongo dira ikusgai. Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea lanak National Geographic Magazine aldizkariko infografia editore seniorraren lanak bilduko ditu. Oceanus Plasticus erakusketan, berriz, itsasoko kutsadurak sortutako “munstroak” irudikatzen dituzten izaki imaginarioak ikusi ahalko dira. Zientzia Club ekitaldian zazpi  ikerlarik izango dute txokoa beren bakarrizketetan umorea eta zientzia konektatzeko.

Donostian, azaroaren 4tik 7ra, 11 tailer, 12 txoko, 4 ibilbide-didaktiko eta 2 erakusketa eskainiko dira. Gipuzkoako txokoan, bereziki interesgarria da aurten Eduardo Chillida eskultoreari eskainiko zaion tartea, Arkitektura grafiatuz: Chillida Leku erakusketaren bidez. Honekin lotuta, Arkitektura marrazketa  tailerra eskainiko da publiko guztientzat: jardueran, arkitekturako 26 ikaslek Chillidaren unibertso eskultorikoa marrazketaren bidez nola berrinterpretatzen duten erakutsiko diete bisitariei. Halaber, Leonardo DaVinci artistaren lanek ere izango dute parada Donostian. Dianne Modestini New Yorkeko arte-zaharberritzaile ospetsuak eta Juan Manuel García-Ruiz DIPCko ikertzaileek Salvator Mundi obraren egiletzaz jardungo dute Salvator Mundi zientziaren ikuspegitik izeneko hitzaldian. Bestalde, Donostiako Zientzia Clubek bost bakarrizketa bilduko ditu, 3D inprimaketari, kirolari, arteari eta gasen zientziari buruzkoak, besteak beste.

Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoak ere antolatuko du Zientzia Club ekitaldia, zortzi bakarlarirekin. Guztira 8 txoko, 21 tailer, 8 erakusketa, 3 ikuskizun eta ibilaldi-didaktiko eta hitzaldi bana eskainiko dira Barakaldon. Hala nola, errealitate birtuala, robotika, 3D inprimaketa eta beste hainbat gai landuko dituzte txokoetan eta tailerretan. Gainera, Izotz eta Sua eta Magia, artea eta zientzia ikuskizunek ikasleei eta familiei zuzendutako animazio jarduerak eskainiko dituzte.

Ikastetxeen parte-hartzea

Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, aurten ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 4.600  ikasle inguruk txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte. Aurreko edizioetako harrera onak bultzatuta, eskaerari erantzuteko asmoz, Zientzia Asteak hezkuntza zentroentzako antolatutako jarduerak egun bat lehenago hasi dira.

Laguntzaileak eta kolaboratzaileak

Ekimen hauek guztiak aurrera eramateko, EHUren antolakuntzak hainbat erakunde eta eragileren lankidetza eta babesa ditu. Zientzia Astea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen da, eta Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien, Bilboko, Barakaldoko, Donostiako eta Gasteizko Udalen, Vital Fundazioaren eta ecampusen babesa du. Horrez gain, jardueretako batzuk G9EU4RESEARCH proiektuaren barruan kokatzen dira. Unibertsitateen 9. Taldeak (G-9) sustatutako ekimen hori Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Skłodowska-Curie Ekintzen (MSCA) bidez. Ekimen horren helburua Europan ikerketa-karrerak sustatzea da, eta Europar Batasunaren ikerketa- eta berrikuntza-esparruko programa den Horizonte Europaren barruan kokatzen da.

 

Argazki guztiak Flickr-en:  XXVI. Zientzia Astea BIlbon | Flickr

Argazki guztiak Flickr-en: XXVI. Zientzia Astea Gasteizen | Flickr

Argazki guztiak Flickr-en:XXVI. Zientzia Astea Donostian | Flickr