Artea eta ikerketa uztartuko ditu Zientzia Asteak doako ekitaldi inklusiboekin
Azaroaren 3tik 8ra egingo da Bilbon, Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Barakaldon
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/21
Urriaren 26an zabalduko da Bilboko (Bizkaia Aretoa), Donostiako (Tabakalera) eta Vitoria-Gasteizko (Bibat Museoa) egoitzetako tailer eta ibilbide didaktikoetan izena emateko epea Zientzia Astearen webgunearen bidez. Gainerako jarduerak sarrera librekoak dira, aretoa bete arte, eta ez da beharrezkoa izena ematea. Barakaldoko haur eta familientzako tailerretarako izena ematea urriaren 26tik aurrera egin ahal izango da, Barakaldoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, telefonoz (94 478 9552 / 94 478 9485) eta udalerriko kultur etxeetan eta gizarte etxeetan.
Zientzia Astearen XXVI. edizioa azaroaren 3tik 8ra antolatuko da “Zientzia eta Artea” lelopean. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ehundik gora ekitaldi prestatu ditu ikerkuntza eta artea nola uztartzen diren erakusteko asmoarekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurten, gainera, arreta berezia eskainiko zaio inklusioari: zehazki dibertsitate funtzionala edo kognitiboa duten pertsonengana eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden kolektiboengana heltzeko.
Guztira, 50 txoko, 80 tailer, ibilbide didaktikoak, hitzaldiak, erakusketak eta espektakuluak egongo dira Bilbon eta Barakaldon (azaroaren 3tik 8ra), Vitoria-Gasteizen (azaroaren 4tik 8ra) eta Donostian (azaroaren 4tik 7ra), guztiak doakoak. Beren helburua bi disziplina uztartzea izango da: artea eta zientzia. Zientziak errealitatea aztertzeko, galderak egiteko eta fenomenoak ulertzeko tresnak eskaintzen dizkigu; arteak, berriz, behatzeko, sentitzeko eta errealitatea beste modu batzuetan interpretatzeko aukera ematen digu. Biak batzeak, beraz, ezagutza transmititzeko modu berriak zabaltzen ditu, jakin-mina piztu eta errealitatea beste begi batzuekin aztertzeko.
Zientzia Asteak azaroaren 3an emango dio hasiera ofiziala bere egitarauari, baina aurtengo edizioaren atariko hainbat jarduera dagoeneko martxan daude edo datozen egunetan abiatuko dira.
Egitarauari hasiera eman aurretik, urriaren 30ean, ostiralez, Ahots bat, mila ahots kontzertu-antzezlana taularatuko da Bilboko Musika Kontserbatorioan. Matematikaren eta musikaren arteko harremana ardatz duen ikuskizunean, Musika Bilboko Villa lehiaketaren bigarren edizioko irabazlea den biolin-jotzaileak hartuko du parte.
Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden kolektiboentzat egokitutako jarduerak antolatu dira. Zientzia eta Artea pertsona guztientzat erakusketa da aurtengo edizioko proposamen nabarmenetako bat. Dagoeneko Bilbon, Bizkaia Aretoaren aurrean, ikusgai dagoen aire zabaleko erakusketak EHUko ikerketa-proiektuetan oinarritutako irudi zientifikoak biltzen ditu. Irisgarritasuna sustatzeko, QR kodeen bidezko audiodeskribapenak eskaintzen ditu, baita irudi batzuk ukimenaren bidez esploratzeko aukera ere. Horrela, artea eta zientzia bizitzeko modu berriak zabaltzen ditu, ezagutza guztion eskura jarriz.
Horrela, dagoeneko publikoarentzat ikusgai dauden Zientzia Asteako proposamenen artean, Vitoria-Gasteizen antolatu den Infografia zientifikoen esploratzailea erakusketa dago. Jarduera horrek zientziaren eta diseinu grafikoaren arteko lotura nabarmentzen du, informazio zientifikoa modu bisual, erakargarri eta ulergarrian aurkezteko aukerak erakutsiz.
Erakusketa hori urriaren 16tik aurrera ikusgai dago Bibat museoan, 2027ko urtarrilaren 7ra arte. Fernando G. Baptista National Geographic Magazine aldizkariko infografia-editorearen lanak bilduko ditu, eta ilustrazio zientifikoen sormen-prozesua ezagutzeko aukera eskainiko du, lehen zirriborroetatik azken emaitzaraino.
Bestalde, urriaren 19tik aurrera, Zientzia Kalean erakusketa ibiltariak Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko ditu, zientzia hiriburuetatik harago eramateko eta herritar gehiagorengana hurbiltzeko helburuarekin. Ekimen horren bidez, ikerketa kalera aterako da, zientza eguneroko espazioetara hurbilduz eta ezagutza zientifikoa lurralde osoan zabaltzea sustatuz. Erakusketak eguneroko objektuen atzean dagoen zientzia erakutsiko du 11 infografiaren bidez.
Aurten aldatuko ez den ekintzetako bat Zientzia Club mitikoa izango da. Zientzia Astea egingo den lau txokoetan (Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Barakaldo), umorea eta espektakulua erabiliko dituzte EHUko ikerlariek hamar minutuko bakarrizken bidez zientzia publikoari hurbilarazteko.
Era berean, hezkuntza-komunitatearekin duen konpromisoari eutsiko dio Zientzia Asteak aurten ere, ikasleen artean zientziarekiko interesa piztea eta ezagutza zientifikoa ikasgeletatik harago zabaltzea helburu. Iaz, 5.500 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten ikastetxeei zuzendutako jardueretan, eta horrek agerian utzi zuen hezkuntza-esparruan horrelako ekimenek duten harrera ona. Aurten, eskaintza hori indartzeko asmoz, ikastetxeei zuzendutako jarduerak egun bat lehenago hasiko dira.
Ekintzak hainbat museo eta kultur gunetan egingo dira, besteak beste, Bilboko Bizkaia Aretoan, Arte Ederren Museoan eta Itsasmuseumen; Donostiako Tabakaleran, San Telmo Museoan eta Chillida Lekun; Vitoria-Gasteizko BiBat Museoan eta Salburuko Ataria Hezeguneen Interpretazio Zentroan, eta Barakaldoko Clara Campoamor kulturgunean. Horrela, jarduerak hainbat lurraldetara eta kultur gunetara zabalduko dira, programaren hedadura eta disziplinartekotasuna indartzeko.
Laguntzaileak eta kolaboratzaileak
Ekimen hauek guztiak aurrera eramateko, EHUren antolakuntzak hainbat erakunde eta eragileren lankidetza eta babesa ditu. Zientzia Astea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen da, eta Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien, Bilboko, Barakaldoko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Udalen, Vital Fundazioaren eta ecampusen babesa du. Horrez gain, jardueretako batzuk G9EU4RESEARCH proiektuaren barruan kokatzen dira. Unibertsitateen 9. Taldeak (G-9) sustatutako ekimen hori Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Skłodowska-Curie Ekintzen (MSCA) bidez. Ekimen horren helburua Europan ikerketa-karrerak sustatzea da, eta Europar Batasunaren ikerketa- eta berrikuntza-esparruko programa den Horizonte Europaren barruan kokatzen da.
