euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Bizkor RS26 ibilgailuaren aurkezpena

Silverstone, Hockenheim eta Lyonen lehiatuko da Formula Student Vitoria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/02

Formula Student Vitoria taldea prototipo berriarekin | Argazkia: Nuria González. EHU.

Formula Student Vitoria taldearen eserleku bakarreko ibilgailu berria, Bizkor RS26, prest dago uda honetan Europako zirkuiturik onenetan lehiatzeko. Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikasle taldeak bere auto berria aurkeztu zuen Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jorge Tejedor Núñez, EHUren Arabako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziako zuzendaria; Maria Nanclares, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotzia; Ander Larrinaga, Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko eta Berrikuntzako zuzendaria; eta Idoia Aguillo Otaduy, Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa.

2025/2026 denboraldiari begira, Formula Student Vitoria taldeak hiru helburu nagusi ezarri ditu: arlo teknologikoan eta prestakuntzan aurrera egitea, ingeniaritza arloko ezagutzak aplikatuta eserleku bakarreko ibilgailu bat diseinatu eta eraikiz; enpresa eta zentro teknologikoekiko lankidetza sustatzea, aliantzak sendotzea helburu; eta taldekideen talentua sustatzea.

Aurreikuspenen arabera, bere kategoriako Europako zirkuituan diren hitzordu garrantzitsuenetatik hirutan lehiatuko da taldea denboraldi honetan. Silverstonera (Erresuma Batua) itzuliko da uztailaren 14tik 19ra, eta Hockenheimeko ibilbide entzutetsuan izango da abuztuaren 11tik 16ra bitarte. Horretaz gain, erronka berri bat ere izango dute taldekideek; izan ere, Lyongo (Frantzia) zirkuituan parte hartuko dute abuztuaren 24tik 29ra.