euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Jardunaldia

CLARIAH-EUSek giza eta gizarte-zientzietako ikerketa digitalaren aukerak erakutsiko ditu Donostian

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2026/11/26, 09:30

Kokapena

Tabakalera
Andre zigarrogileak plaza 1. -20012- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Azaroaren 26an, 09:30etan, Donostiako Tabakaleran egingo den jardunaldiak ikerketako erabilera-kasu praktikoak, Europako ikerketa-azpiegituren esperientziak eta CLARIAH-EUS sarearen etorkizuneko erronkak izango ditu ardatz

Euskal Herriko Unibertsitateko HiTZ zentroak, CLARIAH-EUS azpiegituraren jardueren barruan, giza eta gizarte-zientzietako ikerketa-azpiegitura digitalaren inguruan, bere bosgarren workshopa egingo du azaroaren 26an, ostegunean, Donostiako Tabakalerako 1 aretoan, MediaLabekin elkarlanean. Jardunaldiaren helburua da ikerketa digitalerako baliabide eta zerbitzuen erabilera sustatzea, ikertzaileen arteko esperientziak partekatzea eta CLARIAH-EUS sarearen etorkizuneko garapenari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzea. 

CLARIAH-EUS Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetzatik sortutako ikerketa-azpiegitura digitala da. Espainiako CLARIAH-ES sarearen parte da, eta Europako CLARIN eta DARIAH ikerketa-azpiegiturekin lotuta dago. Bere helburua da giza eta gizarte-zientzietako ikertzaileei hizkuntzaren, kulturaren eta ondare digitalaren arloko tresnak, corpusak, datuak eta bestelako baliabide digital ireki, iraunkor eta elkarreragingarriak eskaintzea. 

Ikerketa digitala praktikan 

Bosgarren edizio honetan, CLARIAH-EUSen baliabideek ikerketa-proiektuetan dituzten aplikazio praktikoak izango dira protagonista. Hainbat erabilera-kasuren bidez, giza eta gizarte-zientzietako ikertzaileek azpiegiturak eskaintzen dituen zerbitzuak nola baliatu dituzten eta etorkizunean nola erabil ditzaketen erakutsiko da. Horrela, ikerketa digitalaren aukerak ezagutarazi eta diziplina desberdinetako ikertzaileen arteko lankidetza sustatu nahi da. 

Jardunaldiak, gainera, bi hitzaldi gonbidatu izango ditu. Maite Melerok, CLARIAH-CAT Kataluniako nodoaren zuzendariak, bertako esperientzia eta antolamendu-eredua aurkeztuko ditu. Bestalde, German Rigauk, CLARIAH-ES sarearen koordinatzaileak eta HiTZ zentroko zuzendariordeak, Europako ikerketa-azpiegituren ekosistemaren bilakaera eta etorkizuneko aukerak izango ditu hizpide. 

Ikerketak partekatzeko eta elkarlanerako gunea 

Programak poster-saio bat ere jasotzen du, ikertzaileek beren lanak, proiektuak eta esperientziak aurkezteko aukera izan dezaten. Saio horren bidez, ikerketa-komunitatearen barruko ezagutza-trukea eta diziplinen arteko harremanak indartu nahi dira. 

Jardunaldiaren amaieran, CLARIAH-EUSen antolamenduari eta gobernantza-ereduari buruzko hausnarketa partekatua egingo da. Eztabaida horren bidez, sarearen egitura sendotzeko aukerak aztertuko dira, eta orain arte egitasmoan parte hartu ez duten erakunde eta eragileen ikuspegiak ere jaso nahi dira. Helburua da Euskal Herriko giza eta gizarte-zientzietako ikerketa digitalaren ekosistema elkarlanean garatzen jarraitzea. 

Izen-ematea zabalik 

CLARIAH-EUS V. Workshopa giza eta gizarte-zientzietako ikertzaileei, ikerketa-taldeei, erakundeei eta ikerketa digitalaren arloan interesa duten eragile guztiei zuzenduta dago. 

Jardunaldiaren egitaraua eta informazio osagarria CLARIAH-EUSen webgunean daude eskuragarri, eta izen-ematea ere zabalik dago.