EHUko Isabel Poves ikertzaileak paperean oinarritutako gailu mikrofluidiko bat garatu du. Gailu horrek metodo azkarra, fidagarria eta erabilerraza eskaintzen du eskopolamina eta harekin lotutako konposatuak detektatzeko. Kostu txikiko sistema eramangarri horrek begi hutsez ikusteko moduko emaitza bat ematen du 10 bat minutuan, eta bide bat irekitzen du aurretiazko analisiak in situ egiteko, laborategiko ekipoen beharrik gabe. Plataforma hori aurrerapauso nabarmena da sumisio kimiko bidezko erasoetan erabiltzen diren agenteak modu praktikoan detektatzeko.
Edarietan "burundanga” 10 bat minutuan detektatzeko gai den gailu bat garatu dute
"Microfluidics Cluster EHU" taldeak garatu duen sistema mikrofluidikoak aukera ematen du eskopolamina begi hutsez detektatzeko modu azkar eta erraz batean.
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/30
Drogen laguntzarekin egiten diren sexu-erasoak osasun publikoko eta auzitegiko arazo larria dira. Sexu-erasoetarako erabiltzen den drogetako bat eskopolamina da (burundanga izenez ezagutzen da). Substantzia hori bereziki arriskutsua da, eragin amnesiko, lasaigarri eta haluzinogeno handia duelako. Gainera, kolorerik, usainik eta zaporerik ez duenez, antzemanezina da irensten denean. Garrantzi toxikologiko handia duen arren, oraindik metodo gutxi daude hura in situ eta azkar detektatzeko. Mota horretako drogen detekzioa teknika analitiko instrumentaletan oinarritzen da. Teknika horiek sentsibilitate eta espezifikotasun handia eskaintzen duten, baina laborategiko baldintzak eta laginen prestaketa sakona eskatzen dituzte; beraz, ez dira oso egokiak analisi azkarrak in situ egiteko.
Laborategira joan beharrik izan gabe askotariko matrizetan eskopolamina detektatzeko aukera ematen duten tresna analitiko eramangarri eta merkeak falta dira. Gabezia horri aurre egiteko, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa-taldeak, Lourdes Basabe Desmonts Ikerbasque irakaslea buru duela, paperean oinarritutako gailu mikrofluidiko autonomo bat garatu du, produktu farmazeutikoetan, landare-estraktuetan eta edarietan eskopolamina azkar detektatzeko. Tresna diskretua, eramangarria eta erabilerraza da.
Aparatuak gailu mikrofluidiko autopropultsatu bat du, eta paperezko euskarri bat. Euskarri horretan gertatzen den erreakzioak kolore-aldaketa bat eragiten du, emaitza positiboa edo negatiboa den. "Gailua laginean murgildu behar da segundo batzuetan, eta 10 bat minutuan emaitza begi hutsez ikus daiteke, beste detektagailurik gabe", azaldu du Isabel Poves azterlanaren egile nagusiak. Povesen iritziz, "gailu honi esker, sumisio bidezko eraso-mota hauek prebenitu ahal izango dira; izan ere, garrantzitsuagoa da prebenitzen saiatzea, a posteriori detektatzea baino. Garrantzitsua da azkar detektatu ahal izatea edari batean substantzia aizuntzaileren bat dagoen".
Gailu berean droga mota gehiago detektatzea
"Teknologia mikrofluidikoak ateak ireki dizkio lehen egin ezin zen analisi-mota bati —azaldu du Povesek, taldeko doktoratu aurreko ikertzaileak—. Lehen, edari batean zerbait zegoen ala ez jakiteko, lagina laborategi espezializatu batera eraman behar zenuen, han aztertzeko. Teknologia honi esker, in situ egin daiteke aurretiazko analisia". Teknologia mikrofluidikoaren funtsa da laborategi batean eskala handiagoan egiten diren prozesuak miniaturizatzea edo sinplifikatzea, eta, hartara, lagina inola ere manipulatu behar ez izatea.
Talanta aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluak aukera ematen du erreakzio kolorimetriko bakar baten bidez farmako ugari detektatzeko gai den plataforma mikrofluidiko bat garatzeko bidean aurrera egiteko. Horri dagokionez, azterlan hau Microfluidics Cluster UPV/EHU taldeak zuzendutako proiektu handiago baten barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua da gailu berean ahalik eta droga gehien detektatzea; hau da, drogak detektatzeko erreakzio kimiko ezagunak teknologia mikrofluidikoan integratzea eta diseinuak hobetzea, emaitza azkarrak lortzearen abantaila aprobetxatze aldera. “Erreakzio kimiko kolorimetrikoak teknologia mikrofluidikora egokitzen saiatzen gara, detekzio-mota horiek sinplifikatzeko, kostuak murrizteko, prozesua automatizatzeko eta, batez ere, begi hutsez ikusi ahal izateko edari baten aizuntzea adieraziko duen kolore-aldaketa", azaldu du Lourdes Basabek, taldeko ikertzaile nagusiak.
Ildo horretan, duela gutxi Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak beste gailu bat garatu du, edarietan bentzodiazepinak —hala nola diazepama— detektatzeko (substantzia horiek antsietate-nahasmendua, insomnioa eta abar tratatzeko erabiltzen dira medikuntzan). Gailu horrek lan honetan aurkeztu den aparatuaren ezaugarri berberak ditu.
Ikertzaileek azpimarratu dute oraindik laborategiko lan asko dagoela egiteko: "Honako hau laborategi mailako prototipo bat da, eta erabiltzaileen beharren arabera findu daiteke. Gailu horietan hobekuntzak txertatzen jarraitu behar dugu, detekzio-mailak, kolore-aldaketak eta abar optimizatze aldera". Etorkizunean, analisi horiek kuantifikatzeko gai izan gintezke, gailuan ikusten den kolorea zehatz-mehatz aztertzen duten smartphone-aplikazioak erabilita.
Informazio osagarria
Lourdes Basabe Ikerbasque irakaslearen eta Fernando Benito López irakasle elkartuaren zuzendaritzapean Isabel Poves EHUko Microfluidics Cluster taldean egiten ari den doktorego-tesiaren parte da ikerketa hau. Azterlanean parte hartu dute, gainera, Enrique Azuaje-Hualdek (artikuluaren egilekidea), Laura Lartitegui Elorzak eta Oihana Diaz-Cantosek (biak Euskal Herriko Unibertsitateko Analisi Forentsea Masterreko ikasleak).
Erreferentzia bibliografikoa
- A microfluidic paper-based device for on-site colorimetric detection of scopolamine in beverages, pharmaceuticals, and plant extracts
- Talanta
- DOI: 10.1016/j.talanta.2026.130319
