Azken 20 urteotan, aurrerapen handiak egin dira medikuntza birsortzailean. Espezialitate mediko horrek teknologia biomediko aurreratuak aplikatzen ditu giza zelulak, ehunak edo organoak ordezteko, fabrikatzeko edo birsortzeko, eta, hala, horien funtzionamendu normala lehengoratzeko edo ezartzeko.
EHUk diabetesa aztertzeko eta botikak ebaluatzeko eredu bioinprimatuen garapenean hartu du parte
NanoBioCell taldeak Laboratorios ROVI laborategiekin lan egiten du esferoide pankreatikoetan, IPCEI Med4Cureren, osasun arloko Europako Interes Komuneko lehenengo Proiektu Garrantzitsuaren, barruan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/29
Medikuntza birsortzailera bideratutako teknologia berrien garapenean ari da NanoBioCel ikerkuntza taldea lanean, José Luis Pedraz doktorea buru duela. Talde horretan parte hartzen dute, halaber, Denis Scaini Ikerbasque ikertzaileak eta Martina Gruppuso Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko doktore ondoko ikertzaile kontratatuak, Laboratorios Farmacéuticos ROVIrekin lankidetzan, Europako 4CEDURE proiektuaren baitan.
Zehazki, NanoBioCell taldea "Encapsulación por técnicas de bioimpresión de esferoides de páncreas” ikerkuntza proiektuan ari da lanean.
Esferoide pankreatikoak pankreako zelulen hiru dimentsioko (3D) talde txikiak dira. Zelula ametatik abiatuta, laborategian hazten dira, eta pankrearen antolaketa eta funtzioa erreproduzitzeko aukera ematen dute. NanoBioCel taldeak erabiltzen dituen zelula amak iPSC edo zelula ama pluripotente induzituak dira. Zelula heldu normalak dira (azalekoak edo odolekoak bezalakoak) eta laborategian gazte egoerara itzultzen dira eta gorputzeko ia edozein ehun mota bihurtzeko gaitasuna berreskuratzen dute.
“Irla pankreatikoen 3D bioinprimaketari esker, haien antolamendu espaziala kontrola daiteke, eta haien ingurune naturala imitatzen duten biomaterialak eta euskarri zelulak erabil daitezke. Horrek zelulen biziraupena, sare baskularren eraketa eta glukosari erantzunez intsulina jariatzea lagundu dezake”, azaldu du taldeko zuzendari Jose Luis Pedrazek. Hitz gutxitan esanda, diabetesa aztertzeko eta botikak ebaluatzeko eredu erreproduzigarriak lortzea errazten du. Era berean, oraindik esperimentazio fasean dagoen aplikazio baterako potentziala eskaintzen du: beta zelulen ordezkapenerako transplanteak garatzea, hau da, odoleko glukosa mailak kontrolatzeko intsulina produzitzen eta askatzen duten pankreako zelulak. Bere ezohiko funtzionamenduak gaixotasun jakin batzuk eragiten ditu: diabetesa, esate baterako.
Bestalde, erabiltzen dituzten iPSCei esker, pazienteen eredu espezifikoak lor daitezke, eta horrek erraztu egiten du alterazio genetikoek diabetesari nola laguntzen dioten aztertzea eta zuzenketa genetikoko estrategiak ebaluatzea.
Unibertsitatearen ekarpena
NanoBioCellen eta Laboratorios ROVIren arteko lankidetza LAISOLID proiektuan sartzen da. Proiektu hori ROVIk zuzentzen du, eta Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) finantzatzen du, IPCEI Med4Cure programa ri lotutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana ren esparruan. Programa hori da Europako Interes Komuneko Proiektu Garrantzitsuaren (IPCEI ) Europako lehenengo osasun arloko ekimena. Programaren helburua da Europak ikerkuntza eta berrikuntza biomedikorako duen gaitasuna indartzea eta soluzio terapeutiko aurreratuen garapena bizkortzea.
“EHUren ekarpenak agerian uzten du arlo estrategikoetan unibertsitateko ikerketak duen garrantzia: 3D bioinprimaketa, ehunen ingeniaritza eta medikuntza birsortzailea. Era berean, mota horretako lankidetzek unibertsitatearen eta enpresaren arteko ezagutzaren transferentzia errazten dute, eta ikerketa publikoak herritarren osasunean eragin dezaketen teknologien garapenean duen zeregina indartzen dute”, azaldu du Pedrazek. Ekarpen hori EHUren Arabako Campusean kokatutako 3D bioinprimaketa unitateari esker egin ahal izan da. Unitate hori Arabako Foru Aldundiak (AFA) finantzatutako terapia aurreratuen arloko JRLaren parte da, eta Tecnalia Korporazioa ere bertako kide da.
