2026ko USaPren emaitzen lehen azterketa globalak erakusten du Euskara eta Literatura IIn ikusitako joerak beste irakasgai batzuetan ere gertatzen direla, eta unibertsitatera sartzeko sistemaren bermeak berresten ditu. Azterlanak gogorarazten du ebaluatzaileen arteko irizpide-desberdintasunak edozein ebaluazio-prozesuren berezko diskrezionaltasun teknikoaren parte direla eta, horregatik, epaimahaien batez bestekoarekiko bi puntutik gorako desbideratzeak baino ez dituela balio anomalo gisa hartu, bai batez bestekoaren gainetik bai azpitik. Irizpide hori aplikatuta, analisiak ondorioztatzen du desbideratze horiek ez direla euskarari dagokion irakasgaiarenak bakarrik, beste hamaika irakasgaitako epaimahaietan ere antzematen direla; horrek berresten du sistemaren osotasunean agertzen den portaera dela, eta ez irakasgai bakar baten salbuespenezko egoera.
-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
Algaverso spin-offak jaso du Gaztenpresa-MBAe3 saria
-
Zitekek ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideia onenak saritu ditu
-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
EHUk ondorioztatu du Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez duela portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
USaPen zeroren bat lortu duten ikasleen %71,6k proba gainditu du; Euskara eta Literatura IIn, ehunekoa 74,8koa da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/06
Euskal Herriko Unibertsitateak gaur aurkeztu du 2026ko Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USaP) ohiko deialdiko emaitzen azterketa globala. Azterlanaren helburua azken asteotan Euskara eta Literatura II irakasgaiaren inguruan sortutako eztabaida publikoari testuingurua ematea izan da.
Agerraldian, Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Urtza Garay Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak eskerrak eman dizkiete urtero USaP posible egiten duten pertsona guztiei: 41 epaimahaietako kideei, 848 zuzentzaileri, teknikari eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, baita Hezkuntza Saileko eta Euskal Herriko Unibertsitateko profesionalei ere. «12.000 ikasle baino gehiagoren etorkizunari zuzenean eragiten dion prozesu konplexua da, eta profesionaltasunez, objektibotasunez eta aukera-berdintasunarekiko konpromiso sendoz garatzen da», adierazi du errektoreak.
Era berean, gogorarazi du unibertsitatera sartzeko sistemak 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako berme guztiak dituela. Azpimarratu du edozein ikaslek bigarren zuzenketa guztiz independentea eskatzeko eskubidea duela, eta lehen eta bigarren zuzenketen artean bi puntutik gorako aldea dagoenean, azterketa automatikoki beste bi aditu independenteri bidaltzen zaiela hirugarren eta laugarren zuzenketa egiteko. Horrez gain, ikasleek beren azterketa eta egindako zuzenketa guztiak ikusteko eskubidea dute.
«Sistemaren bermeak ez ditu unibertsitateak ezartzen; legeak ezartzen ditu, eta gure betebeharra haiek zorrotz betetzea da», azpimarratu du errektoreak.
Eztabaidari testuingurua emateko azterlana
Unibertsitateak azaldu duenez, ohiko jardunean, USaPren batez besteko nota eta unibertsitatera sartzeko notak baino ez ditu argitaratzen urtero —aurten uztailaren 11n emango dira argitara—. Gaur aurkeztutako azterlana, berriz, berariaz prestatu da agerraldi honetarako; izan ere, orain arte ez da beharrezkoa izan emaitzak ikuspegi honetatik aztertzea.
Txostenak 2026ko ohiko deialdi osoa hartzen du: 12.080 ikasle, 41 epaimahai, 848 zuzentzaile, 4.223 berrikuspen-eskaera eta berrikusitako 8.127 azterketa. Guztira, 11.507 ikaslek gainditu dute USaP, eta horrek % 95,26ko gainditze-tasa orokorra dakar.
Ikasle gehien izan dituzten hiru irakasgaiak Lengua Castellana y Literatura (12.051 azterketa), Ingelesa (11.976) eta Euskara eta Literatura II (11.833) izan dira; horrek aukera ematen du haien arteko konparazio estatistiko sendoak egiteko.
Azterketaren arabera, Euskara eta Literatura II ez dago emaitzarik txarrenak dituzten irakasgaien artean.
Irakasgaiaren batez besteko nota 6,33 izan da; Lengua Castellana y Literatu ikagaiaren (6,42) eta Espainiako Historiaren (6,08) artean kokatu da, eta Kimikaren (6,03), Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikaren (5,83), Matematika IIren (5,06) eta Fisikaren (3,99) gainetik.
Bestalde, Euskara eta Literatura II-ren gainditze-tasa %76,2koa izan da. Ingelesaren, Filosofiaren, Gaztelania eta Literaturaren edo Biologiaren azpitik dago, baina Espainiako Historiaren, Kimikaren, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikaren, Matematika IIren eta Fisikaren gainetik.
2025eko deialdiarekin alderatuta, Euskara eta Literatura II-ren batez besteko nota 0,48 puntu jaitsi da. Hala ere, portaera hori ez da salbuespena. Matematika IIk 1,67 puntuko jaitsiera izan du; Fisikak, 1,48koa; eta Espainiako Historiak, 0,83koa. Horrek erakusten du joera hori hainbat irakasgaitan ere gertatu dela.
0 eta 10 arteko kalifikazioak
Azterlanak erakusten du 2.000 ikasletik gora dituzten irakasgai guztietan 0tik 10era bitarteko kalifikazio guztiak agertzen direla. Gauza bera gertatzen da Euskara eta Literatura IIn eta eztabaida publikoaren erdigunean egon diren epaimahaietan ere: kalifikazio posible guztiak dituzten ikasleak daude.
Era berean, bi puntutik beherako kalifikazioak ez dira Euskararen ezaugarri esklusiboa. Euskaran, bi puntutik beherako notak ikasleen %6,2ri dagozkio. Fisikan, berriz, %24,5era iristen dira; Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikan, %10,8ra; eta Matematika IIn, %9,9ra.
Gainera, 2025arekin alderatuta, portzentaje hori hainbat irakasgaitan handitu da. Euskaran %2,8tik %6,2ra igo da; Fisikan, %10etik %24,5era; eta Matematika IIn, %3,6tik %9,9ra.
Datuen arabera, ehunekoek errealitatearen irudi adierazgarriagoa eskaintzen dute datu absolutuek baino. Zero kalifikazioei dagokienez, unibertsitateak azaldu du benetan garrantzitsua dela irakasgai bakoitzeko azterketa guztien gaineko ehunekoa, ikasle kopurua kontuan hartzen duen adierazle bakarra delako eta irakasgaiak modu homogeneoan alderatzeko aukera ematen duelako.
Zero kalifikazioa eta berrikuspenak
Ikuspegi horretatik, zero kalifikazioen kontzentraziorik handiena Fisikan dago, non zeroek azterketa guztien %3,2osatzen duten. Euskara eta Literatura IIn, aldiz, ehuneko hori %1,4koa da.
Euskara eta Literatura IIk zero kalifikazio gehien biltzen dituen arren (163 zero), hori azal daiteke azterketa gehien egiten dituzten irakasgaietako bat delako (11.833 azterketa).
Gainera, USaPen zeroren bat lortu duten ikasleen %71,6k proba gainditu du; eta Euskara eta Literatura IIn, zero kalifikazioa izan dutenen artean gaindituen ehunekoa 74,8koa da.
Berrikuspenek ia ez dituzte kalifikazioa aldatzen
2026ko deialdian berrikuspen-eskaerek gorakada orokorra izan dute. Euskara eta Literatura IIn 1.721 berrikuspen-eskaera erregistratu dira, aurreko urteko 860en aldean. Beste irakasgai batzuetan ere nabarmen igo dira, esaterako, Espainiako Historian, non 321etik 636ra igaro diren.
Berrikuspenen ondoren, Euskara eta Literatura IIko kalifikazioen %48,9 igo egin dira, Ingeleseko (%49,8) eta Gaztelania eta Literaturako (%45,1) datuen oso antzeko portzentajea.
Hala ere, berrikuspenen eragin orokorra oso txikia da. Euskararen batez besteko nota 0,13 puntu baino ez da igo; Matematika IIrena, 0,16; Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikarena eta Filosofiarena, 0,11; Ingelesarena, 0,05; eta Gaztelania eta Literaturarena, 0,01 besterik ez.
Unibertsitatearen ustez, datu horiek agerian uzten dute zuzenketa- eta berrikuspen-sistemaren sendotasuna eta ebaluazio-irizpideen aplikazio homogeneoa.
Desberdintasuna beste irakasgaietan
Azterlanak epaimahai desberdinen portaera ere aztertu du. Emaitzen arabera, ikusitako desberdintasunak ez dira Euskara eta Literatura IIren berezko ezaugarri. Irakasgai honetan batez bestekoak 2,88 eta 4,43 puntu artekoak dituzten epaimahaiak daude; baina antzeko aldeak ageri dira Gaztelania eta Literaturan (5,8 eta 6,9 artean) eta Ingelesean (6,79 eta 7,56 artean) ere.
Era berean, balio anomaloak identifikatu dira beste irakasgai batzuetan ere, hala nola Kimikan, Biologian, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikan eta Matematika IIn.
Unibertsitateak gogorarazi du ebaluatzaileen arteko irizpide-desberdintasunak edozein ebaluazio akademikoren berezko ezaugarria direla eta ez direla automatikoki anomaliatzat hartu behar. Izan ere, prozesuaren dokumentazio teknikoak berak jasotzen du zuzentzaileen artean bi puntuko aldea egotea ez dela anomaliatzat jotzen, baizik eta ebaluazioaren berezko diskrezionaltasun teknikoaren barruan kokatzen dela.
Irizpide hori, gainera, 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat dator. Dekretuak aurreikusten du lehen eta bigarren zuzenketaren artean bi puntuko edo gehiagoko aldea dagoenean soilik esku hartuko dutela beste bi aditu independenteren bidez egingo den hirugarren berrikuspen batek. Kasu horretan baino ez du sistemak ulertzen irizpide-desberdintasuna egon daitekeela, eta, horregatik, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko beste berrikuspen bat aktibatzen du automatikoki.
Euskal Herriko Unibertsitateak azaldu du epaimahaiei buruzko datuak dagoeneko Hezkuntza Sailari helarazi dizkiola, elkarrekin azter ditzaten. Halaber, gogorarazi du unibertsitateak ez dituela ikasleen hizkuntza-ereduari edo hezkuntza-sareari buruzko datuak biltzen, ebaluazio-prozesuaren anonimotasuna bermatzeko eta zuzenketak azterketaren jatorria identifikatu gabe egin daitezen.
Datuekiko konpromisoa
Amaitzeko, errektoreak eta Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak Euskal Herriko Unibertsitateak gardentasunarekin, objektibotasunarekin eta aukera-berdintasunean oinarritutako unibertsitatera sartzeko sistemaren defentsarekin duen konpromisoa berretsi dute.
«Sistemarekiko konfiantza indartzeko modurik onena datuak osotasunean aztertzea da. USaPa ikuspegi global batetik aztertzen denean, egiaztatzen dugu Euskara eta Literatura IIn ikusitako joera asko beste irakasgai batzuetan ere gertatzen direla. Datuak izan behar dira eztabaida publikoaren oinarria, eta datu horiek osotasunean aztertzea guztion erantzukizuna da», azpimarratu dute.