euskaraespañol

Redes sociales campusa

Josu Amezaga Albizu. Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea

Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk

Ezinbestekoa dugu zientziaren arlo bakoitzaren balioari buruzko eztabaida sakon bat egitea; baita ikerkuntza ebaluatzeko erabiltzen diren eredu eta irizpideen ingurukoa ere.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/29

Atera da, azkenik, Euskal Unibertsitate Sistemako (EUS) Ikerketa taldeen jarduerak 2026-2029an laguntzeko deialdiaren ebazpena.

Lehen kolpe batean zenbait datu deigarri ikus daitezke, eta horietako batzuk nabarmentzea da artikulu honen helburua, beti ere egin beharreko eztabaida bat sustatu asmoz, eta gehienbat Gizarte eta Lege Zientzien ikuspegitik.

Aurrera jarraitu aurretik ordea, ohar garrantzitsu parea egingo dut. Lehena: aztertutako datuak uztailaren 22an emandako behin-behineko ebazpenarenak dira (Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, 2026). Behin betiko ebazpenean, beraz, datuak zertxobait alda litezke, adibidez jarritako helegiteak onartuz gero. Aldaketarik egotekotan hemengo analisia gutxi ukituko dutelakoan egin da azterketa.

Bigarren oharra: gehienbat aurkeztutako proiektuen ebaluazioak aztertzen dira, ez haien ondorioz emandako diru laguntzak. Besteak beste, ebazpen honetan laguntzarik gabe geratuko diren taldeei bestelako formula batez laguntzea adostu omen dute Eusko Jaurlaritzak eta EHUk. Beraz, oinarri handirik ez luke laguntza horiek zehaztasunez ezagutu gabe bide horretatik jotzeak. Salbuespen bat egingo dugu ordea, ikerketarako langileak kontratatzeko ditu laguntzen kasuan, kasu horretan behin betiko finantzazioa gutxi aldatuko delakoan.

Ebazpeneko ebaluazioaren emaitzak, zientziaren arloen arabera

Aitortutako taldeak, kategorien arabera, arloka

EUS osoko taldeen banaketa hartuz gero, arreta deitzen du Gizarte eta Lege Zientzietan izandako A / B kategorietako taldeen ratioa.

Taldeak, lortutako kategoriaren arabera

  Eskariak A-Kategoria B-Kategoria Ezetsia Batez bestejo puntuazioa
Artea eta Humanitateak 26%73%27%078,96
Gizarte eta Lege Zientziak 78%22%69%966,78
Ingeniaritza eta Arkitektura 62%66%29%577,61
Osasun Zientziak 31%71%23%678,3
Zientzia Esperimentalak 54%94%6%086,04
OROTARA 251 %60 %35 %5 76,28

 

Arlo horretako 78 eskarietatik 17k lortu dute A kategoria (75 puntu baino gehiago alegia). Beste 54k B kategoria lortu dute, eta beste 7 aitortza gabe geratu dira (puntu nahikorik lortu ez dutelako). Hots, arlo horretan aurkeztutako taldeen % 22 baino ez da iritsi A mailara, gainontzeko arloetako patroitik oso urrun (guztietan, arloko taldeen % 66tik gora dira A kategoriakoak); eta, bereziki, Zientzia Esperimentalen arlotik, horretan % 94k lortu baitu A kategoria. 

Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak

Ikerketan laguntzeko ikerlariak kontratatzeko laguntzak aurreikusten ditu deialdiak, baina A kategoria lortzen duten taldeentzat soilik. Ondorioz, aurreko kategorien banaketak asko baldintzatuko du hurrengo lau urteetan deialdi honen bidez kontratatuko diren langileen kokapena. 

Sarreran esan dugun moduan, eskuartean ditugun datuak behin-behinekoak dira. Kopuru horiei, helegiteen ondorioz suerta litezkeen aldaketak aplikatu beharko litzaizkieke; bai eta ebazpen horren bidez laguntza jaso ez, baina EJ-EHU adostasunari esker A talde gisa finantzatuko diren (eta beraz langileak kontratatzeko dirua jaso lezaketen) taldeentzako laguntzak. Azken horiei dagokienez, zera dakigu: EHUko 4 taldek jaso lezaketela, adostasun horren ondorioz, langileak kontratatzeko laguntza; horrek EHUko A taldeen % 3 suposatzen du. Ez dakigu DU eta MUn A kategoria lortu, baina laguntzarik jaso ez duten taldeak ere finantzatuko ote diren kontratu programa bidez. Hala balitz, beste 6 talderen laguntzak gehitu beharko lirateke goiko grafikoan (EUS osoko A taldeen % 7). Beraz, datuak tentuz irakurri behar dira, behin betikoak ez direlako. Hurbilpen gisa aurkezten ditugu horregatik. 

Langileak kontratatzeko laguntzak, orotara (€)

  Langileak kontratatzeko laguntzak, orotara (€)
Artea eta Humanitateak 1.770.309
Gizarte eta Lege Zientziak 2.670.000
Ingeniaritza eta Arkitektura 3.924.399
Osasun Zientziak 2.525.900

Zientzia Esperimentalak

6.782.287
EHU OROTARA 17.672.895

 

Laguntza horiekin zenbat ikerlari kontratatu ahal izango diren estimatzeko, ez daukagu DU eta MUko langileen eta IRIen egituraren datu zehatzik. Baina EHUko datuak eskuan, estimazio bat egin dezakegu. Horrela, laguntza horiekin kontratatuko diren ikerlarien urteko batez besteko kostua (2026ko datuekin) 55.000 € izan daitekeela suposatuko dugu, ez-doktoreen kostua 50.000 € inguru eta doktoreen kostua € 58.000 direlakoan.

Hala bada, laguntza horiekin kontratatu daitezkeen ikerlari/urteak estimatu ahal ditugu, arloka:

Jasotako laguntzaz kontratatu litezkeen ikerlari/urteak, EHU

  X: kontratatu litezkeen Ikerlariak/urteak Y: IRI (ETC) kopurua (1)

Y/X ratioa

Artea eta Humanitateak

3244914
Gizarte eta Lege Zientziak 33130139
Ingeniaritza eta Arkitektura 6381913
Osasun Zientziak 464349
Zientzia Esperimentalak 1235324
EHU OROTARA 298 3535 12

(1) ETC: Denboraldi osoko kontratuaren parekidea. Iturria: Sistema Integrado de Información Universitaria (Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades, d. g.)

Hemen ere aldeak oso handiak dira: Zientzia Esperimentalen arloan, jasotako laguntzei esker ikerlari baten urtebeteko kontratua finantzatu ahal izango da 4 IRIko; Gizarte eta lege Zientzien arloan berriz, 39 IRIkoa izango da ratioa, hamar aldiz txikiagoa.

Euskadiko RIS3 estrategiarekiko eta berrikuntzako itsasargiekiko lerrokadura

Aurkeztutako proiektuak RIS3 estrategiarekin eta berrikuntzako itsasargiekin duten lerrokaduraren arabera, gehienez 2 puntu eman zitzakeen Hautaketa Batzordeak. Gogoratu beharra dago proiektuen ebaluazioan atal gehienak UNIBASQ-ek ebaluatu dituela: oinarrizko irizpideak, finantzaketa eta ezagutzaren transferentzia, helburuak, lan plana, eta irizpide osagarriak alegia. RIS3 estrategiarekin eta berrikuntzako itsasargiekin duten lerrokadura aldiz, Hautaketa Batzordeak ebaluatu du, deialdiak ezarritakoarekin bat eginez.

Hemen ere alde nabarmenak daude emandako puntuazioetan, arloaren arabera. 

Euskadiko RIS3 estrategiarekiko eta berrikuntzako itsasargiekiko lerrokaduragatik talde bakoitzari emandako puntuak

  0 puntu puntu 1 1,5 puntu 2 puntu
Artea eta Humanitateak 65%35%0%0%
Gizarte eta Lege Zientziak 64%28%3%5%
Ingeniaritza eta Arkitektura 0%3%2%95%
Osasun Zientziak 3%0%10%87%
Zientzia Esperimentalak 0%9%2%89%
OROTARA 27% 15% 3% 55%


 

Gizarte eta Lege Zientzietako talde gehienek (50k) ez dute batere punturik lortu atal honetan, eta batzuek (22k) puntu bana lortu dute. Arteak eta Humanitateak arloan ere gehienek ez dute punturik lortu. Aitzitik, gainontzeko arloetako talde ia guztiek puntuazio altuena lortu dute, 2na puntu alegia. Batez bestekoetan adierazita, eta muturrak soilik azalduta, Gizarte eta Lege Zientzietako taldeei batez beste 0,42 puntu eman zaizkie RIS3 eta berrikuntzako itsasargiekin lerrokatzeagatik; eta Zientzia Esperimetaletakoei, 1,90 puntu. 

Generoaren ikuspegia

Deialdiak ikerkuntza arloko genero parekidetasuna ere bultzatu nahi du, eta 4 puntura arte ematen ditu oso tasatuta dauden irizpideen arabera. Taldeek atal honetan lortutako puntuei erreparatuz gero, arloen arabera dauden genero ezberdintasunak nabarmentzen dira.

Genero parekidetasunagatik taldeek jasotako batez besteko puntuazioa

Arloa

Lortutako batez besteko puntuak

Artea eta Humanitateak 2,3
Gizarte eta Lege Zientziak 2,5
Ingeniaritza eta Arkitektura 1,6
Osasun Zientziak 2,5
Zientzia Esperimentalak 2,1

 

Emaitzen interpretazioa

Datuek erakusten dutena esplikatzeko analisi sakonagoa egin beharko litzateke. Datu finkoagoak, ebaluatzaileen eta ikerkuntzaren arduradunen ikuspuntuak, analisi historikoa eta beste zenbait jaso beharko genituzke.

Artikuluxka honen helburua, ordea, ez doa hain urrun; datuen lehen irakurketa bat egin, eta saihetsi ezineko debate baten aurrean gaudela iradokitzea baino ez du bilatzen.

Mugak muga, zenbait galdera eta iruzkin egin daitezke datuon argitan. Lehen galdera, arloen artean agertzen diren ezberdintasun handien jatorriari dagokio. UNIBASQ-eko batzorde ebaluatzaileen irizpide edo zorroztasunean datza? Deialdiak ezarritako irizpideetan? Eusko Jaurlaritzaren ikerkuntza politikan? Taldeen beraien ezaugarrietan? Erantzun borobilik ez dugu, baina hipotesiak eratzen lagun lezaketen zenbait datu eta analisi bai ordea.

Lehen datua deialdian bertan dago: 50 milioi euro aurreikusten zituen, 2021eko deialdiaren 42 milioien aldean; nominalki, % 19ko igoera. Aldiz, lau urte horietan KPI delakoa % 19,2 igo zen (EUSTAT, d. g.). Igoera hau aplikatuz gero, 2025eko deialdirako aurreikusitako diru kopurua apur bat jaitsi da: % 0,2 hain zuzen. Jaitsiera ez da ordea islatu arlo guztietan: Zientzia Esperimentaletan KPI aplikatu ondoko igoera izan den bitartean (% 2,6), Gizarte eta Lege Zientzietan - % 5,8ko jaitsiera izan da; Ingeniaritza eta Arkitekturan ere jaitsiera izan da (% 0,9), eta Artea eta Humanitateetan zein Osasun Zientzietan igoera txikia (% 0,3 eta % 1,3 hurrenez hurren). Deialdiak berak Gizarte eta lege Zientzien arloan duela lau urte baino diru gutxiago ematea aurreikusten zuen.

Bigarren datua, RIS3 eta Berrikuntzako itsasargiekiko lerrokatzearen ebaluazioa dugu. Zaila da jakiten zein irizpide erabili den atal horren ebaluazioa egitean. Alde batetik, UNIBASQ-ek puntuatu dituen atalen kasuan ez bezala, taldeek ez dute jaso atal horretan Hautaketa Batzordeak emandako puntuazioa argitzen duen ebaluazio txostenik; legea ez dakit, baina “fair-play” delakoa gutxienez (ebaluazio negatiboaren arrazoia ematea alegia) ez da bete, oraingoz bederen.

Halaber, beren ikerketa ildoak RIS3 estrategiarekin eta berrikuntzako itsasargiekin nola lerrokatzen diren argudiatu behar zuten taldeek eskarian. Auzia zera da: eskariak egiteko epea amaitu zenerako (2025eko urriak 20), ez zegoela berrikuntzako itsasargiak zer diren azaltzen zuen inolako dokumentu ofizial publikorik. Itsasargien jendaurreko aurkezpena handik ia bi astera egin zen, urriak 31n. Bederatzi itsasargiak zein ziren jakin, eskariaren aplikazioan txertatutako menu tolesgarri baten bidez jakin zuten taldeek; izenburu hutsa, bestelako azalpenik gabe. Hots, artean piztu gabe zeuden itsasargi batzuekin lerrokatzea eskatzen zitzaien taldeei. Arlo batzuetako taldeak oso ondo lerrokatu dira; ordea, beste arlo batzuetakoak oso txarto; hori iradokitzen du puntuazioak.

Analisirako ideiei dagokienez, mini-marko teoriko gisa, duela hainbat urte EHUko Ikerketa Batzordean kide bati entzun nionaren haria hartuko dut. Hark “ordaindu beharreko peajetzat” zuen gizarte arloko ikerkuntza (benetako ikerkuntza egin ahal izateko onartu beharrekoa, alegia). Karikatura guztiek bezala, gauzak sinpletu egiten zituen adierazpen horrek; baina karikatura guztiek bezala, errealitatearen zati esanguratsu bat nabarmentzen zuen. Gizarte Zientzietako ikerlari batzuek hainbatetan sumatu dugu goitik behera zuzendu zaigun begirada. Ez da berria, eta ez da, zoritxarrez, gure inguruneko esklusiboa. Jürgen Habermas zenak ondo azaldu zuen gizarte modernoetan ekonomiak hartu duen zentraltasunaren ondorioz, lanari lotutako arrazoinamendu mota (arrazoi instrumental-teknikoa) nagusitu dela (Habermas, 1991, 1992). Naturako fenomenoei begiratzen dieten zientziak, hartara, gizaki eta gizarteko fenomenoei begiratzen dieten zientzien gainetik jarri dira diskurtso askotan. Nahiz eta jakin, badakigun gure munduak egun dituen arazo nagusiak ez direla naturak eragindakoak, gizakiek eragindakoak baizik.

Ondorioak

Analisiak analisi, datu hauek zer pentsatua ematen dutelakoan nago, eta eztabaida bat sustatzeko asmoz ekarri ditut hona.

Puntuazioetan ikerkuntzako arlo batzuk RIS3 eta Berrikuntzako itsasargiekin lerrokatuta ez agertzearen arrazoiekin hasita, albiste ona litzateke ebaluazio desegoki baten ondorioa izatea; gaitzerdi. Albiste txarra, ikerkuntza politika publikoetan arlo horiek lekurik ez izatea litzateke.

Hemendik lau urtera deialdi horren emaitzen ebaluazioa egin beharko da. Suertatu den laguntzen banaketarekin, pentsa daiteke talde batzuek emaitza hobeak aurkeztu ahal izango dituztela, oraingoan laguntza gehiago (adibidez ikerketarako langileak) lortu dutelako. Horrela, gurpil soroa kiribil bihurtuko da.

Ezinbestekoa dugu zientziaren arlo bakoitzaren balioari buruzko eztabaida sakon bat egitea; bai eta ikerkuntza ebaluatzeko erabiltzen diren eredu eta irizpideen inguruko eztabaida sakon bat ere.

Eztabaida horietarako, horra nire ekarpen bat. Egia da Giza eta Gizarte Zientzietan ez dugula lege unibertsalik aurkitzen; guk aztertzen ditugun errealitate asko, objektiboak baino gehiago intersubjektiboak direla (subjektuekin, ez objektuekin, lan egiten baitugu); eta zaila egiten zaigula etorkizuna asmatzea (zientzia orok, azken funtsean, gertatuko dena aurreikusi nahi du; eragiteko batzuetan, saihesteko besteetan). Baina imajinatu zuhaitzen garapenean eragiten duten faktore exogeno eta endogeno konplexuez gain, ale bakoitzak borondate propioa izango balu, zeinek berea, albokoaren ezberdina; pertsonek duten bezala alegia. Imajinatu molekula baten egitura ezberdina izango balitz Euskal Herrian eta Txinan, familia batek batean edo bestean egitura ezberdinak dituen bezala. Imajinatu herri kulturari buruzko doktore tesi bat egiten duzula, euskaraz eta Euskal Herrian, eta ingelesez defendatu behar duzula (“pop culture”?). Utziko ote genioke, horregatik, errealitate horiek ikertzeari?

Zientziaren arlo bakoitzari berea eskatu behar zaio, eta ezin dira berdin ebaluatu. Nazioartekotzea edo unibertsaltasuna, adibidez, ezin dira guztietan berdin ulertu. Elkarrengandik asko ikasi behar dugu zientzian aritzen garenok; ez batzuek besteengandik bakarrik.

Eta zientziaren arlo bakoitzak gizarteari eta munduari eman diezaiokeena balioetsi behar da. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailburuak hori erakusten zuten adibide egokiak jarri zituen itsasargien lehen aurkezpenean bertan. Eta ideia berritzaile bat bota zuen: Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean, lehen aldiz, Gizarte Zientziak hartuko direla kontuan.

Deialdi honen lehen emaitzak ikusita, ordea, oraindik bide luzea dago egiteko.

Erreferentziak

EUSTAT. (d. g.). Euskal AEko KPI. Berreskuratua 2026(e)ko uztailaren 27(e)an, hemendik:  https://eu.eustat.eus/ipc.html#scr

Habermas, J. (1991). Zientzia eta teknika «Ideologia»tzat. In X. Palacios (Arg.), Filosofi testuak (Libk. 1968, 474–507. or.). Euskal Herriko Unibertsitatea.

Habermas, J. (1992). Ciencia y técnica como «ideología». Tecnos.

Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades. (d. g.). Sistema Integrado de Información Universitaria (SIIU). Berreskuratua 2026(e)ko uztailaren 27(e)an, hemendik:  https://www.ciencia.gob.es/Ministerio/Estadisticas/SIIU.html

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila. (2026(e)ko uztailak 23). IKERTALDE 2026. Euskal Unibertsitate sistemako ikerketa-taldeen jarduerak. Ebazpena. https://www.euskadi.eus/ikertalde-2026-ebazpena/web01-a2hunib/eu/

Erabilitako datuak

Artikuluxka honetan erabilitako datuak, deialdiaren behin behineko ebazpena argitaratzen duten PDF dokumentuetatik aterata daude. Hortik kalkulu orri bat sortu da datu nagusiekin, eta orri hori irakurlearen esku jartzen da, nork bere analisi propioak egiteko edota, baleude, errakuntzak aurkitzeko. Artxiboa hemendik deskarga daiteke.


Honen harira