Titulazio berriak industria ingeniaritzako prestakuntza sendoa eta teknologia kuantikoetako ezagutzak uztartuko ditu, eta hiru aipamen eskainiko ditu: Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Elektrikoa.
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak gradu berri bat jarriko du martxan teknologia kuantikoak industriara eramateko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/09
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren bitartez, Industriarako Ingeniaritza Kuantikoko Gradu berria jarriko du martxan. Titulazio aitzindaria da, eta helburu argi batekin sortu da: teknologia kuantikoak laborategitik industriara eramaten lagunduko duten profesionalei prestakuntza ematea.
Titulazio berriak aurrea hartu nahi dio datozen urteetan garrantzia hartzen joango den premia bati: industria ingeniaritzako prestakuntza sendoa eta teknologia kuantikoei buruzko ezagutzak uztartzeko gai diren profesionalak edukitzea, eta garapen zientifikoaren eta horren aplikazio industrialaren arteko zubi gisa jardutea.
“Oraindik eraikitzen ari den agertoki baterako prestatuko ditugu profesionalak. Ez dakigu zein izango diren teknologia kuantikoen aplikazio industrial guztiak hamar edo hamabost urte barru, baina dakiguna da, laborategiko aurrerapen horiek aplikazio errealetara eramateko, bi errealitateak ulertzeko gai diren ingeniariak beharko ditugula”, adierazi du Iker Laskurainek, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak.
Teknologia kuantikoetarako prestatutako industria ingeniaritza
Industriarako Ingeniaritza Kuantikoko Graduak 240 ECTS kreditu eta ikasle berrientzako 25 plaza izango ditu. 2027-2028 ikasturtetik aurrera martxan jartzea aurreikusita dago. Graduak hiru aipamen hauen bidez espezializatzeko aukera emango du: Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Elektrikoa.
Titulazioak, gainera, nazioarteko alderdia izango du argi eta garbi. Teknologia kuantikoen modulu espezifikoa osatzen duten irakasgaiak, 48 ECTS kreditu guztira, ingelesez emango dira, eta gainerako irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira. Graduan sartzeko ingeleseko B2 maila egiaztatu beharko da.
“Ikasleek ingeniaritzari buruzko oinarri sendoa eskuratzea nahi dugu, eta, aldi berean, gai izatea esparru kuantikoak berezkoa duen hizkuntza zientifiko eta teknologikoan naturaltasunez moldatzeko. Ingelesa, ildo horretan, funtsezko tresna da jakintzara iristeko, nazioarteko inguruneetan lan egiteko eta globala den ekosistema zientifiko eta teknologiko batekin harremanetan jartzeko”, azaldu du Ane Sarasolak, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Akademia Antolakuntzako zuzendariorde eta Fisika Aplikatua Saileko irakasle eta ikertzaileak.
Graduan sartzeko ingeleseko B2 maila egiaztatu beharko da.
Egitura hori titulazioaren elementu bereizgarrietako bat da. “Helburua ez da ingeniaritzako prestakuntza tradizionala ordezkatzea, teknologia kuantiko berriak ulertzeko eta txertatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin osatzea baizik”. Hala, industria ingeniaritzako irakasgaiekin batera, modulu kuantikoa osatzen duten zortzi irakasgaien bitartez ikasleek prestakuntza jasoko dute gai hauetan: mekanika kuantikoa, fotonika, material kuantikoak, nanoelektronika, sentsore kuantikoak, konputazio kuantikoa eta ingeniaritza kuantikorako teknologia erraztaileak.
“Graduaren balio nagusietako bat, duen izaera hibridoa da, hain zuzen ere. Ez dugu planteatzen ingeniaritzatik isolatutako prestakuntza kuantikoa, ingeniaritzan integratua baizik. Ikasleek teknologia kuantikoei buruzko ezagutza aurreratuak eskuratuko dituzte, eta prestakuntza industriala izaten jarraituko dute, sistema eta aplikazio errealetara nola eraman ulertzeko”, azpimarratu du Nagore Gabilondok, ikastegiko Akreditazio zuzendariorde eta Titulazio koordinatzaileak.
Hiru bide profesional nagusi
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak garapen profesionalerako hiru alor nagusi identifikatzen ditu etorkizuneko egresatuentzat:
Lehenengoa industria izango da. Graduatuak ingeniaritzako eta I+G+b-ko enpresetan eta sailetan sartu ahal izango dira, profil industrialei dagozkien funtzioak betez, baina pixkanaka teknologia kuantikoek eskain ditzaketen aukerak txertatuz joango dira. “Etorkizuna ez da ohiko teknologien ordez teknologia kuantikoak erabiltzea, baizik eta horiek abantaila ekar dezaketen lekuetan hibridatzea. Horretarako, gure enpresek aukera horiek identifikatzeko eta prozesu eta teknologietan soluzio kuantikoak txertatzeko gai diren profesionalak beharko dituzte”, nabarmendu du Ane Sarasolak.
Bigarren bidea ikerketa eta espezializazio zientifikoa izango da. Arlo horretan sakondu nahi dutenek beren prestakuntzarekin jarraitu ahal izango dute graduondoko ikasketei esker, eta, ondoren, beren jarduera garatu ahal izango dute ikerketa eta garapen teknologikoan. Testuinguru horretan, Eskolak Condensed Matter Physics and Quantum Materials unibertsitate masterra ere jarriko du abian 2027/2028 ikasturtean. Master horrek jarraipen bide bat emango die material, fisika eta teknologia kuantikoetan sakondu eta etorkizun profesionala ikerketara eta teknologia berrien garapenera bideratu nahi dutenei. “Graduaren eta ondorengo espezializazioaren konbinazioak, ingeniaritzaren eta ikerketaren arteko mugan mugitzeko gai diren profilak prestatzea ere ahalbidetuko du. Konexio hori funtsezkoa izango da laborategietan gertatzen diren aurrerapenak teknologia berri bihurtu ahal izateko”.
Condensed Matter Physics and Quantum Materials unibertsitate masterra ere jarriko da abian 2027/2028 ikasturtean
Hirugarren eremua teknologia kuantikoak posible egiteko beharrezkoak diren instrumentazioa eta hardwarea diseinatzea eta garatzea izango da. “Ordenagailu kuantiko baten zatirik agerikoena prozesadoreak eta algoritmoek osatzen duten arren, haren funtzionamendurako beharrezkoak dira: sistema elektronikoak, kriogenia, fotonika, kontrola, datu eskuratzea, instrumentazioa, materialak eta doitasun handiko osagai mekanikoak. Hori guztia ere bada ingeniaritza”, azpimarratu du ikastegiko Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak.
Ikuspegi horren harira, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak hein handi batean gradu berriaren filosofia laburbiltzen duen gai bat planteatu du. “Galdera ez da ea Euskadin etorkizuneko teknologia kuantikoak erabili nahi ditugun planteatzera mugatzen. Galdera da ea teknologia horien diseinuan eta garapenean eta horiek posible egingo dituen instrumentazioan ere parte hartu nahi dugun”, adierazi du Iker Laskurainek.
Ikasketa planak honako hauekin lotutako gaitasunak jasotzen ditu: sistema optikoen diseinua, gailu nanoelektronikoak, sentsore kuantikoak, eta, bereziki, teknologia kuantikoen aplikazioetarako beharrezkoa den euskarri kriogeniko, elektroniko eta fotonikoko hardwarearen analisi eta diseinuarekin lotutakoak.
Konputaziotik haratago: sentsore kuantikoak eta industria aukera berriak
Konputazioa da seguruenik teknologia kuantikoen aplikazio ezagunena, baina ez da bakarra. EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarentzat bereziki garrantzitsua da sentsorika kuantikoaren garapenari eta doitasun handiko neurketa sistemei erreparatzea. Teknologia horien bilakaerak aplikazio eta aukera berriak sor ditzake hainbat industria eremutan. Sentsore kuantiko bat ez da gailua bakarrik, hauek guztiak beharrezkoak dira: elektronika, kontrol sistemak, komunikazioak, kapsulatzea, materialak, fabrikazioa, instrumentazioa, datuak eskuratzea eta tratatzea, eta industria sistemetan integratzea.
“Sentsorika kuantikoan, ingeniaritzaren ikuspegitik interes izugarria duen esparrua ikusten dugu. Neurketa printzipio berri bat laborategitik kanpo erabili ahal izateko moduko soluzio bihurtuko bada, beharrezkoa da integrazio, instrumentazio, kontrol eta fabrikazio erronka asko ebaztea. Hor hartzen du garrantzi berezia ingeniaritzaren profilak”, adierazi du Ane Sarasolak. “Euskadik gaitasun industrial handiak ditu hainbat arlotan, hala nola fabrikazio aurreratuan, elektronikan, automatizazioan, energian edo materialetan. Teknologia kuantikoek aplikazio industrialak aurkitu ahala, balio kate berriak eta gure enpresek parte hartu ahal izango duten negozio nitxo berriak ager daitezke”, gaineratu du Iker Laskurainek.
Horregatik, graduko prestakuntza espezifikoak, besteak beste, Nanoelektronika eta Sentsore Kuantikoak irakasgaia du, gailu nanoelektronikoak, fenomeno kuantikoetan oinarritutako detekzio mekanismoak eta doitasun handiko neurketa sistemak ezagutzera bideratua.
Zientzia kuantikotik industriara
Gradu berria bereziki mesedegarri zaion ingurune batean garatzen da gainera. Graduaren diseinua euskal ekosistema zientifiko eta teknologikoko eragileekin kontrastatu da, hala nola Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa (CFM), Basque Quantum (BasQ), Euskampus eta EHU Quantum Center zentroekin. Ikasleen prestakuntza jardueretan, proiektuetan eta praktiketan horiekin lankidetzan aritzea aurreikusita dago.
Unibertsitatearen, ikerketa zentroen eta industriaren arteko konbinazio horrek zubi izan nahi du teknologia kuantikoen inguruan sortzen ari den ezagutza zientifikoaren eta etorkizunean produktu, prozesu eta zerbitzuetan izango duen aplikazioaren artean. “Titulazioaren diseinuak lotura egiteko nahi horri erantzuten dio, hain zuzen ere. Ingeniaritzako oinarri sendoa eta prestakuntza kuantiko espezifikoa uztartuko dituen gradu bat sortu nahi izan dugu, ikasleei gure inguruko ekosistema zientifiko, teknologiko eta industrialarekin harremanetan jartzeko aukera emango diena”, azaldu du Nagore Gabilondok.
Gradu berria bereziki mesedegarri zaion ingurune batean garatzen da.
“Euskadin lehen mailako ekosistema zientifikoa dugu teknologia kuantikoen inguruan, eta, aldi berean, indar handiko industria sarea dugu. Bi munduak uztartzean dago gure aukera. Hori egiteko, zientzia ulertzeko gai diren pertsonak beharko ditugu, baina baita teknologia horiek diseinatzeko, fabrikatzeko, integratzeko eta aplikazio errealetara eramateko gai direnak ere”, gaineratuz amaitu du Iker Laskurain EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak.
Gradua pixkanaka ezartzea aurreikusita dago 2027-2028 ikasturtetik aurrera, 2030-2031 ikasturtean titulazioko lau ikasturteak osatu arte.