Kobazuloetako labar-irudietan errepikatzen diren asoziazioen arabera, historiaurreko marrazkiek zer egitura- eta hierarkia-patroi jarraitzen dituzten identifikatu du ikertzaileak. Bisonteak, zaldiak eta ahuntzak konposizioen erdigunean ageri dira, eta bestelako animaliak inguruan. Zaldiak eskuinera begira irudikatu ohi zituzten, eta beste animaliak normalean ezkerrera begira. Zergatiak jakin ez arren, argi geratu da irudiek barne-antolamendu jakin bati jarraitzen diotela.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
-
Abuztuan, lanetan
Historiaurreko pinturetako animaliak patroi baten arabera antolatuta daude
Euskal Herriko 9 haitzulotako horma-irudien antolaera aztertu du EHUko ikertzaile Iñaki Intxaurbek, sare-analisia eta estatistika erabiliz
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/22
Iñaki Intxaurbe doktorea EHUko Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Sail ean aritzen da ikertzen: “Labar-artearekin egiten dut lan, haitzuloetako hormetan marraztutako irudiekin. Haien kopia digitalak egiten ditut, gero haiekin simulazioak eta analisi estatistikoak egiteko”, azaldu du. Zehazki, Euskal Herriko bederatzi kobazulotako 500 motibo grafiko aztertu ditu, duela 16.000 eta 14.000 urte artean marraztuak gutxi gorabehera. “Ikusi nahi izan dut ea irudi horiek ausaz marraztu ote ziren edo nolabaiteko patroi bati jarraitzen ote zioten”, erantsi du.
Adierazpen grafikoa ideien, kontzeptuen edo informazioaren irudikapen bisual gisa defini daiteke. Paleolitoko jarduera grafikoak orduko pentsamendu kolektiboaren edo sinbolismoaren zantzuak baditu, komunikatzeko sistema egituratu gisa uler daiteke. “Labar-artea espresio bisual eta grafiko bat denez, pentsatzekoa zen agian egon litekeela orden sintaktiko bat horren atzean. Sintaxiak hitzen edo esaldien antolaera ematen digu. Sintaxia aztertzen da hizkuntza batean erabiltzen diren egiturak ulertzeko”, dio. Azterketa hori egiteko, metodo estatistikoak eta irudi guztien sare-analisia erabili ditu, irudietako elementuen arteko erlazioen patroiak deskribatzeko.
Irudiak ez daude ausaz antolatuta
Emaitzek erakutsi dute “kobazulo barneko artea era ordenatu batean egin zela, ez ausaz”. Oro har, bisonteak, zaldiak eta ahuntzak erdigunean kokatzen zituzten, eta beste animalia batzuen irudiek beste paper adierazgarri bat jokatzen dute, haien inguruan. “Bisonteak normalean ezkerrera begira agertzen dira, eta zaldiak eskuinera. Kasu bakan batzuetan izan ezik; horietan alderantziz irudikatu zituzten: kasu horietan, zaldiak azaldu ohi dira ezkerrera begira, eta gainerako animalia guztiak, eskuinera begira. Beraz, horrek erakusten du sistema hori ez dela ausazkoa, ideia orokor bati jarraitzen dion zerbait dagoela irudi horien atzean, haien sinbologian garrantzia zuen zerbait”, nabarmendu du Intxaurbek. Ikerketan agerian geratu da hiru animalia nagusi horiekin patroi estruktural bat jarraitzen zutela: “Kobazulo osoko irudi guztiak haien agerpen eta orientazioaren arabera antolatzen zituztela iradokitzen du estatistikak, esanguratasun maila baten barnean”.
Ikerketa honetan ez da jardunbide horien zergatiari buruzko azalpenik ematen. Marrazkien atzean zerbait egituratua dagoela ikusi da, baina egitura horren atzean zer mezu egon daitekeen ez dute zehaztu. Ikerketa honek 1950eko hamarkadan egindako proposamen batzuk baieztatu ditu: “Orduan ere aipatzen zen labar-artea ez zela ausazkoa. Animalia gehienak ezkerrera begira egon ohi direla jakina zen. Hori arrazoitzeko zenbaitek esan izan du marrazkilariak batez ere eskuinak izango zirela eta horregatik marrazten zituztela animaliak ezkerrera begira. Baina gure lanak erakutsi du zaldia dela animalia irudikatuenetako bat eta estatistikoki esanguratsua dela kontrako aldera (eskuinera) begira dagoela esatea”, dio EHUko ikertzaileak.
Ikertzailearen iritziz, “labar-pinturak ez zituzten aisialdirako egiten. Badakigu gauza garrantzitsua zirela haientzat; izan ere, haitzulo gutxi batzuetan egiten zituzten marrazkiak, ez guztietan. Eremu jakin batzuetako haitzuloak hautatzen zituzten horretarako. Orain badakigu Paleolito bukaerako labar-arteak egitura sintaktiko bat zuela, eta atzean badagoela ideia grafiko bat edo kode grafiko bat, guk ulertzen ez duguna baina haientzat garrantzitsua izango zena”.
Kode irekia
Ikerketa hau egiteko, Intxaurbek zenbait metodologia konbinatu ditu: “Aldagai anitzeko analisi estatistikoak eta sareetan oinarritutako analisiak erabili ditut, eta agerian geratu da oso emaitza onak ematen dituela Paleolitoko sistema grafikoen analisi konparatiboak egiteko”. Sinbolo-sistemen barne-antolaera ikertzeko tresna egokia eskaintzen du EHUko ikertzaileak. Izan ere, Intxaurbek bere metodologia eta datu-basea kode irekian argitaratu ditu, beste ikertzaile batzuek ere erabil ditzaten: “Etorkizunean, beste ikerlari batzuek aztertzen ari diren kobazuloetan ere aplikatu ahal izango dira. Hala, datu-basea handituz joan ahal izango gara; eta, bestalde, beste toki batzuetako haitzuloekin alderatu ahal izango dira datuak, Frantziakoak, iberiar penintsulakoak, munduko edozein tokitakoak…”.
Inskripzio historikoak, paleografia edota hizkuntzalaritza historikoa aztertzeko ere erabilgarri izan daiteke metodologia, agerkidetza eta egitura konbinatorioak ardatz baitira haietan. “Adibidez, sistema iberikoan eta sistema baskoian, aztertzeko zelan antolatzen diren guk orain ulertzen ez ditugun esaldi horiek, ea sare-egitura bat jarraitzen duten edo ez. Horrek lagundu ahalko du, adibidez, deszifratu gabeko beste hizkuntza batzuen sintaxia zehazten”, dio Inxaurbek.
Informazio osagarria
Iñaki Intxaurbe EHUko ikertzaile doktorea da, eta Eusko Jaurlaritzako doktoretza osteko kontratupean ari da. Gaur egun Bordeleko Unibertsitatean ari da ikerketa-egonaldi bat egiten. Ikerketa hau Intxaurberen doktore-tesian abiatu zen (zuzendariak: Martin Arriolabengoa eta Diego Garate doktoreak).
Erreferentzia bibliografikoa
- Mapping the Symbolic Structure of Palaeolithic Rock Art Using Co-occurrence Network Analysis
- Journal of Archaeological Method and Theory
- DOI: 10.1007/s10816-026-09796-y
