Zergatik dira pertsona batzuk beste batzuk baino eraginkorragoak elkarren artean lehian dagoen informazioa kudeatzen edo distrakzioei aurre egiten? Azken hamarkadetan, ikerketek iradoki dute elebitasunak funtzio kognitibo jakin batzuk indartu ditzakeela, hala nola kontrol inhibitorioa. Hala ere, emaitzak ez dira beti bateragarriak izan: lan batzuek abantaila hori aurkitu dute, baina beste askok ez.
Hizkuntzen erabilerak —eta ez elebiduntasunak bakarrik— eragiten dio kontrol inhibitorioari
EHUko ikerketa batek erakutsi du euskararen erabilera sozial handiagoa lotuta dagoela informazio gatazkatsua baztertzeko gaitasunarekin, baita adinean aurrera egin ahala ere
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/05/14
Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gogo Elebiduna ikerketa taldeko lan berri batek galdera beste modu batean planteatzen du: ez da elebiduna izatea bere horretan gakoa, baizik eta hizkuntzak eguneroko bizitzan nola erabiltzen diren. Ikerketa Bilingualism: Language and Cognition aldizkari zientifikoan argitaratu da (Cambridge University Press).
Kontrol inhibitorioa —une bakoitzean garrantzitsua ez den informazioa baztertzeko eta arreta bideratzeko gaitasuna— funtsezko prozesu kognitiboa da eguneroko jardunean. Gaitasun horrek aukera ematen digu informazio lehiakorraren artean egokia hautatzeko eta gainerakoa baztertzeko.
Elebitasunaren kasuan, galdera nagusia izan da ea bi hizkuntza erabiltzeak kontrol-prozesu horiek indartzen ote dituen. Gero eta argiago dago elebiduntasuna ez dela fenomeno homogeneoa, baizik eta oso esperientzia desberdinak biltzen dituen errealitatea: hizkuntzen erabileran, ikaste-adinean edo erabilera-testuinguruetan alde handiak daude hiztunen artean.
Nola egin da ikerketa
Ikerketan 242 lagunek hartu dute parte, 30 eta 80 urte bitartekoak: euskara–gaztelania elebidunak eta gaztelania elebakarrak. Elebidunen artean, batzuek euskara zuten lehen hizkuntza eta beste batzuek gaztelania, baina guztiek gaitasun handia eta erabilera eraginkorra zuten bi hizkuntzetan.
Parte-hartzaileen datu demografikoak ere jaso ziren. Adibidez, adina eta hezkuntza-maila, aldagai horiek eragina izan dezaketelako errendimendu kognitiboan.
Kontrol inhibitorioa neurtzeko, Stroop proba erabili zen. Proban, parte-hartzaileek koloreak izendatu behar dituzte hitzak eta koloreak elkarren artean gatazkan daudenean; horrek irakurketa bezalako erantzun automatikoak inhibitzea eta arreta zereginean mantentzea eskatzen du.
Parte hartzaileen hizkuntza-esperientzia modu zehatz eta sistematikoan neurtu zen galdetegi estandarizatu baten bidez. Tresna honek eguneroko erabilera hainbat testuingurutan jasotzen du: familia-harremanetan, lagunarteko elkarreraginetan, lan- edo ikasketa-inguruneetan, administrazioarekin edo osasun-zerbitzuekin izandako harremanetan, baita eguneroko jarduera arruntetan ere (irakurketa, komunikazio digitala edo aisialdia, besteak beste). Horri esker, hizkuntza bakoitzaren erabilera ez da modu orokorrean neurtzen, baizik eta xehetasunez eta modu jarraituan.
Emaitza nagusiak
Emaitzak erregresio-ereduen bidez aztertu dira, aldagai nagusien —adina, hezkuntza-maila eta hizkuntza-erabilera— eraginak aldi berean ebaluatzeko. Analisi horiek hiru ondorio nagusi eskaintzen dituzte.
Lehenik, adinak eta hezkuntza-mailak eragin argia dute kontrol inhibitorioan. Alde batetik, errendimendua apaldu egiten da adinarekin; bestetik, hezkuntza-maila baxuagoek emaitza apalagoekin lotura dute. Bi joera hauek bat datoz aurreko ikerketek erakutsitako ereduekin: zahartzearekin kontrol-prozesuek ahultzeko joera dute, eta hezkuntzak, askotan, babes-faktore modura jokatzen du.
Bigarrenik, elebidunen eta elebakarren artean ez da alde esanguratsurik agertzen talde mailan, adina eta hezkuntza kontuan hartzen direnean . Hau da, elebiduna izate hutsak ez du berez kontrol inhibitorio hobea bermatzen.
Hirugarrenik —eta funtsezkoena—, elebidunen barruko aldagaiak aztertzean agertzen dira desberdintasunak: euskararen erabilera sozial handiagoa duten pertsonek kontrol inhibitorio hobea erakusten dute . Harreman hori ez da kategorikoa, baizik eta jarraitua: erabilera handitu ahala, errendimendua ere hobetu egiten da.
Nola ulertu emaitza hauek
Emaitzek iradokitzen dute gakoa ez dagoela hizkuntza bat edo bi jakitean, baizik eta hizkuntzekin egiten den jardunean. Ez da gauza bera hizkuntza bat testuinguru egonkor eta aurreikusgarrietan erabiltzea edo egoera aldakorretan etengabe egokitu behar izatea.
Euskararen erabilera sozialak, askotan, hizkuntza aukeratzeko erabakiak unean bertan hartzea eskatzen du, solaskidearen edo egoeraren arabera. Horrek kontrol inhibitorioa sarriago aktibatzea dakar, eta horrek azal dezake aurkitutako lotura.
Lan honek ñabardura garrantzitsua gehitzen dio elebitasunaren eta kognizioaren arteko harremanari buruzko eztabaidari. Ez du baieztatzen elebidunek, oro har, kontrol inhibitorio hobea dutenik. Aitzitik, erakusten du elebidunen barruko aldagai zehatzek —bereziki hizkuntza-erabileraren ezaugarriek— zeresan handia izan dezaketela.
Ildo horretan, ikerketak indartzen du gaur egun gero eta zabalagoa den ikuspegia: elebitasunaren eragina ulertzeko, beharrezkoa dela hiztun elebidunen aniztasuna kontuan hartzea, eta ez tratatzea talde homogeneo gisa.
Ondorioa
“Hizkuntza egiten dugun jarduna da, ez soilik dugun ezagutza bat; eta jardun horren ezaugarriek —nola, noiz eta zein testuingurutan erabiltzen ditugun hizkuntzak— lotura dauka gure kontrol inhibitorioaren funtzionamenduarekin, baita adinean aurrera egin ahala ere”, laburbildu du Miren Arantzeta EHUko ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Types of language use and interference control in aging bilinguals: Insights from the Word–Color Stroop Task
- Bilingualism: Language and Cognition (Cambridge University Press)
- DOI: 10.1017/S1366728926101072
