euskaraespañol

C hepatitisean % 97ko sendatze-tasa lortu da metadona-erabiltzaileetan, tratamenduaren jarraipen pertsonalizatua eginez

Donostiako Bitarte Adikzioen Zentroan egin da saiakuntza, UPV/EHUren tesi baten bitartez, eta espezialistaren balorazioa eta botikak ematea konbinatu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/22

(Ezk-esk) Luis Bujanda de Piérola, José Manuel Chouza Pérez, Juan Arenas Ruiz-Tapiador eta Llenia Pérez | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

C hepatitisaren aurkako botika berrien sendatze-tasak % 95etik gorakoak diren arren, metadona bidezko mantentze-terapia egiten duten erabiltzaileen artean oso handia da gaixotasunaren prebalentzia. Donostiako Bitarte Adikzioen Zentroan garatu da programa, kolektibo horrentzako berariaz diseinatua, eta emaitza bikainak lortu ditu.

C hepatitisa infekzio kroniko bihurtzen den infekzio bat da, gehienetan, eta, urteak joan ahala, gibeleko zirrosia eragin dezake, baita gibeleko minbizia ere. Zain barnetik kutsatzen da batez ere; horregatik, gaur egun, droga injektagarriak kontsumitzen dituzten pertsonak kutsatzen dira, gehienbat, infekzio berriekin; kolektibo horretan, bat egiten dute infekzioaren prebalentziak eta kutsatzeko arrisku handiak.

Kolektibo horrek dituen ezaugarri zehatzak (nahasmendu psikiatrikoak, polimedikazio kronikoa, toxikoen kontsumo aktiboa…), aurre egin behar izaten dien oztopo ugariak –hala nola gizarte- eta familia-egoera, estigmatizazioa, gaixotasuna ez ezagutzea eta tratamendurako aukerak– eta osasun-sistemaren beraren mugak (ezaugarri horietako pazienteak tratatzeko esperientzia falta, efektu kaltegarriekiko beldurra eta mediku-arretako zirkuituen konplexutasuna, esaterako) kontuan hartuta, “era horretako pazienteek arazo larriak izaten dituzte tratamendua hartzeko”, dio Ylenia Pérez Castaño ikerketa-egileak –Donostiako Unibertsitate Ospitalera adskribatuta egon da ikerketak iraun duen bitartean–.

Hala ere, azkeneko urteetan garatu diren C hepatitisaren aurkako botikek aldatu egin dute eszenatoki terapeutikoa: tratamendu-jarraibide laburragoak dituzte, ahoz hartzekoak dira, eta % 95etik gorako sendatze-tasak dituzte. “Kontuan izanda, gainera, frogatuta dagoela botika horiek droga-kontsumitzaile aktiboentzako edo gaixotasun psikiatrikoak dituztenentzako seguruak direla, funtsezkoa da herritar zaurgarriei –eta horixe da droga-erabiltzaileen kasua– osasunerako irispidea errazteko estrategiak garatzea", adierazi du Perezek. 2030erako infekzio hori desagerrarazteko Osasunaren Mundu Erakundeak jarritako helburua lortu ahal izateko, “garrantzitsua da mikroeliminazioko estrategiak erabiltzea (hots, neurriak herritar jakin batzuengan aplikatzea); helburua da infekzioa deuseztatzea metadona kontsumitzen duten pazienteen artean, kasu honetan”, dio.

Ildo horretan, Ylenia Pérez Castaño doktoreak C hepatitisak Donostiako Bitarte Adikzioen zentroko erabiltzaileen artean duen prebalentzia aztertu du; zentro horretan, metadona bidezko mantentze-tratamendua eskaintzen da, eta pazienteak erregulartasunez joaten dira hara, jarraipen eraginkorra egin diezaieten. Emaitzek erakusten dute “C hepatitisaren –pasatutakoa edo aktiboa– infekzio-prebalentzia handia dela, % 73 ingurukoa (660 erabiltzailetik 486). Ikusi dugu erdiak baino gehiagok (486 horietatik 275 lagunek) tratatu gabeko eta medikuaren jarraipenik gabeko infekzio aktiboa duela”, azaldu du ikertzaileak.

Sistema aldatzea, tratamendua pazienteari hurbiltzeko

Prebalentzia handia dela ikusita, eta Chouza Pérez Bitarte Adikzioen Zentroko psikiatrarekin lankidetzan, mediku-arretako zirkuitu berria diseinatu zuten, tratamendua eskuragarriago egite aldera: “Zentroko psikiatra eta laguntza-lantaldea funtsezkoak eta herritarren eta gure zerbitzuaren arteko ezinbesteko zubia izan dira". Horrela, adikzioen zentroan bertan bateratu dituzte espezialistaren balorazioa eta botikak ematea.

“Behin paziente bakoitzaren balorazioa eta azterketa egin ondoren, tratamendua eskatzen genion farmaziari, Osakidetzan unean-unean indarrean zeuden tratamendu-protokoloei jarraituz, eta zentroko erizaintzako lantaldea izaten zen pazienteei botikak emateaz arduratzen zena, bakoitzaren ezaugarrien arabera, tratamenduarekiko atxikidura optimizatzeko helburuz”, azaldu du Pérez doktoreak. Estrategia berriarekin, “pazienteen % 87 tratatzea lortu dugu, % 97ko sendatze-tasarekin”, nabarmendu du. Paziente horiengana egokituz, haiengana hurbilduz, oso emaitza onak eta sendatze-tasa altuak lortu ditugu”.

Bestalde, azterketa askok antsietatea, depresioa eta bizi-kalitate eskasa C hepatitisarekin lotu dituztenez, eta, are, gaixotasuna sendatzen denean sintoma horiek hobetu egiten direla iradoki izan denez, test psikometrikoak egin zitzaizkien, pazienteek tratamendua hasi baino lehen eta infekzioa sendatu eta urtebetera zuten egoera kognitiboa, psikiatrikoa eta bizi-kalitatearen pertzepzioa baloratzeko, baina “ez genuen aurkitu alderik tratamenduaren aurreko eta ondorengo emaitzen artean”, diosku ikertzaileak.

Informazio osagarria

Azterketa hau Ylenia Pérez Castañok UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Luis Bujanda eta Juan Arenas doktoreen zuzendaritzapean egindako doktoretza-tesiaren emaitza da. Ikerketak iraun duen bitartean, Donostiako Unibertsitate Ospitalera adskribatuta egon zen Ylenia Pérez, eta gaur egun Bidasoako Ospitalean dihardu lanean.