euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Meteoritoetan topatutako kutsatzaileek, tinta barne, laginen prestaketa hobetu beharra iradokitzen dute

Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA taldeak neurri berriak proposatu ditu Lurretik kanpoko laginen purutasuna babesteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/08

Leire Coloma, EHUko Doktorego-aurretiko ikertzaileak, lagin estralurtarra erakutsiz
Leire Coloma, EHUko Doktorego-aurretiko ikertzaileak, lagin estralurtarra erakutsiz | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

EHUko ikerketa-taldeak azpilaginen prestaketako hainbat kutsatzaile identifikatu ditu Marteko meteoritoetan, hala nola tinta-arrastoak. Aurkikuntza horrek agerian uzten du garrantzitsua dela protokolo zorrotzagoak ezartzea, arroka horien konposizioa oker ez interpretatzeko eta etorkizuneko ikerlanen eta Martetik laginak ekartzeko misioetako material-analisien fidagarritasuna bermatzeko.

Meteoritoak ikertzea oso garrantzitsua da planeta-zientzietan, haien jatorrizko gorputz zerutarren konposizio geokimikoari buruzko informazioa eman baitezakete, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IBeA taldeak NASArekin elkarlanean dihardu 2014tik, Johnson Space Center (JSC) zentroarekin egindako hitzarmen bati esker. "Meteoritoak uzten dizkigute hainbat ikerketatarako”, azaldu du Leire Coloma ikerlariak. Gainera, ikerketa-taldea, zeinaren buru Juan Manuel Madariaga katedratikoa baita, kimika analitikoan espezializatuta dago, eta bere meteorito-bilduma propioa du.

Colomak adierazi duenez, Lurretik kanpoko materialen ikerketaren eremuan, EHUko taldeak “meteoritoak aztertzen ditu”, besteak beste; "haien konposizio kimiko eta mineralogikoa zein den jakiteko, eta Marteren edo ilargiaren konposizioa zehazteko lanean aurrera egin ahal izateko. Arroka-puska horiek arroka-masa gisa heltzen dira Lurrera: gure atmosfera zeharkatzen dutenean, hainbat prozesuren ondorioz, aldaketak jasaten dituzte, tenperatura eta presio altuen ondorioz gehienetan, eta, ondorioz, azal moduko bat sortzen zaie. Kanpoko geruza, beraz, eraldatua izaten dute, eta, hori dela eta, ezin da zehatz-mehatz zehaztu pusken jatorrizko konposizio mineralogikoa".

Hortaz, askotan azpilaginak prestatu behar izaten dira meteorito horien barnealdea aztertzeko. "Lagina analizatzeko erabiliko den teknikaren arabera, askotariko tresnak, ekipamenduak, disolbatzaileak, lubrifikatzaileak eta materialak erabiltzen dira laginak ebakitzeko eta leuntzeko, eta litekeena da laginetan kutsatzaileak agertzea. Kutsatzaile horiek ez dira guztiz kentzen batzuetan, eta laginak behar bezala karakterizatzea eragotz dezakete. Hori dela eta, zaila izan daiteke jakitea detektatutako mineralok zergatik agertzen diren: lagina kutsatu delako edo meteoritoen jatorrizko osagaiak direlako”, azaldu du IBeAko ikerlariak. Ildo horretatik, Leire Colomak Marteko hainbat meteorito aztertu ditu, laginak prestatzeko prozesuan zer kutsatzaile erantsi diren identifikatzeko.

Neurri zuzentzaileak

Hondakin horiek detektatzeko, ikerketan Raman espektroskopia erabili da, Lurretik kanpoko laginak aztertzeko laborategian darabiltzaten tekniketako bat. Aztertutako laginetan bi motatako kutsatzaileak topatu dira: lagina prestatzeko prozesuan sortutakoak (laginak mozteko eta leuntzeko erabilitako diamantearen arrastoak) eta manipulazio-prozesutik datozenak (adibidez, askotariko jatorrietako tinta urdina).

Identifikatutako kutsatzaileak eta lehen analisian erabilitako protokoloa alderatu ostean, IBeA taldeak zenbait neurri zuzentzaile proposatu ditu, "etorkizunean laginak gutxiago kutsatzeko, ahal den gutxien. Horretarako, prozesuan erabiltzen diren zenbait disolbatzaile edo material ordeztu daitezke. Gure lanaren bitartez, azpilaginak azterketarako prestatzeko protokoloak hobetzen saiatzen gara, laborategian laginei inongo kutsatzailerik ez eransteko".

Laginak ekartzeko hurrengo misioetarako ere funtsezkoa izango da azpilaginak prestatzeko protokolo sendo bat edukitzea, ezinbestekoa izango baita laginak Lurrera iristen direnean azpilagin kutsatu gabeak prestatzeko, eta, hala, ikerketa zientifiko zehatz eta zuhurrak egin ahal izateko.

Gaur egun, Mars 2020 misioko Perseverance rovera "Marteko gainazaleko laginak jasotzen ari da, eta etorkizunean Lurrera bidali ahal izatea espero da. IBeA Martetik datozen lagin horiek jasotzeko hautagaietako bat denez, oso garrantzitsua da kutsatzaile ahalik eta gutxien eransteko  protokolorik onena edukitzea. Guk, bitartean, meteoritoak aztertzen jarraitzen dugu, kutsatzaileak identifikatzen laguntzeko eta azpilaginak prestatzeko prozesua hobetzeko", esan du Colomak, bukatzeko.

Informazio osagarria

Leire Coloma doktore-tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Juan Manuel Madariaga Kimika Analitikoko katedradunaren eta Julene Aramendia Gutierrez doktorearen zuzendaritzapean, eta azterlan hau tesi horren parte da.

Erreferentzia bibliografikoa