-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Kiroldegian, kirolean
-
‘Zinema eta Zientzia’ ziklo berria abian da
-
Ahozko historiak ikasleen enpatia eta motibazioa hobetzen ditu
-
EHUko International Welcome Centre-ak ‘Ikerketa ibilbideak munduan zehar’ jardunaldiak antolatu ditu
Guillermo Quindós Andrés
Mikrobioen ontzia: munduko biobanku bat, planetaren osasuna babesteko
Mikrobiologia Medikoko katedraduna
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/08/13
Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.
Duela lau urte jarri zen abian Microbiota Vault ekimena –Mikrobiotaren Arka edo Mikrobiotaren Segurtasun Ganbera ere esaten zaio–, asmo handiko eta beharrezko helburu bat jarrita, gainera: gure planetako dibertsitate mikrobianoa kontserbatzea etorkizuneko belaunaldientzat.
Adituek, lehendabiziko fasean, 1.200 giza lagin fekal eta hartzitutako elikagaien 190 lagin baino gehiagorekin osatua dute dagoeneko biobankua. Proiektua Norvegiako Svalbard Munduko Hazien Bankuan du oinarri eta iturri, laboreen dibertsitate genetikoa babesten duena.
Laginak, Benin, Brasil, Etiopia, Ghana, Laos, Thailandia eta Suitzako bildumetatik ekarritakoak, izoztuta gordetzen dira -80ºCtan Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) Mikrobiologia Medikoko Institutuan. Egungo kokapena ez da behin betikoa, klima hotzeko beste herrialde batzuek, Kanadak kasu, har baitezakete etorkizunean.
Arriskuan leudekeen pertsonen, animalien, landareen eta ekosistemen 20.000 mikrobiotara iristea da bere helburua. Gainera, proiektuari esker, errazago izango da mikrobioen genomak sekuentziatzea eta sarbide irekiko datu-baseetan argitaratzea.
Desagerrarazpen isila
Mikrobioek – arkeak, bakterioak, onddoak, protozooak eta birusak – eboluzionatu egin dute milioika urtetan zehar, gainerako izaki bizidunekin harreman estuan, funtsezko aniztasuna eratu dutelarik ekosistemen orekarako. Garrantzitsua izan arren, espezie horietako asko ez dira inoiz laborategian hazi. Genomei buruzko jakintza mugatua da oraindik ere.
Mikroorganismoak ezinbestekoak dira pertsonen eta animalien osasunerako, lurzoruaren emankortasunerako edo klimaren erregulaziorako, baina, giza jardueraren ondorioz, desagertzeko arrisku larrian dago mundu ikusezin hori.
Urrunago joan gabe, gure mikrobiotak patogenoetatik babesten gaitu, immunitate sistema indartzen du, nerbio sistema estimulatzen du eta hartzen du parte bitaminen eta beharrezko beste metabolito batzuen biosintesian.
Antibiotikoak gehiegi erabiltzeak, zesareak gehitzeak, amagandiko edoskitzea gutxitzeak, elikagai ultraprozesatuen kontsumoak edo hiriko bizimoduaren estresak aldatzen dituzte gure barneko mikrobio ekosistemak.
Garrantzitsuak dira disbiosi horren ondorioak. Horrela, ‘Bifidobacterium longum’, ‘infantis’ barietatekoa, ‘Treponema succinifaciens’ edo ‘Helicobacter pylori’ bakterioen desagerpena erlazionatu egin da alergiak, diabetesa edo asma bezalako gaixotasun kronikoen gorakadarekin.
Gainera, lurzoruko mikrobioak galtzeak arriskuan jartzen du lehorreko eta itsasoko ekosistemen erresilientzia. Adibidez, ‘Methanoflorens stordaliensis’ eta permafrostera (etengabe izoztutako zoru-geruzara) egokitutako beste mikroorganismo batzuei esker, metano isuriak erregulatzen dira, eta azinetobakterioak funtsezkoak dira karbonoaren zikloan. Mikroorganismo horien desagerpenak berotegi efektuko gasen askapena eta klima aldaketa bizkortzen ditu.
Ez da ahaztu behar mikrobioak aliatu terapeutikoak ere izan daitezkeela. Mikrobiomekin egindako tratamendu batzuk, hala nola gorozkien transplantea, medikuntzan erabiltzen ari dira, etorkizun handiko emaitzak jaso direlarik. Nekazaritzan eta ingurumenaren kontserbazioan erabiltzeko proposamen itxaropentsuak ere badaude.
Ekitatea eta nazioarteko lankidetza
Microbiota Vault nazioarteko proiektu pribatu eta irabazi asmorik gabea da, Nagoyako protokoloa errespetatzen duena. Hau da, parte hartzen duen talde bakoitzak askatasunez erabakitzen du informazio genetikoa partekatu, laginak trukatu edo baterako azterlanetan lagundu nahi duen.
María G. Dominguez-Bello mikrobiologoak eta bere kolaboratzaileek artikulu berri batean adierazi duten bezala, ahalegin globala da, ekitatean, komunitate indigenen eskubideekiko errespetuan eta nazioarteko lankidetzan oinarri duena, mikrobiotari buruzko ikerketa-sareak indartzeko eta baliabide gutxiago dituzten herrialdeetako zientzialarien prestakuntza babestu gura duena.
Mikrobiomaren Munduko Sarearen (Global Microbiome Network, GloMiNe) biltzarretan partekatzen dira mikrobiologian, antropologian, etikan, osasun publikoan edo bioinformatikan aditutako pertsonen lankidetzaren emaitzak eta proposamenak.
Finantzaketa erronka garrantzitsua litzateke: beste biobanku batzuekin gertatzen den bezala, era honetako proiektuak ez dira lehentasunezkoak gobernuentzat. Gainera, dohaintza pribatuak ezegonkorrak dira eta moda iragankorren edo unean uneko pizgarri fiskalen mende egon ohi dira.
‘One Health’ eta mikrobioma
Ekimen hau bat dator Osasunaren Mundu Erakundearen Osasun Globalaren (One Health) kontzeptuarekin, pertsonen osasunaren, animalien eta ingurumenaren arteko interdependentzian oinarrituta.
Oraindik ez dago frogatuta biltegiratutako mikrobiotak onuragarriak izan daitezkeenik edo helburu terapeutikoekin berrerabil litezkeenik, teknologiarik ere ez dugularik modu seguruan egiteko. Hala ere, horiek kontserbatzeak etorkizuneko terapiak ahalbidetuko ditu, oinarri zientifiko sendoa behin izanda.
Microbiota Vault proiektuak bat egin du biodibertsitatea babesteko beste proposamen batzuekin. Horien artean daude mikrobio hazkuntzen bildumak, hala nola Labore Tipoen Espainiako Bilduma, Hazien Munduko Bankua edo Mikrobiomaren Kontserbazio Globala. Ekimen horiek biopirateria geldiaraz lezakete eta saihestu enpresa eta gobernu ez oso arduratsuak gure mikrobio herentziaz baimenik gabe jabe daitezen. Komunitate indigenen ondarea babesteko ere funtsezkoak dira.
Itxaropena Pandoraren kutxaren barruan
Gure munduak aurre egin behar die osasun, ekonomia eta ekologia krisi askori. Horregatik, funtsezkoa da bizitza mikrobiano ikusezina babestea. Biodibertsitate mikrobiano horren kontserbazioak itxaropenari eutsiko dio etorkizun hurbilean bizitza bere forma guztietan hobeto ulertu, gaur egun tratamendurik ez duten gaixotasunak sendatu eta galdu diren funtsezko ekosistemak leheneratuko badira.