euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ander Portillo Bazaco

Petrolioa eta kimika: zergatik ez dira erregai guztiak berdin igotzen?

Ingeniaritza Kimikoan doktorea, CO2-aren Katalisian eta Balorizazioan aditua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/20

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken asteotan, Ormuzko itsasartea albistegietako protagonista bihurtu da zoritxarreko gorabeherengatik, aurretik (Siria) edo Alepo hiriarekin (Siria) edo Donbas eskualdearekin (Ukraina) gertatu zen bezala. Elementu geografiko hori da Persiar Golkora itsasoz sartzeko ate bakarra, eta hantxe daude gasa eta petrolioa produzitzen dituzten munduko herrialde garrantzitsuenetako batzuk: Iran, Irak, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, batzuk aipatzearren. Hori dela eta, petrolioaren prezioa asko aldatu da aurtengo otsailaren 28an Estatu Batuek eta Israelek Iranen kontra hasitako gerraren ondorioz.

Petrolio gordinaren prezioen igoerak ia berehala eragiten du mundu mailako ekonomian, energia sortzeko eta garraiorako oinarria baita.

Energiari dagokionez, herrialde bakoitzeko mix energetikoan energia fosilak duen pisuaren arabera arindu daiteke kaltea, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Garraioari dagokionez, erregaien prezioak gora egin du kasu guztietan, baina ez modu berean. Espainiaren kasuan, adibidez, batez besteko prezioak kontuan hartuta, etxe eta ibilgailu askotan erabiltzen den petrolio-gas likidotuak (PGL)  % 9,8raino egin zuen gora martxoko lehen hiru asteetan. A diesela, berriz, % 29 igo zen aldi horretan bertan.

Petrokimika funtsezko elementua da erregai desberdinak ulertzeko

Desberdintasun horren zergatiak, merkatuaren gorabeherez harago, oinarri teknikoa du: petrolio gordin mota eta petrokimika. Behin lortuta eta aurretratatuta, petrolio gordina edo petrolioa konposatu askoren nahasketa da, gehienak hidrokarburoak (hidrogenoz eta karbonoz osatuak). Gainerakoak, sufrea eta nitrogenoa batez ere, ezpurutasuntzat hartzen dira. Hala, petrolioaren kalitatea hidrokarburo moten eta nahi ez diren konposaturen kantitatearen arabera zehaztu ohi da.

Bi ideien arteko lotura ulertzeko, beharrezkoa da erregai fosil ezberdinen izaera kimikoan dagoen desberdintasunean sakontzea. Erregaiak, batez ere, osatzen dituzten elementuen karbono kopuruaren arabera sailkatzen dira. Horrekin lotuta, kontuan izan behar da zenbat eta karbono kopuru handiagoa, orduan eta astunagoa (lodiagoa) izango dela konposatua. PGLa, adibidez, hidrokarburo oso arinez, propanoz eta butanoz (3 eta 4 karbono dituzte, hurrenez hurren) osatuta dago. Horregatik, fintze-industrian C₃-C₄ ebaketa gisa ezagutzen dira. Gasolinaren kasuan, 5 eta 11 karbono arteko hidrokarburoak izan ohi dira; hau da, C₅-C₁₁.

Karbono kopuruaren arabera, petroliotik lortzen diren talde nagusiak honako hauek dira: gas naturala edo metanoa C₁-C₂), PGL (C₃-C₄), gasolina (C₅-C₁₁), kerosenoa (C₈-C₁₆), diesel arina (A eta B, kimikoki berdin-berdinak, C₁₂-C₁₈), C diesela (berokuntzarako gasolioa, C₁₄ -C₃₀) eta fuel-olioak (>C₂₀).

Frakzio horietako edozein lortzeko, findegiek bi prozesu mota erabiltzen dituzte batez ere: hidrokarburoen bihurketa eta bereizketa prozesuak. Bihurketa prozesuen barruan, molekula laburrak elkartu egin daitezke luzeago bat sortzeko (polimerizazio erreakzioak), edo molekula luze bat apurtu egin daiteke laburragoak lortzeko (cracking erreakzioak).

Gordina tratatzeko beharrezkoak diren erreakzioak alde batera utzita, nahasketaren hasierako konposizioak zehaztuko du, neurri handi batean, azken emaitza. Hala, askoz errentagarriagoa izango da besterik gabe molekula mota bat ateratzea, ondoren bereizteko sintetizatu behar izatea baino.

Oro har, petrolio gordin arina eta ezpurutasun gutxikoa askoz ere errazagoa eta merkeagoa izango da tratatzeko, eta konposatu arinen (PGL edo gasolina, adibidez) frakzio handiagoa sortuko du. Aldiz, petrolio gordin astun eta ezpurutasunduna askoz konplexuagoa izango da prozesatzeko, eta konposatu astunagoak (diesela edo fuel olioak, besteak beste) sortuko ditu.

Ekialde Ertainean, petrolio gordinaren % 23,4 baino ez da arintzat hartzen; aldiz, AEBetako petrolio gordinaren % 75,6 da arina. Beraz, Ekialde Ertaineko petrolio gordinetik produktu astunak lortzen dira batik bat, eta arinak, berriz, Estatu Batuetako petrolio gordinarekin, modu sinpleagoan.

Ormuz itxita izanda, nola lortu gordin astuna?

Petrolio astun nagusia Venezuelakoa da. Lodia, likatsua eta sufre ugarikoa da, zaila da erauztea, garraiatzea eta fintzea, eta prozesu konplexuak behar dira erregai bihurtzeko.

Hala eta guztiz ere, Ormuzko itsasartea blokeatuta dagoenez, Venezuelako petrolio hobiak bereziki baliotsuak dira; izan ere, Estatu Batuetako findegietarako petrolio gordinaren iturri alternatibo izan daitezke, lehen Persiar Golkotik zetorren petrolio gordina erabiltzen baitzuten material astunak produzitzeko, hala nola asfaltoa eta lubrifikatzaileak.

Petrokimika guztia ez da erregaia, plastikoek sufritu egiten dute

Petrolio gordina beste konposatu batzuen lehengaia da, erregaienaz gain. Plastikoak dira horren adibide garbia eta, kasu honetan, Asiako fabrikak izan dira Ormuzko blokeoa dela eta gehien sufritzen ari direnak; izan ere, haien lehengaia Golkoko herrialdeetatik dator batez ere.

Urea funtsezko beste produktu petrokimiko bat da, ongarri gehienen oinarria baita, eta, beraz, funtsezkoa nekazaritzarako. Gaur egun, gas naturalarekin produzitzen da batez ere, eta, beraz, prezioa ere aldatu egin da Persiar Golkoko gatazkaren ondorioz. Gerra hasi zenetik, urearen prezioak % 39 egin du gora.

Indiak eta Filipinek aparteko neurriak hartu dituzte gerra horrek beren ekonomiari eragindako kaltea arintzeko. Txinak, berriz, munduko upel erreserba handiena du, eta ohiko kontsumoari eusteko libera dezake, alternatibak negoziatzen dituen bitartean.

Une honetan, Asiako herrialde gehienentzako aukerarik onena Errusiarekin negoziatzea da, petrolio gordinaz hornitzeko. Urte askoan nazioarteko zigor handiak jasan ostean, orain, petroliotik eta gasetik datozen bere diru sarrerak % 70 igoko direla espero da.

Energiarekin lotutako testuinguru horrek, Ormuz itxita eta petrolio gordinaren prezioak igotzen ari direla, ez du esan nahi orain autoaren depositua betetzea garestiagoa denik edo hegaldien prezioak izugarri igo direnik bakarrik. Izan ere, industria petrokimikotik eratorritako produktu guztiek (erregaiak, ongarriak eta energia, besteak beste) jasango dituzte ondorioak. Ikusi egin beharko da bakoitzaren irismena.