euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zientzia Ministerioak EHUren ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektua 2026ko Zientzia Kulturako Jardunbide Inspiratzaile gisa aitortu dute

Herritarren zientziako ekimen horrek ikasleak eta hainbat kolektibotako pertsonak ikertzaile bihurtzen ditu, Euskadiko hondartzetako biodibertsitate mikroskopikoa aztertzeko eta mikroplastikoak detektatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/24

Plentziako hondartza | Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa, EHU

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendeko Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) EHUren ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektua Zientzia eta Berrikuntzaren Kulturako Jardunbide Inspiratzaile gisa hautatu du, eta “La excelencia y la Innovación en la Divulgación Científica 2026” (Bikaintasuna eta berrikuntza 2026ko Dibulgazio Zientifikoan) katalogoan jaso du.  

Irailaren 11n argitaratutako katalogoan, FECYTek esparru horretarako berezitzat jotzen dituen jardueren aukeraketa jasotzen da, hainbat alderditan kalitatezko jarduera berritzaileak barne hartzen dituena: formatuak, lortu nahi zituzten helburuak, zer publikori zuzenduta zeuden, eta nola aktibatu parte hartzea, inpaktu soziala, eragile zientifikoen eta ez zientifikoen inplikazioa eta abar.

Hautatutako proiektua Plentziako Itsas Estazioko (PiE-EHU) ikertzaile talde batek bultzatu du, eta ikerketa zientifikoa gizartera hurbiltzen du, herritarren zuzeneko parte hartzearen bidez. Hainbat hilabetez, parte hartzaileek euskal kostaldeko hondartzetan laginketak egin dituzte, gero laginak laborategian aztertu dituzte eta beren emaitzak aurkeztu dituzte. Horrela, proiektuak herritarren zientzia, inklusioa eta ingurumen sentsibilizazioa bateratzen ditu.

“2026ko Zientzia eta Berrikuntzaren Kulturako Praktika Inspiratzaile gisa hautatua izatea aintzatespen garrantzitsua da proiektuan parte hartu duen EHUko taldeak egindako lanarentzat. Izan ere, ikerkuntza gizartera hurbiltzea lortzen du parte hartzean oinarritutako proiektuaren bidez, zientzia inklusiboa eta ingurunearekiko lotura sustatuz”, adierazi du Miren Bego Urrutiak, Ministerioak aitortutako proiektuaren ikertzaile nagusiak. Katalogoak FECYTek finantzatutako 200 ekimen baino gehiagoren artean hamahiru baino ez ditu jaso, helburu, inpaktu, originaltasun, formatu, publiko, balio sozial eta abarrengatik nabarmendu direnak.

5.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte

2022ko irailetik garatutako proiektuaren lau edizioetan, 5.000 herritar zientzialari baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko, ikastetxeetako ikasleen eta hainbat kolektibo sozialetako pertsonen artean. Miren Bego Urrutiak nabarmendu du parte hartzaileen artean 800 pertsona baino gehiago gizarte bazterkeriako arriskuan edo zaurgarritasun egoeran zeudela. “Haiek egindako lanari esker, euskal kostaldeko hainbat hondartzatan hartutako 500 lagin baino gehiago bildu eta aztertu dira”, azaldu du Urrutiak.

Urrutiak azaldu duenez, “harea pikorren artean mikroalgak eta meiofauna osatzen duten animalia txikiak bizi dira, baita hainbat bakterio mota ere. Kostaldeko ekosistemen funtsezko elementuak dira, eta horiek ikertzeak ingurune horien aniztasuna eta giza jardueraren ondorioak hobeto ezagutzeko aukera ematen du”. Gainera, gehitu duenez, proiektuaren bidez “kultura ozeanikoa (ocean literacy) garatu” nahi da; hau da, parte hartzaileek “ozeanoak norberarengan duen eragina eta pertsona bakoitzak ozeanoan duen eragina ulertzea, etorkizunean sentsibilizazioa eta jasangarritasuna sustatuko duten jokabideak eta ekintzak sortzen saiatuz. Hondartza bat zapaltzen dugunean, mundu bat dago gure oinen azpian, eta, hala ere, ikusezina da begi hutsez. Hareatzetako bioaniztasun mikroskopikoa da”, laburbildu du.

Horixe bera da ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektuaren abiapuntua. Proiektuak hondartza beste modu batera begiratzera gonbidatzen ditu parte hartzaileak. Lehenengo, hondartzetan laginak biltzen dituzte. Jarraian, laborategira eramaten dituzte eta, han, EHUk ikertzaileen taldearen laguntzarekin, jasotako lagin horiek behatu eta identifikatzen dituzte.

Ikerketak mikroplastikoen azterketa ere barne hartzen du. Horrela, parte hartzaileek hondartzetako biodibertsitatea ezagutzen dute eta, aldi berean, itsas ekosistemei lotutako mehatxu nagusietako bat aztertzen dute. Urrutia irakasleak adierazi duenez, herritarren zientzia inklusiboaren proiektu honen azken helburua herritarrak “kontzientziatzea” da, itsas ingurunea zaintzeko beharraz jabetu daitezen. Horretarako, haren aniztasuna eta mehatxatzen duten arriskuak aztertzeko aukera eskaintzen zaie.

Inklusioa ere bultzatzen duen zientzia

Inklusioa proiektuaren metodologiaren parte da hasierako planteamendutik. Ikastetxeetako ikasleekin ez ezik, ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektuak era askotako kolektibo eta elkarteekin ere egiten du lan.

Besteak beste, desgaitasuna duten pertsonekin, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonekin, adingabeen justiziako prozesuetan dauden gazteekin edo emakume migratzaileekin lan egiten du. Proiektuaren ardura duen taldeak jarduerak eta materialak talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen ditu. Hala, parte hartzaile guztiek proiektuaren fase desberdinetan parte hartu eta herritar ikertzaileen rola har dezakete.

Herritarren zientzia eta inklusioa uztartzeak ikerkuntza dibulgazio zientifikoko ekimenen ohiko hartzaile izan ohi ez diren pertsona eta kolektiboengana hurbiltzea ahalbidetzen du. Miren Bego Urrutiak azpimarratu duenez, ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektua zientzia ireki eta inklusiboaren adibide bikaina da. Hondartzetako aniztasun mikroskopikoa ikusgai jarri nahi izateaz gain, ikerkuntza zientifikoa herritarrengana hurbiltzeko ahaleginean, “gizakiaren eta gizarte mailako aniztasuna integratu eta ikusgai jarri ere” egin nahi du.

Ekimenak 2025ean jaso zuen dagoeneko Ohorezko Aipamena EU Citizen Science Awards sarietan. Europako aintzatespen horrek herritarrak ikerkuntza prozesuetan modu aktiboan inplikatzen dituzten eta zientzia irekiagoa eta inklusiboagoa sustatzen duten proiektuak saritzen ditu.

Bosgarren ediziorako izen ematea zabalik dago

Proiektuak martxan jarraitzen du. Urriaren 1ean irekiko da ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ egitasmoaren bosgarren edizioan izena emateko epea. Parte hartu nahi duten taldeetako arduradunek parte hartzeko datak eta baldintzak kontsulta ditzakete PiE | Ez nazazu zapaldu – PiE | Ez nazazu zapaldu helbidean.

Deialdi berriak talde berriak proiektura gehitzeko aukera emango du, eta euskal hondartzetako biodibertsitatearen azterketan zuzenean parte hartzen duten herritarren sarea zabaltzen jarraitzeko aukera ere bai.