null

EiTBk unibertsitateko 2020/2021ko ikasleentzako bekak eskaintzen ditu

2020/21ko ikasturtean prestakuntza praktikoa ETBn, Eusko Irratian eta eitb.net-en egiteko aukera eskaintzen die EiTBk unibertsitateko ikasleei

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/21

Euskal Irrati Telebistak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), 2020/2021 ikasturtean prestakuntza praktikoa Euskal Telebistan, Eusko Irratian eta eitb.net-en egiteko aukera ematen die unibertsitate horietako ikasleei hitzarmen bidez.

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleei aurten formakuntza duala ere eskainiko zaie, praktikak heziketa-zentroan eta enpresan txandakatuz.

Prestakuntza praktiko horien helburua ikasleak lan mundura hurbiltzea da. Hala, enpresan egiten den eguneroko lana ezagutu ahal izango dute bekadunek eta, horrez gainera, aukeratutako lanbidean aritzeko behar diren ezagutzez, trebetasunez eta abileziez jabetu ahal izango dira, bai eta gaitasun osagarriak (lantaldean aritzea, ardura...) barneratu ere. Izan ere, gaur egungo produkzio-sektorean lan egiteko ezinbestekoa da arlo horietan trebatzea.

Lankidetza bekak 4 eta 6 hilabete artekoak izango dira eta bekadunek 300 euro jasoko dituzte hilero. Formakuntza dualeko beken kasuan, epealdia urte akademiko batekoa izango da, eta bekadunek hilero lanbide arteko gutxieneko soldataren (950 €) parte proportzionala jasoko dute.