Ekipamendua
Taldeak hainbat ikerketa-laborategi ditu, UPV/EHUko Arabako campuseko Farmazia Fakultatean eta Lascaray Ikergunean kokaturik daudenak. Laborategiak elikagaien eta lagin biologikoen analisirako teknika desberdinak burutzeko prestatuta daude; hain zuzen ere, honako hauetan daude espezializatuta: lagin-prestakuntzarako teknikak, bereizmen handiko teknika instrumentalak, biokimika eta biologia molekularra, eta zentzumenen bidezko analisia. Azken honek, UPV/EHUko Laboratorio de Análisis Sensorial Euskal Herriko Unibertsitatea (LASEHU) deritzonak, Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko gaztaren eta beste zenbait elikagairen kalitate-kontrola egiteko akreditazioa dauka.
![Fotografía de los equipos GC FID y GC MS](/documents/1314032/0/Equipamiento_Foto1.jpg/44be1f54-a25d-4c7e-0e28-c2303f30d95e?t=1581335618000)
Teknika instrumentaletako laborategiek errendimendu handiko tresna analitikoak dituzte, hala nola FID eta MS detektagailudun gas-kromatografoak (GC), olfatometria-detektagailuari akoplatutako GC-MS bat, likidoen bereizmen handiko kromatografoak (HPLC) (fluoreszentzia-, fotodiodo- eta argi-difusio bidezko detektagailuak dituztenak), infragorri hurbileko espektroskopia-ekipo bat, elektroforesi ekipoak, eta UV/VIS espektrofotometroak.
Biokimika eta Biologia Molekularreko laborategiak ultrazentrifugagailu eta superzentrifugagailu bana dauzka, baita teknika molekularretarako (PCR) beharrezko ekipamendua ere. LASEHU zentzumenen bidezko analisi-laborategiak informatizatutako bi dastaleku dauzka, talde-bileretarako gelak eta sukaldea, analisi-saioetarako behar bezala hornituak. Bestalde, ikerketa-taldeak eskala txikiko gaztagintzarako (60 litroko upelak) instalazio pilotu bat dauka, baita hutsean zein eraldatutako atmosferan ontziratzeko makinak ere.
![Fotografía de los equipos HPLC DAD y del quipo fuerza cuajos](/documents/1314032/0/Equipamiento_Foto2.jpg/67392fcb-e7c8-4ced-8f1f-f664b3a3fe56?t=1381224091000)