Errektorearen agurra

Errektorearen agurra

EHUko errektorea

Karguan 100 egun betetzearekin, errektoretzaren berripaperra estreinatu dugu, unibertsitateko komunitate guztia aldizka informatzeko eskuartean ditugun erronka eta proiektuen inguruan. Hasiera bizia izan da; baita emankorra ere. Taldea osatzearekin batera, lankide askoren leku-aldatzea izan dugu unibertsitatean lan eskaintza publikoaren ondorioz. Halaber, hasi gara denon artean bideak urratzen agintaldiko helburuetarantz. Gobernantza eredu berri bat praktikara eramaten. Entzuten eta erantzuten, EHUko kidegoa nahiz erakunde eta eragile bidelagunak. Eskerrik asko aldaketa garai honetan transmititutako jarrera eraikitzailearengatik. Konpromisoak betetzeko indartsu eta ilusioz beterik gaude.

Errektoretzaren berripapera

Bidean da bosturtekoetan izan den diskriminazioaren bukaera

Aurreko urteetako borroka judiziala alde batera utzi da eta negoziazioaren bidetik lantzen ari da irtenbidea

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Irakasle bat arbelean idazten

Espainiar estatuko eta EAE mailako ordainsarien araudiak IRI finkoentzat bakarrik aurreikusten du irakaskuntzari lotutako merituen osagarria, edo bosturtekoa deritzanak. Diskriminaziorik ezaren arau europarretik tiraka, azken urteetan epaitegien bidez finkatu da IRI guztiek dutela eskubidea bere irakats jarduera ebaluatzeko eta dagokion moduan ordaindua izateko, finko zein behin-behineko izan, arduraldi oso ala partzialean jardun. Helegiteen bidez, baina, oztopatu egin izan da eskubide hori gauzatzea. 

Zuzendaritza talde berriak aldarrikapenaren bidezkotasuna bere egin du eta auzibidea geratzea erabaki du, egoera negoziazioaren bitartez konpontzeko saiakera egiteko. Horrela, 2022ko eta 2023ko deialdietan baztertuak izan ziren arduraldi partzialeko IRIak irabazitako epaiak ez-ohiko deialdi batean ebaluatuak izateko aukera eskuratu zuten, eta 2024ko apirilean ez-ohiko deialdi baten bidez gauzatu zen, jasotako kontrako epaia betez. Ez-ohiko deialdi hori, ordea, ez da ebatzi eta oztopo bihurtu da 2024ko ohiko deialdiak atera ahal izateko, diskriminaziorik gabeko irizpideari jarraituz. Izan ere, egungo zuzendaritza taldea bultzatzen ari den deialdi berriek onartu egingo dute kolektibo guztiek izan dezaten bost urtez behin ebaluatuak izateko eskubidea; horretarako, arduraldi partzialean eginiko urteak osora zenbatuta epaiek esandakoarekin beteko litzateke eta negoziazio mahaian onartu dena bete.   

Egoera katramilatu horrek ondorioak izan ditu eta atzerapena eragin du 2024ko ohiko bosturtekoen deialdian. Izan ere, deialdi berrietan txertatu behar da izaera laboral eta funtzionarioko arduraldi partzialeko kideak bosturtekoak eskatzea; baita Ikerlari Doktore Iraunkorren irakats jarduera bost urtero ebaluatu ahal izatea ere. Baina 2024ko apirileko deialdia ebatzi arte, ezin izango da deialdi berria martxan jarri, aurreko deialdian izena eman zutenek berriro emango luketelako eta deialdi berriak bere exekuzioa oztopatuko luke.   

Hori dela eta, 2024ko apirileko deialdia ebatzi ahal izateko, aldez aurretik finkatu beharra dago onartutako bosturteko horiengatik zein ordain emango zaien arduraldi partzialeko IRIei  (indarrean daude dekretuek ez dute jasotzen). Kopuru hori negoziazioaren bidetik egiten ari da  eta asmoa da maiatzean zehar finkatzea. Behin hori eginda ebatziko dira atzeratutako arduraldi partzialeko 2024ko ez-ohiko deialdiari dagozkionak, eta jarraian deituko dira ohiko deialdiak; beti ere, maiatzean zehar.  

Efren Areskurrinaga Irakasle-ikertzaileen errektoreordeak adierazi duenez, "egun IRIen ordainsarietan dauden gabeziak zuzentzen lagundu nahi dugu bosturtekoen deialdietan IRI guztiek diskriminaziorik gabe parte hartu dezaten eta ordain gehigarri horren bidez lor dezaten hobetzea haien ordainsariak, beti ere IRI ordezkariekiko negoziazioa lehenetsiz auzi bideen aurretik. Izan ere,  bidezkoak deritzogun aldarrikapenak epaitegietatik ateratzeko konpromisoa daukagu, baita IRIen soldatak hobetzekoa ere".