euskaraespañol

Kronika

‘Jatorria’, Bibatek hamar urte

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/04

Álvaro Arrizabalaga eta María José Iriarte
Álvaro Arrizabalaga eta María José Iriarte. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Hamar urte bete ditu Bibat Museoak, Arabako Fournier Karta Museoa eta probintziako Arkeologia Museoa biltzen dituenak. Urteurren hori ospatzeko, erakusketa berezi bat antolatu du, Arabako Paleolitoari errepasoa egiten diona. ‘Jatorria’ erakusketaren komisarioak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Álvaro Arrizabalaga Valbuena irakaslea eta sail horretako irakasle eta Ikerbasqueko ikertzaile María José Iriarte Chiapusso dira.

Gizateriaren historia Ekialdeko Afrikan hasi zen, duela 2,6 milioi urte inguru. Orduz geroztik, hainbat giza espezie bizi izan dira paisaia aldakorretan, klima egoera berrietara egokituz, landare eta animaliekin batera.

Arabako hiriburuko Bibat museoak antolatutako erakusketak iraganera bidaiatzea proposatzen du, Paleolitoan lurraldeko lehenengo biztanleak izan zirenen bizimodua ezagutzeko. Paleolitoa “gure historiako kultura aro luzeena eta kritikoena da; izan ere, tarte luze horretan izandako garapen fisiko nahiz kulturalak lehendabiziko hominidoak gaur egun garenaren oinarri bihurtu zituen”, azaldu dute erakusketaren komisarioek.

Hala, Behe Paleolitoan, hominidoek egindako lehenengo tresnak agertu ziren. Araban, lurraldeko lehen biztanleen aztarna bakarrak harrizko lanabes bakanak dira, azken aldiz erabili ziren lekutik kanpo aurkitutakoak. Aurkikuntza horietako asko gaur egun Uribarri Ganboako eta Urrunagako urtegiak dauden lurretan egin ziren.

Europan, neandertalak dira Erdi Paleolitoko (250.000-42.000) protagonistak. Arabako Erdi Paleolitoko aztarnategi esanguratsuena Arrillorko kobazuloa (Murua) da. Garai hartan, neandertal talde desberdinek hartu zuten bizilekutzat, aldizka. Hantxe aurkitu zen Arabako izaki aztarnarik zaharrena: haur neandertal baten esneko hortza, hain zuzen. Horrez gain, harrizko tresna ugari eta kobazuloko biztanleek ehizatutako animalien hezur mordoa aurkitu ziren.

Bestetik, Goi Paleolitoa bat dator, gutxi gorabehera, azken glaziazioko bigarren erdialdearekin; hau da, Izotz Aroa deritzonarekin. Aurreko giza espezie guztiak desagertuta, garai hartako protagonista Homo sapiens edo Cro-Magnongo gizakia izan zen. Eskuarki, kobazuloetan bizitzeko usadioarekin lotzen dugu garai hori. Araban, aztarnak aurkitu dira Gorbeiako Arrillor eta Mairulegorreta kobazuloetan. Nolanahi ere, suharrizko harrobien ustiapenarekin zerikusia zuten aire zabaleko aztarnategiak ere aurkitu dira, hala nola Pelbartekoa (Egino) eta El Pradokoa (Burgeta, Trebiñu).

Erakusketa aurtengo urrira arte egongo da zabalik.