euskaraespañol

Kronika

Komunikaziorako dohaina duen Medikuntzako ikaslea

Iñigo Arroyok ahozko komunikazio onenaren bigarren saria eskuratu du Nafarroako Unibertsitatearen Ikasleentzako Onkologia Kongresuan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/24

Irudia
Iñigo Arroyo, UPV/EHUko medikuntza ikaslea odontologia kongresuko aurkezpenean.

Hogei unibertsitatetatik etorritako 300 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute aurten Nafarroako Unibertsitateak antolatutako Ikasleentzako XV. Onkologia Kongresuan. Iñigo Arroyo Medikuntzako bosgarren mailako ikaslea da UPV/EHUn eta lehen aldiz hartu du parte, hizlari gisa, Estatuan garrantzitsuena den eta nazioartean garrantzitsuenetakoa den mota honetako hitzorduan.

UPV/EHUko ikaslea edizio honetako bigarren komunikatzaile onena izendatu dute, ahozko beste hamaika komunikaziorekin lehiatu ondoren, eta pozik dago emaitzarekin. “Epaimahaia diziplina anitzekoa zen eta oso maila zientifiko handikoa (onkologoak, anatopatologoak), eta guztien artean Mariano Barbacid nabarmentzen zen, herrialde honetako ikertzaile garrantzitsuenetako bat”, azaldu du Arroyok. Biokimikari ospetsua kongresuan egoteak ardura erantsia ekarri dio. “Maila horretako pertsona bat nire aurkezpenaren lekuko izateak presioa eragin dit, baina, aldi berean, askoz gehiago motibatu ere egin nau”, esan du.

Hala ere, egindako ahalegina saritua izan den arren, Arroyoren ustez, jasotako aitormena baino askoz zabalagoa da izan duen esperientzia: “Asko ikasi dut Erradio Onkologiako zerbitzuan egotean eta lantaldea ondoan izatean, eta hori guztia nirekin eramango dut. Alderdi klinikoarekin harreman handiagoa izan dut, eta horrek aukera eman dit Alfonso Gómez Iturriaga doktore eta irakaslearekin ikertzen eta lanean aritzeko”.

UPV/EHUko irakasle horrek Gurutzetako Ospitaleko Irakaskuntza Unitatean irakasten du –hango ikaslea da Arroyo–, eta berak animatu zuen Medikuntzako ikasle gaztea Nafarroako Unibertsitatearen Kongresura aurkeztera. “Haren laguntzarekin aukeratu nuen prostatako minbizirako erresonantzia magnetikoaren bidezko diagnostikoaren gaia”, adierazi du Arroyok.  

Kongresu horretan parte hartu ondoren, Iñigo Arroyorentzat are nabarmenagoa da Medikuntzan, gero eta diziplina anitzekoagoa eta zeharkakoagoa den aldetik, zabalkundea funtsezkoa dela; izan ere, “patologiei askotariko ikuspegietatik heltzen zaie; horrenbestez, gure lana zientzia komunitatearekin partekatzea ezinbestekoa da, nahitaezkoa, eta hala egin beharko dugu etorkizuneko medikuek”. Hala ere, onartzen du balitekeela zabalkundeak aparteko ahalegina eskatzea, eta “Medikuntzako karrera gogorra da, eta ez du beste ezertarako astirik uzten. Kongresuetako trukeak, ordea, oso onuragarriak dira, gure diziplinaren beste arlo batzuk ezagutzeko parada ematen digutelako”.