euskaraespañol

Kronika

ASAHI enpresa japoniarreko zenbait ordezkari UPV/EHU bisitatzen izan dira

Ikerketa kontratu bat sinatu dute Magnetismo Taldearekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/25

Irudia
ASAHI-ren ordezkariak, Arturo Muga, Julian Gonzalez eta Arkady Zhukov. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

ASAHI enpresa japoniarreko zenbait ordezkari Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) bisitatzen izan dira orain dela gutxi. Bisitaren xedea Kimika Fakultatean dagoen Magnetismo Taldearekin kontratu bat sinatzea izan da. Julián González da talde horretako ikertzaile nagusia, Fisika Aplikatuko katedraduna. Kontratuak hiru urteko iraupena izango du hasiera batean, eta urtean bi bilera egitea dago aurreikusita (bata Japonian eta bestea UPV/EHUn).

Japoniako enpresaren ordezkariak (I+Gn ari diren lau pertsona eta idazkari bat) UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Arturo Mugarekin elkartu ziren, zeinak ondoan zituen Julián González eta proiektuaren arduradun zientifikoa, aipatutako taldeko Arkady Zhukov ikertzailea. Bileran, ikerketa zientifikoaren ekintzak izan zituzten hizpide, UPV/EHUko Magnetismo Taldean aztertzen ari diren mikro-nanohari magnetikoetan oinarritutako etorkizuneko aplikazioetan sakontzeko.

ASAHI enpresak 4.000 langile baino gehiago ditu eta instrumentazio medikua ekoiztea du eginkizun nagusi; adibidez, mikrohariak dituzten kateterren lerro berri bat merkaturatzeko asmoa du. Egoitza nagusia Osaka hirian (Japonia) du enpresak, eta ordezkaritza bat du Silicon Valley eremuan (San José, Kalifornia, AEB).