Erakusketak: erakusketen zerrenda historikoa

Su haietatik hitz hauek erakusketa - Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Euskararen eguna ospatzeko erakusketa hau ikusgai Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/29

Gipuzkoako Campuseko Bibliotekaren atarian (Carlos Santamaria Zentroan) "Su haietatik hitz hauek" erakusketa duzue ikusgai, abenduaren bukaera arte. Bertan erakusten dira izenburu berarekin Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Euskal Idazleen Elkarteak, elkarlanean, argitaratutako liburuxkaren irudiak. Donostia erre, suntsitu eta berreraikitzeko ebazpenaren bigarren mendeurrena dela eta, euskarak azken 200 urteotan Donostian izan duen presentzia, garrantzia eta bilakaera jasotzeko da liburuxka.

Aritz Gorrotxategi, idazlea, izan da liburuxkaren egilea; irudiak, berriz, Arkaitz Barriolak egin ditu. Bertan, euskara eta Donostia eskutik joan direla eta doazela adierazteko hamaika datu, pasarte eta gertaera bildu ditu: bisitari ospetsuek euskarari buruz idatzitakoak, donostiar idazleek aipaturikoak, bertsolaritza edota euskal antzerkigintzaren presentzia eta garrantzia Donostian, euskarazko publizitatea, prentsa edota kantagintza, ikastolen sorrera eta abar. Liburuxkaren ale bat Mailegu Zerbitzuan eska dezakezu, aleak agortu arte. www.suhaietatik.com web orrian ere eskura dago liburuxka.

Web orriak euskararen oraina zein geroari begiratzen dio, bere erabilera sustatzeko asmoarekin. Bere helburua da edozein hiritarrek euskararen aldeko ekarpenak egiteko konpromisoa hartzea. Azken xedea, konpromisoak, txikiak izanda ere, aurrera eramatea da; eguneroko ekintza eta erabakiak eraginkorrenak baitira hizkuntzaren garapen eta sendotzean. Irudien erakusketaren ondoan ordenagailua duzu; bertatik, zure proposamenak edo euskararekiko konpromisoa adierazten duten mezuak bidal ditzakezu. Eta nahi izanez gero, webcam bidez grabaketa txiki bat ere bai. Ez ahaztu abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen dela eta Donostiako Alde Zaharrean hainbat ekintza izango direla (erakusketak, dantza, musika, antzerkia, etab.); Antzoki Zaharrean ere 11:00etatik aurrera ikuskizun bat antolatu da.