Erakusketak: erakusketen zerrenda historikoa

Víctor Gómez Pin

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/11

Erakusketa bibliografikoa Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Ekainaren 12an Carlos Santamaria Zentruan  Víctor Gómez Pin irakaslea Honoris Causa Doktore izendatzeko ekitaldia dela eta Gipuzkoako Campuseko Bibliotekak bere obraren inguruko erakusketa bibliografikoa  antolatu du. Erakusketa ikusgai egongo da Bibliotekako sarreran uztailaren bukaera arte. Honetaz gain, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko sarreran jartzeko, Víctor Gómez Pin-i buruzko hainbat lan (argitaraturako liburuak, artikuluak, aipamenak, zuzenduriko tesiak, prentsan argitaratutakoak, etab.) biltzen dituzten erakusketa-taulak prestatu dira.

1944an Bartzelonan jaioa, Victor Gómez Pin oso gazte joan zen Parisera ikastera, eta Filosofia ikasketak egin zituen, Sorbonako Unibertsitatean. Estatu Doktore gisa amaitu zituen ikasketak, ordena aristotelikoari buruzko tesi batekin. Dijongo Unibertsitatean irakasle lanetan aritu ostean, UPV/EHUk Filosofia katedra eskaini zion, gerora oposizio bidez eskuratuko zuena. 1993az geroztik, UABko katedraduna da, Emeritua gaur egun. Visiting Professor, ikertzaile eta hizlari izan da atzerriko hainbat unibertsitatetan: Venice International University, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala, Pariseko ENS, Université Paris-Diderot edo CUNYko Queen's College. Saiakerako Anagrama eta Espasa sariez gainera, Istituto Veneto di Scienze, Lettere ed Arti institutuaren "Premio Internazionale Per Venezia" irabazi zuen, 2009an. Jakiundeko kide numerarioa da (Zientzia, Arte eta Letren Akademia). Hogeita hamarretik gora liburu idatzi ditu, eta ezin konta ahala artikulu. Pentsalari grekoen arazo ontologiko zaharrak egungo pentsamenduaren arabera birplanteatzen eman ditu urte asko, eta zehazki galdetu dio bere buruari zer inplikazio dituzten egungo diziplina zientifiko batzuek izadiaren kontzeptu heredatuan. Kezka horrek International Ontology Congress batzarra sortzera bultzatu zuen, azken mende laurdenean UNESCOren babesletzaz biurteko edizioak egiten aritu dena, filosofoez gainera zientzialari ospetsuak ere badituen batzorde zientifiko baten gidaritzapean.