Bisita Birtuala
Hezkuntza: 945 01 32 66 / Kirola: 945 01 35 00
Hezkuntza: 945 01 32 66 / Kirola: 945 01 35 00
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/15
Tesi honen helburu nagusia Gipuzkoako emakume helduen aisialdiko jarduera fisikorako (AJF) azturak, arrazoiak eta oztopoak ezagutzea izan zen. Hauek izan ziren azpi helburuak: Gipuzkoako emakume helduen (18-65 urte) AJFrako azturak, arrazoiak eta oztopoak ezagutzeko ad hoc galdetegi bat diseinatzea; galdetegiaren edukiaren baliozkotasuna, baliozkotasun ekologikoa eta barne-sendotasuna aztertzea; Gipuzkoako emakume helduen, emakume gazteen, landa eremuko emakume helduen eta haur txikiak dituzten amen AJF maila ezagutzea Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) jarduera fisiko (JF) denboraren gomendioen betekizun mailaren arabera eta AJFrako arrazoiak eta oztopoak identifikatu eta aztertzea, ikuskera feministetatik eta eredu sozioekologikoaren arabera. Metodo mistoen bidezko ikerketa izan zen. Lehenengo, datu kuantitatiboak bildu eta aztertu ziren eta ondoren kualitatiboak, aurretik aztertutako datuak indartu edota ezbaian jartzeko. Atal kuantitatiboan Gipuzkoan Women Physical Activity Questionnaire (GWPAQ) izeneko ad hoc galdetegia diseinatu eta balioztatu zen. 3595 emakume helduk erantzun zuten. Talde aktibo eta inaktiboen arteko erantzunak alderatzeko, Pearsonen chi-karratuaren testa eta lagin independenteen testa erabili ziren, adierazgarritasun estatistikoa p<,05ean finkatuz. Atal kualitatiboan 25 emakumek parte hartu zuten. Bost talde eztabaida egin ziren Gipuzkoako lau eskualde desberdinetan. Elkarrizketen hitzez hitzeko transkripzioen ondoren edukien analisia egin zen eta izaera induktibo-deduktiboko kategoria-sistema bat eraiki zen. Atal kuantitatibo eta kualitatibokoak aztertzerakoan Gipuzkoako emakume helduen talde osoaz gain, talde honen barruan zeuden emakume gazteen (18-29 urte), landa eremuko emakumeen eta landa eremuko amen datuak aztertu ziren. Izan ere, literatura zientifikoak azpimarratu du emakume talde horietan inaktibitateak gora egin ohi duela. Ikerketa lan hau gauzatzeko alderdi etikoak kontuan hartu ziren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Giza Ikerketarako Etika Batzordearen onespena lortu zen (M10-2020-296). Galdetegiaren edukiaren baliozkotasuna, baliozkotasun ekologikoa eta barne-sendotasunaren emaitzak onak izan ziren. Galdetegia erantzun zuten talde nagusian, %32 inaktiboak ziren eta %68 aktiboak; 526 gazteen artean %24 inaktiboak ziren eta %76 aktiboak; landa eremuko 296 emakumeen artean %37 inaktiboak ziren eta %63 aktiboak; eta landa eremuko 129 amen artean %46 inaktiboak ziren eta %54 aktiboak. Gipuzkoako emakumeen artean askotarikoak izan ziren arrazoi eta oztopo intrapertsonal, interpertsonal eta testuinguruarekin lotutakoak. Arrazoi nagusiak osasunarekin, itxura fisikoarekin eta sozializazioarekin lotuta zeuden. Oztopo nagusiak denbora falta, nekea, alferkeria, gehiegizko lana, zaintza lanen zama eta AJFrako zerbitzu egokien gabezia ziren. Gipuzkoako emakumeek partekatzen zituzten faktoreez gain, emakume gazte batzuentzat emakumeen sareak izatea eta naturaz gozatzea arrazoi garrantzitsuak ziren. Gainera, emakume gazte batzuentzat oztopo garrantzitsuak ziren heziketa fisikoko eta AJFko esperientzia negatiboak, AJFrako espazioetan deseroso sentitzea eta jarrera sexistak pairatzea. Landa eremuko ama batzuentzat, zaintza lanekin lotutako neke fisiko eta mentala, zaintza lanen erantzukizun partekaturik eza bikotekideen artean, zaintzaren etikarekin lotutako erruduntasun sentimenduak eta haurdunaldiarekin, erditze ondorenarekin eta adinarekin lotutako osasun arazoak faktore garrantzitsuak ziren. Landa eremuarekin lotutako alderdi zehatzak ere nabarmendu zituzten, hala nola bide egokiturik eza, lur malkartsua eta beren beharretara egokituriko zerbitzuen eskasia. Beraz, ikerketa honetako emakumeek AJF egiteko zituzten arrazoiek eta oztopoek azaleratu zuten emakumeek behar espezifikoak dituztela eta AJFren egitura patriarkalak eta genero rol eta estereotipoek euren aztura, arrazoi eta oztopoetan eragina dutela. Garrantzitsua da emakumeen beharrak asetzea eta emakumeen aniztasuna aitortzea, AJFren onurak eskuratu eta gozatzeko. Horretarako, garrantzitsua da faktore intrapertsonal, interpertsonal eta testuinguruarekin lotutakoak kontuan hartzea, eta baita generoan oinarritutako diskriminazioak identifikatzeko ezinbestekoa den ikuspegi feminista txertatzea ere. Azkenik, funtsezkoa da emakumeak subjektu pasibo gisa ez, baizik eta aldaketa-eragile gisa ikustea, ahalduntzeko eta genero-boterearen harremanak eraldatzeko gai direnak.