Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:
Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.
Eduki publikatzailea
Albisteak eta Ekitaldiak
Argitaratuta 2018-05-15
Ikastaroa: Munduko jatorrizko hizkuntzen biziberritze prozesuak eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzea
Uztailaren 2an eta 3an Baionan (lo egiteko aukera)
Izena emateko epearen bukaera 2018ko ekainaren 25a
Euskal Herrian azken hamarkadetan egindako ibilbidea inspirazio bide da jatorrizko herri askorentzat; batez ere Hego Amerikako herri asko ari dira UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrarekin eta Garabide elkartearekin elkarlanean euren biziberritze prozesuak azkartzeko eta doitzeko urrats sendoak ematen. Euskal Herritik, besteak beste, helduak alfabetatzeko eta helduek hizkuntzara berenganatzeko ahaleginean laguntzen diegu. Gure gaueskolak eta euskaltegiak oinarritzat hartuta, egitasmo horiek indarberritze prozesuetan nolako garrantzia duten, zein ekarpen egiten duten eta zelan bideratu ahal diren transmititu nahi izaten dugu, ondo datorkiena euren egoera eta ezaugarrietara doituta aplika dezaten. Era berean, eurengandik ere jasotzen dugu irakaspena, eta geurera modu kritiko eta eraikitzailean begiratzeko aukera ematen digu.
IRAKASLEAK
Andoni Barreña Agirrebeitia
Doktorea Psikolinguistikan Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU); Irakasle titularra Salamancako Unibertsitatean. Garabide Elkarteko Lehendakaria. Hainbat hizkuntzen biziberritze prozesuetan aditua eta aritua.
Itziar Idiazabal Gorrotxategi
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU); Genebako Unibertsitatean doktorea psikolinguistika alorrean.Euskaltzain urgazlea da, eta Euskararen Aholku Batzordeko kide. UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea da 2007 urteaz geroztik.
Ane Ortega Etcheverry
BAM Irakasle eskolako irakaslea. Espainiar Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean eta Soziolinguistika eta Espainiar Ikasketetan doktorea Londresko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedran, Batzorde Tekniko Iraunkorreko eta Aholkulari Batzordeko partaidea
Arkaitz Zarraga Azurmendi
Euskal Filologian lizentziatua. UEUko Glotodidaktika Saileko sailburua. Garabideko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedran, Batzorde Tekniko Iraunkorreko partaidea. Basauriko Udal Euskaltegiko irakasle eta zuzendaria.
HELBURUAK
Hizkuntza kooperazioaren errealitatera hurbiltzea.
Helduen hizkuntzaratze eta alfabetatzeak biziberritze egitasmoan duen garrantziaz eta egitekoez jabetzea eta hausnartzea.
Metodologia egokia aplikatzearen garrantziaz jabetzea.
Metodologia komunikatiboaren eta ekintzara bideratutako irakasmoldeen ezaugarriak aztertzea eta horietan trebatzea.
Ariketen tipologiaren inguruan hausnartzea.
Nasa Yuwe hizkuntzarako gure laguntzaz egin duten A1 mailarako programa eta materialak aztertzea.
EDUKIAK
Hizkuntza kooperazioa.
Helduen irakas-zentruen ezaugarriak.
Ekintzara bideratutako metodologia.
Materialak eta ariketen tipologia
Errealitate bakoitzari lotuta jardutea.
METODOLOGIA
Ikasleen aurrezagutzetatik abiatuta eta euren interesak kontuan hartuta, orain arte Garabidek eta Unesco Katedrak egindako lana atalka aurkeztuz joango gara. Ondoren hausnarketa sustatuko dugu eta zenbait ariketa taldeka burutu. Egindako lana ulertu eta aurrera begira egin beharrekoen inguruko hausnarketa bilatuko dugu, Nasa herrian egindakoa oinarritzat hartuta, aurrera begira Nasekin eurekin zein beste herri batzuekin egin daitekeen lana elkarrekin irudikatzeko.
NORI ZUZENDUA
Hizkuntza normalizazioaren inguruan ari diren arduradun, profesional eta euskaltzaleak oro har.
Euskaltegietako irakasle, didaktikari eta arduradunak.
Kooperazioaren munduan ari diren profesional eta ekintzaileak.