Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Hizkuntza biziberritzeko estrategietan diplomatura Nasa komunitatean aplikatuta

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/07

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia

Ekainaren 9ko asteburuan hasiko da GARABIDE Elkarteak, CECIDICekin batera UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren kolaborazioarekin, Kolonbian lehen aldiz antolatu duen “Hizkuntza biziberritzeko estrategietan diplomatura Nasa komunitatean aplikatuta”. Kolonbiako Cauca eskualdean 10 astez luzatuko da diplomatura eta 160 orduko formazioa jasoko dute nasa yuwe hizkuntza biziberritzearen alde jarduten duten 80 ekintzaile nasek.

Nasa herria Kolonbiako hego-mendebaldean kokatzen da, Cauca izeneko eskualdean zehazki. Azken urteetan, nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko prozesuan murgildu dira nasak eta lan bikaina egiten ari dira. Lorpen nagusien artean daude, besteak beste, bertako antolakuntza indigenak 40 kide liberatzea lortu izana “hizkuntzaren sustatzaile” (promotores de la lengua) bezala jardun dezaten, haurrentzat murgiltze ereduko eskolak zabaltzea eta, helduen alfabetatzeari dagokionez, azken hilabeteetan 500 pertsona inguruk izena eman izana nasa yuwea ikasteko klaseetan. Hain zuzen ere, hizkuntzaren biziberritzearen aldeko indar eta gogo hori pauso bat harago eramateko helburuarekin antolatu dugu elkarlanean datozen asteetako programa.

Izen osoa “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Diplomatura Nasa komunitatean aplikatuta” du ikastaroak eta erantzun nahi die Toribioko (Cauca, Kolonbia) nasa komunitateak berak identifikatutako formazio beharrei. Kolonbiako Cauca eskualdean nasa herria biziberritze kultural eta linguistikoan murgildu da bete-betean, eta herri-identitatea sendotuta aurre egin nahi diote jendarte indigenek pairatu izan dituzten marjinazioari, pobreziari eta deserrotze-egoerei. Eta hala dute jasoa beren plangintza estrategikoetan, bereziki Cauca eskualdean. Testuinguru horretan kokatzen da Toribio inguruko komunitate nasako eragile kulturalen formazio estrategikoaren premia, Garabideri helarazi zaiona. Hain zuzen ere, behar horri erantzuten dio 60 hizkuntza sustatzaile (30 gizonezko eta 30 emakumezko) ekitate eta jasangarritasun koordenatuetan ahalduntzera bideratutako 10 asteko formazio saio hau, urte beteko proiektuaren baitan kokatzen dena.

Egiturari dagokionez, guztira 8 modulu biltzen ditu Diplomaturak, astez-aste, asteburuetan aurrera eramango direnak honako ordenari jarraiki:

1. modulua: Soziolinguistika

Ekainak 9-10. Irakasleak: Adonias Perdomo (kolonbiako nasa), Julen Larrañaga eta Andoni Barreña (euskaldunak). 

2. modulua: Kultur ekoizpena

Ekainak 16-17. Irakasleak: Aldemar Quiguanas, Sady Cometa, Dionoisio Largo, Carlos Ruda (kolonbiako nasak) eta Mikel Mendizabal (euskalduna).

3. modulua: Alfabetizazioa 

Ekainak 23-24 eta ekainak 30-uztailak 1. Irakasleak: Aldemar Quiguanas, Sady Cometa, Dionoisio Largo, Carlos Ruda (kolonbiako nasak) eta Mikel Mendizabal (euskalduna).

4. modulua: Helduei hizkuntza irakasteko metodologia

Uztailak 7-8 eta 14-15. Irakasleak: Ladu As'kwe, Tauriono Cometa (kolonbiako nasak), Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga (euskaldunak).

5. modulua: Hizkuntza eta generoa 

Uztailak 21-22. Irakasleak: Ana Maria Ramos (kolobiako nasa) eta Paolina Vercoutere (Ekuadorreko kitxua).

6. modulua: Hegoko esperientziak 

Uztailak 28-29 eta abuztuak 4-5. Irakasleak: Elizabeth Nuñez (maputxea) eta María Yamberla (Ekuadorreko kitxua).

7. modulua: Hezkuntza 

Uztailak 28-29 eta abuztuak 4-5. Irakasleak: Rosa Elizburu (euskalduna), Rosa Mintegi (euskalduna), Candelaria Ramos (kolonbiako nasa), Adolfo Vxtnus (kolonbiako nasa).

8. modulua: Hizkuntza plangintza 

Abuztuak 11-12. Irakasleak: Diego Yatakwe eta Fernando Huino (kolonbiako nasak).

Ekainaren 9tik abuztuaren 12ra bitartean burutuko da ikastaroa eta klase egunak asteburuetan izango dira. Modulotan banatuta, hizkuntzaren biziberritzearen alorreko adar ezberdinak jorratuko ditugu formazioan zehar eta ikastaroan parte hartuko duten 80 ekintzaileak hizkuntza biziberritzeko estrategia ezberdinetan formatuko dira. Horrez gain, material didaktikoa egiteko lan taldeak sortuko dira, ondoren praktikan erabiliko direnak, eskola edo “nasayuwetegietan” esaterako. Irakasle lanetan beste Garabide-ren ikastaro batzuetan formatutako nasak arituko dira nagusiki, baina baita Amerikako beste hizkuntza gutxituetako adituak eta Euskal Herrikoak ere. Hizkuntzari begira, nasa yuwez izango dira eskolak, irakaslea bertakoa ez denean izan ezik.

Caucako CECIDIC hezkuntza-erakundearekin batera antolatu da diplomatura eta sekulako ikusmina sortu da nasen artean. Aukera historikotzat jo dute formazio hau hizkuntzaren biziberritzearen alde pauso sendoak ematen jarraitzeko.

Informazio gehiago hemen.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook