Informazio interesgarria

Nazioarteko Biltzarra RED-U 2017: UNIBERTSITATEA ETA GARAPEN IRAUNKORRA

Noiz eta non

Noiztik: 2017/11 Noiz arte: 2017/11

Irudia

Deskribapena

 

 

 

 

 

Zer izan behar du unibertsitate esperientziak gure ikasleentzat? Lanbide baterako prestakuntza tekniko soila? REDUn uste dugu ikasleak pertsonalki eta intelektualki eraldatuko dituen bizipen esanguratsu bat izan behar duela. Gure gaur egungo ikasleak etorkizuneko gizarteen zutabeak dira. Ez da erraza errealitate horren ikuspegi luzea izatea, egunerokoaren epe laburrean murgilduta gaudenean. Alabaina, gure ikasleen unibertsitate esperientzia eratzeko moduak zehaztuko du, neurri handi batean, nolakoa izango den etorkizuna.

Pentsatu ohi dugu erantzukizuna, kontzientzia kritikoa eta gizarte iraunkor batekiko konpromisoa gai indibidualak direla, unibertsitateari lotuta ez daudenak. Gure bizi kalitatearen oinarriak dira, ordea, gure egresatuen gaitasun teknikoa bezain beste, edo gehiago. Balio eta konpromiso horiek bizipenetan eta, bereziki, unibertsitateko bizipenetan ikasten dira; izan ere, horrelakoetan, gazteek beren gizarte dimentsioa finkatu, eta munduan ekiteko gaitasuna garatzen dute.

REDUren biltzar honek ideien eta esperientzien laborategi bat izan nahi du. Bertan unibertsitateek eskaintzen dutena birpentsatuko dugu, iraunkortasunaren ikuspegitik eta planeta partekatzen dugun pertsonen bizi baldintzen epe ertain eta luzeko eraldaketaren ikuspegitik. Horrek esan nahi du unibertsitateak eskaintzen duena ere hausnartu behar dugula, ikasleek gure munduaren ikuspegi ulerkor bat gara dezaten, aurrean ditugun erronka kolektibo handiak azter ditzaten eta espezialitate zientifikoak edo teknikoak horiek konpontzeko egin dezaketen ekarpenaz jabe daitezen.

"Gizarte eta ekonomia bidezkoagoak eta iraunkorragoak sustatzea, herrialde guztien eta, bereziki, ahulenen onurarako" (Unesco, 2014; World Future Council Foundation 2014). Helburu hori modu eraginkorrean gauzatu zen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Munduko Programan (2014) eta garapen jasangarrirako 17 helburuetan.

Nola lortzen da agindu horiek gure ikasleentzako esperientzia bihurtzea? Nola uztar dezakezu gure tituluetan, batetik, arloari dagokion ikaskuntza zientifikoa eta teknikoa, eta, bestetik, haren proiekzioa gizakion ongizaterako konpromiso pertsonala? Nola lor dezakegu iraunkortasuneko helburu globalak gure ikasleek ekimen propio eta pertsonal gisako erronka akademiko eta profesional bihurtzea? Gogoetak, ideiak behar ditugu, eta arlo horretan lanean hasi diren unibertsitateen esperientzia onenak jaso behar ditugu. Horixe da biltzar honen helburua.

Iraunkortasunari lotutako gaiak curriculumetan (garapen iraunkorrari buruzko hezkuntza) txertatu baino gehiago, ikuspegi horrekin (garapen iraunkorrerako hezkuntza) kontsekuenteak diren portaerak eta jarrerak landu nahi dira (Murga eta Menoyo, 2015). Horrek esan nahi du esperientzietan murgildu behar dugula –curriculumekoak eta curriculumez kanpokoak–, non beharrezkoa izango baita ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arteko erlazioak aztertzea modu kritikoan eta denbora proiekzio batez, eta aukera iraunkorragoak eta gizartearentzat arduratsuagoak bilatzea. Hori guztia bai edozein diziplina eta espezialitatetik (zuzenbidea, ingeniaritza, kimika, hezkuntza, geografia, medikuntza, ekonomia…) bai horietatik guztietatik batera, diziplina aniztasuna eta lankidetza landuta. Azken batean, gure campusak, diziplinak eta curriculumak berriz pentsatu behar ditugu, etikaren eta gizarte konpromisoaren ikuspegitik.

Gai horri helduta, REDUk beste pauso bat eman nahi du Zaragozan (2014) finkatutako norabidean; hau da, ikasleen esperientzia aberastea eta gaitasun tekniko eta zientifikoen garapenaz harago joan, eta oinarrizko gaitasunak planteatzea, hala nola analisi kritikoa, gogoeta sistematikoa, erabakiak lankidetzan hartzen ikastea, eta oraingo eta etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizunaren zentzua. Azken batean, zeharkako gaitasunak berriz hausnartu behar dira, ikuspegi integratzaile batetik, zeinak zentzua emango baitio goi mailako hezkuntzari, pertsona eta Lurrarekiko konpromiso aktibo baten arabera.

Informazio gehiago