inf_bases_becas_once_crue_23_24

Bekak Fundación ONCE-CRUE. Desgaitasunak dituzten ikasleentzako praktikak

Deialdiaren oinarriak

Irudia

“FUNDACIÓN ONCE-CRUE PRAKTIKA-BEKA" PROGRAMA

PRAKTIKA ORDAINDUAK ENPRESATAN, DESGAITASUNA DUTEN IKASLEENTZAT 2023/2024 Deialdia UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA (UPV/EHU)

 

1. DEIALDIAREN XEDEA

Fundación ONCE-CRUE beken deialdia egiten da. Xedea da praktika akademiko extracurricularren garapena ahalbidetzea desgaitasuna duten ikasleei, beren enplegagarritasuna eta lanbide-etorkizuna garatuz honela.

UPV/EHUko graduetan edo master ofizialetan edo berezko graduondoko ikasketetan (UPV/EHUko Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleen Arretarako Aukera Berdintasuneko Araudiaren 2. artikuluaren arabera) matrikulatuta dauden eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna legez aitortuta duten ikasleek praktikak egiteko 4 plaza eskaintzen dira.

Programa Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen da, FSE+ 2021-2027 Inklusio Programaren esparruan.

2. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

%33ko edo gehiagoko desgaitasun bat aitortua izatea.

UPV/EHUko graduetan edo master ofizialetan edo berezko graduondoko ikasketetan (UPV/EHUko Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleen Arretarako Aukera Berdintasuneko Araudiaren 2. artikuluaren arabera) matrikulatuta egotea eta praktikek dirauten artean titulua ez eskatzea.

Unibertsitate titulua lortzeko beharrezkoak diren kredituen % 50a gainditua izatea gutxienez izen-ematea egitea epea amaitzerakoan. Azkenengo mailako ikasleei emango zaie lehentasuna.

UPV/EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia eta eskola/fakultate bakoitzak kanpoko praktika akademikoen arloan ezarritako baldintzak (I. eranskina) bete beharko dira.

3. EPEA ETA IZEN-EMATEA

Eskaria egiteko epea 2024ko otsailaren 29 arte zabalik egongo da.

Eskaria Fundación ONCE erakundearen webgunean irekitako plataformaren bidez egingo da: http://becas.fundaciononce.es

I eranskina discap@ehu.eus helbidera bidali behar da.

4. IRAUNALDIA

Praktikek 3 hilabete jarraian iraunen dute gutxienez, eta harrera-enpresak eskaturik, sei hilabetera luza daitezke, 2024ko apirilaren 1etik abuztuaren 31ra arte. Praktikaldia hileko lehen lanegunean hasiko da beti.

Ordutegia astean gehienez 30 ordukoa izango da eta enpresaren eta bekadunaren artean adostuko da.

Praktikak enpresa handi, ETE, mikroenpresa, gizarte ekonomiaren enpresa, hirugarren sektoreko entitate eta bestelako erakunde publiko edo pribatutan egin daitezke.

5. PRAKTIKAK ESLEITZEA

UPV/EHUak bekak esleituko ditu hautagaien artean, ondoko irizpideak aintzat hartuz:

- UPV/EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia eta eskola/fakultate bakoitzak kanpoko praktika akademikoen arloan ezarritako baldintzak betetzea

- Unibertsitate ikasketetako batez besteko nota

- Desgaitasun maila

- Lehentasuna izango du antzeko laguntza ekonomikoetarako programen beste deialdi batzuetan (hau barne) beka edo diru-laguntzarik jaso ez izana

6. ONARTUEN ETA BAZTERTUEN PERTSONEN ZERRENDA

6.1. Onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren eskabideak aztertuko dira. Orduan, UPV/EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko webgunean argitaratuko da Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpena. Behin-behineko zerrendan adieraziko da nork falta duen agiriren bat, eta zein den zehazki falta duena. Zeozer falta dutenek hamar egun balioduneko epea izango dute akatsak konpontzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, zerrenda ohartaraziko da epe horretan akatsak zuzendu ezean ulertuko dela interesdunek atzera egin dutela eskarian, urriaren 1eko

39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

6.2. Onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda

Akatsak konpontzeko epea amaitu ondoren eta eskabideak aztertuta,  Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpena UPV/EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko webgunean argitaratuko da.

7. ERREKURTSOA

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da bi hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri harik eta berraztertze errekurtsoaren berariazko edo isilbidezko erabakia eman arte.

8. FUNDACIÓN ONCEren ZUZKIDURA

ONCE fundazioak praktikak finantzatuko ditu eta bekari esleitutako zuzkidura hurrengo izango da:

- 1.800€ poltsa edo laguntza ekonomiko bat emateko parte hartzen duen ikasleari.

- 200€ legeak edo bere arautegiak UPV/EHUari, praktikak kudeatzen duen erakundea den heinean, aurreikusten dizkion betebehar guztiak betetzeko, gizarte segurantzari, zergei eta izaera orokorreko beste betebehar guztiei dagokienean.

Unibertsitateak bekaren onuradunei dagokien zenbatekoa ordainduko die eta laguntza ordaintzen duen entitatea den aldetik Gizarte Segurantzari kotizatzeko dagozkion betebeharrak beteko ditu. UPV/EHUk ikasketetarako beka edo laguntzari dagokion zenbatekoa ordainduko du ikasleak titular edo titularkide izan behar duen bankuko kontu korrontean.

Deialdi honetan inplikatutako erakundeek ez dute praktika hauek egokitzeko edota egiteko sortu daitezkeen gastuei aurre egiteko aurrekonturik, ondorioz, ez dituzte gastu horiek bere gain hartuko.

Bekaren iraunaldia beteko ez balitz, ikaslearen zein enpresaren erabakiaren ondorioz, aurrerapen handiz abisatu beharko da eta ikasleak egindako praktika egunei dagokien laguntza jasoko du.

9. PROGRAMAREN KUDEAKETA ETA EXEKUZIOA

Bekak soberan geratuko balira unibertsitateren batean, programa jarraitzeko batzordeak esleituko ditu itxarote-zerrenda duten unibertsitateen artean, banaketa orokorrean aplikaturiko irizpide berberei jarraituz.

UPV/EHUaren partaidetza izango duen programaren baldintza orokorren laburpen bat baino ez dira oinarri hauek. Gatazka, desadostasun, zalantza edo erreklamaziorik balego bere exekuzioan edo interpretazioan, lehenak gailenduko dira.

Oinarri hauek sinatzen dituen errektoreordetzak behar diren neurriak hartzen ahalko ditu deialdia behar bezala garatuko dela bermatzeko, eta eskumena izango du oinarri hauetan aipatzen ez diren salbuespenezko egoerak aztertu eta baloratzeko.

Donostian, 2024ko otsailaren 14an

Fernando Tapia Alberdi

UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea

Behin-behineko ebazpena

Behin-behineko Ebazpena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordearena ONCE Fundazioa-CRUEren praktika-beken programaren VIII deialdian (2023-2024)

Behin betiko ebazpena

Behin-betiko Ebazpena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordearena ONCE Fundazioa-CRUEren praktika-beken programaren VIII deialdian (2023-2024)