Hizkuntza aukera

dibujo

Izarren hautsa (Izarraren hautsa)

Jatorrizko testua

Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean
noizpait giñaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.

Gizonak ba du inguru latz bat
menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu,
saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia;
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizpait erditu
hortan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu;
ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz,
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz,
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.

Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan,
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen.

Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak,
burruka hortan iraungo duten
zuhaitz-ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz
ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiztatuko dutenak.

Testuaren egilea
Xabier Lete
Musikaren egilea
Mikel Laboa
Estreinaldi data
1975
Oharrak

Kanta honen musika Mikel Laboak 1975ean sortu zuen; poema liburu ugari aztertu zituen musikari egokitzen zitzaion poema baten bila, “Izarren hautsa” poema aurkitu zuen arte, Xabier Leteren “Bigarren poema liburua” (1974) obran. Leteren baimenaz, hitzak eta musika egokitu eta “Ikimilikiliklik” (1975-1978) ikuskizunaren parte bilakatu zuen. 1975etik aurrera bere errepertorioan egon zen etengabe, eta bere  emanaldietan jendeak behin eta berriz eskatzen zion. 

Diskoak
Mikel Laboa Katedra Gipuzkoako Foru Aldundia Eresbil Elkar Fundazioa