Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Konformismoa

 

Anaitasuna, 200 zk., 1970-11-30

 

    Gaurko zibilizazioaren gaitzik haundienetako bat «konformismoa» dela esango nuke nik, hemen ez ezik, esan beharrik ez, bai eta mundu zabalaren bazter eta herri askotan ere.

    Uste dudanez, honako hau da oraingo historia-mementoaren ikurra, seinale ta marka nagusia: «maioria isilaren» gibelaundikeria, menpekeria, eta serbilismoa.

    Agiriko sailean, gizarte sailean, besteek sufritzen dituzten bidegabe ta zuzengabeak isil isilik ikustea, egoera zuzentzeko ezer egin gabe. Nork bere interesak besterik ez begiratzea, zuzengabeen kaltearrak besteak dira ta. Horixe da hemen «konformismoa» deitzen duguna. Maltzurkeriaren aurrean, ez entzun eta ez ikus egitea, «ni nahaspilan sar ez nazaten».

    Norbait honela mintzatzen da: «Nik ba dakit, zenbait okerkeria han hemen egiten direla; baina hoik zuzentzea ez dagokit niri, niri kalterik egiten ez dautatenez gero. Beraz, zertarako sartuko naiz istilutan? Nik ba dakit, horrelako egoera edo legea ez dela zuzena, herriaren ona haintzat hartzen ez duelako. Baina herriaren jagolea izanen naiz ni ala?».

    Gaitz hau herri guztietan aurkitzen da, batez ere kidetzeko elkar libertaderik ez daukaten herrietan. Konformismoa etsipenaren semea izaten da batzuetan. «Beste herrikideen laguntzarik gabe —dio norbaitek— nola ihardukiko dut nik, soil soilik, maltzurkeriaren kontra? Ez dago ezer egiterik. Bakoitzak berea begiratzea da onena. Ni ta neure etxekoak ondo bizi gara orain: telebista ta dena daukagu etxean. Sekula ez gara bizi izan honelako komodidadeekin. Utz ditzagun besteen problemak, berek konpon ditzaten».

    Penagarria da horrelako elerik entzutea, baina halakoxea da gehienen pentsa moldea.

    «Konformismoaren» kausa ez da bakarrik kidetzeko libertadearen falta. Beste motiborik ere ba dago, bai; eta hauen artean ez da txikiena teknikaren aurrerapena, nahiz eta itxurarik ez izan.

    Teknikaren aurrerapenak teknokrazia ekartzen du berez, eta honek eskatzen du, hain zuzen, gizarte eginkizunak teknikalarien eskuetan uzteko.

    Bestalde, teknikak, nahiko familiarentzat behintzat, «confort» delakoa ekarri du. Honek abantail asko ditu, dudarik ez; baina kalte batzuk ere ekarri ditu. «Confort»ak bizi gozoaren guraria sartzen dio gizonari barnean. Eta gozo hori ez galtzeko, prest gaude maizetan, bidegabeen aurrean begiak ixteka.

    Ipuinik, exenplotzat, hona ekartzen uzten bazait, oroitarazi eginen dauzkizuet, dakizkezuen gazta barreneko saguaren egiazko historia eta oilategiko oilo baten tragedia.

    Sagu hura gazta barrenean bizi zen, goxo goxo. Kanpoko burrukak, lanak eta nekeak ez ziren bereganaino ailegatzen, eta bost axola zitzaizkion. «Hau bai bizi ederra, gazta barrenekoa!», esaten omen zuen sagutxoak. Baina, egun batean, jan eta jan, gazta amaitu egin zen, eta, koitadua agirian gelditurik, katuak harrapatu eta jan egin zuen.

    Beste ipuina honako hau duzue. Oilategi batean oilo gazte harroxko bat hala mintzatzen omen zen: «Oilategi honetan ondo baino hobeto bizitzen da. Ugazabak janari-edaria egunero prestatzen du. Dena daukagu txukun txukun, gelak ere ondo atonduak eta garbituak. Zer nahiago nahi duzue, umetxook? Batzuk marmar ari direla ba dakit, ugazabak noizean behin oiloren bat hartu eta jan egiten duela esanez. Zer egingo dugu, bada? Heriotze ordua danoi heldu behar zaiku. Jainkoari gomenda, eta kitto. Besteren zoritxarraz oroitu gabe bizi gaitezen alai eta pozik, jauregitxo polit honetan». Baina arratsalde hartan. bertan ugazaba etorri zen, berritsua harrapatu eta sutegira eraman zuen, egosteko. Alferrikakoak izan ziren haren kakarakak, heriotze ordua heldu zitzaion eta.

    Eta nik gauza bat pentsatzen dut, alegia: baldin norbaitek nahi badu, mundu honetan, Jainkoaren irudiak garen gizasemeok sagua nahiz oiloa bezala bizi gaitezen, ni ez nagoela konforme.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es