Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Unibertsitateko kulturaz

 

Jakin, 1 zk., 1977

 

      Asko mintzatzen da, egungo egunean, Euskal Unibertsitate delakoari buruz. Baina, zer da Euskal Unibertsitatea?

      Euskaldun askorentzat, Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian dagoen unibertsitatea da.

      Niretzat, berriz, Euskal Herrian egotea ez da nahikoa. Nire ustez, egote huts horrek ez du zilegi Euskal Unibertsitate izena erabiltzea. Terminologia egoki batetan, holako unibertsitateari «Euskal Herriko Unibertsitate» izena edo, nire adiskide batek txantxetan esan ohi duen bezala, «Euskal Herriango Unibertsitate» izena eman beharko litzaioke.

      Nahiz eta «Euskal Herriko Unibertsitatea» gure herriaren etorkizunerako oso onuratsua izan (hau ez du inork ukatzen, gauzak alde praktikotik hartuz gero behintzat), hori Euskal Unibertsitatea ez dela opportune et importune esango dut nik, izen truke horretan arrisku handia ikusten bait du.

      Bi kontzeptu horien arteko desberdintasuna azaltzen saiatuko naiz artikulutxo honetan.

      Gaia behar den bezala erakusteko, nolanahiko unibertsitateren xedeak zeintzu diren jakin behar da lehenik.

      Hortaz, ordutik honera hamaika aldaketa izan bada ere, balioduna omen da oraindik Ortega y Gasset jauna 1931. urtean egindako proposamendua. Proposamendu honen arauera, hiru dira unibertsitatearen helburuak.

      Lehenengoa: kulturaren mandatua gizaldi berrietara helaraztea.

      Bigarrena: gizarteak behar dituen goi mailako profesionalak eskolatu eta titulatzea.

      Hirugarrena: zientzi bilakuntzarako ikertzaile berriak edukatu eta trebetzea.

      Beraz, Euskal Unibertsitatearen helbururik nagusiena, kulturaren mandatua euskal gizaldi berrietara helaraztea dela onartuko dugu. Baina zer nolako kultur mandatua? Hontaz da gure kezka.

      Jakina denez, kulturaren definizio eta mugatze asko utzi digu Maisuak bere entsegu jorietan zehar.

      «Cultura es labor; hacer cosas humanas»... «Cultura es creación de pasiones nuevas y de ideas nuevas»... «Cultura es pasión de sí mismo»... «Cultura es repertorio de convicciones íntimas». «Sistema de ideas vivas». «Catálogo de actitudes ante la vida»... «Cultura es ansia de permanecer»... «Cultura es resolución de contradicciones». «Cultura es aparato de facilidades frente a la existencia»... «Cultura es agitar los brazos ante la propia perdición»...

      Eta abar, eta abar; aipatzen ez genuke sekula bukatuko.

      Berehala ikusten denez, kulturari buruzko Ortegaren pentsaera guztiz gainditurik dago, gaurko egunean. Arras atzeraturik gelditu dela esan daiteke, haren kontzeptuak, gure gaurko sozial mentalitatetik urruti dagoen intelektual-indibidualismo batetara makurtzen bait dira.

      Ortega liberal handi bat zen, eta haren pentsaera orduko Espainiako ideologia liberalari loturik zegoen. Pentsaera horren indibidualismoaz konturatzeko, nahikoa da aipatu ditugun fraseak berrirakurtzea. Gaurko egunean, ordea, kulturarekiko kontzeptuek sozialak izan behar dute, ala ez dira izan.

      Dena den, Ortegak ez gaitu zalantzatik ateratzen; hau da, ez digu argi eta garbi esaten, unibertsitateak belaun berriei eraman behar dien kultur mandatu hori zertan datzan edo zertan etzan beharko lukeen.

      Bi aldetatik ikusten dut nik unibertsitateko kultura. Alde batetik, kultura orokor bezala. Bestaldetik, kultura herritar bezala.

      Humanitate osoak, mendez mende, belaunik belaun, bildu duen esperientzia eta jakintza guztia deitzen dugu kultura orokorra. Zientzia, ederti eta teknika guztien multzo hori ez da herri jakin baten etorkia, Gizadi osoarena baizik.

      Kultura berezia, haatik, herri jakin baten kultura da. Haren hizkuntza, haren bizi-moldeak, haren ohiturak eta usteak. Herri honek munduaz eta biziaz duen interpretazio berezia.

      Ez uste izan, ordea, kultura berezi bat kultura orokorraren zati bat denik. Gai honetaz, sujetu-objetu dialektika famatua sartzen da, nonbait, nolanahiko kultura bi aldeetatik ikus daiteke eta.

      Kultura unibertsalak kanpotik ikusi behar du, nahi eta nahiez, herri jakin baten errealitatea: objetu bezala, alegia.

      Haatik, herri horren kultura bereziak barnetik bezala ikusten du errealitate hori berori, hori ezagutzea bere burua ezagutzea duenez gero.

      Har dezagun, esate baterako, edozein hizkuntzaren exenplua. Inork ez du ukatuko, hizkuntza hori kultura unibertsalaren ezagutza-objetua denik. Jakintza orokorrak hamaika gauza esango digu hizkuntza horri buruz, bai linguistikaren aldetik, bai soziologiaren aldetik, eta abar; baina beti kanpotik, azaletik, lekoretik.

      Aldiz, hizkuntza horri dagokion kultura bereziaren aldean, oso beste gauza bat da, hizkuntza kultura horren osatzaile esentziala denez gero.

      Nola hizkuntza pentsaeraren erreminta nagusia den, hizkuntza ez da ezagutzaren objetu huts bat; aitzitik ezagutzaren sujetua ere bada.

      Adibidez, Salamanca edo Tokioko unibertsitateetan irakats daiteke euskara, beste nolanahiko hizkuntza bat bezala, hots, kultura unibertsalaren ezagutza bat bezala. Baina ezagutza hau ez da sekula Amezketako bertsolariak duen euskararen ezagutza bera izango, zeren, bertsolari horren kasuan, ezagutzailea guztiz murgildurik bait dago bere ezagutzaren objetuan bertan.

      (Oroitaraz dezagun Gabriel Marcel pentsalariak agertutako problème eta mystère kontzeptuen arteko berezitasuna. Terminologia honen arauera, misterioaren kasuan ezagutzailea misterioan bertan sarturik dago; ez, ordea, problemaren kasuan).

      Beraz, kultura unibertsala eta herri baten kultura bereziaren arteko diferentzia ez datza kantitatean; zerbait esentziala da.

      Kultura unibertsalak ez du inoiz kultura berezi bat ordainkatuko. Historiaren Erroma ez da sekula erromatarrek bizi izan zuten Erroma bera izango. Antropologoek deskribatzen duten kultura papua ez da sekula papua herriak bizi egiten duen kultura bera izango, indijenarentzat kultura hori biziaren muina bait da.

      Espainiako intelektual gehienek ez dute honelako berezitasunen beharrik sentitzen —hau da, hain zuzen ere, Ortega y Gasset jaunari gertatzen zitzaiona—; horientzat bi gauzak —kultura unibertsala eta kultura espainola, alegia— bat bera dira eta. Horiek, espainolek, ez dute problemarik izaten, kultura unibertsala espainolez ikasten dutenez gero. Baina euskaldun jator batek euskal kultura, euskal literatura, euskal pentsaera espainolez ikasi behar izatea, contradictio in terminis iduritzen zaigu. Honelako gertaera, trajeria kultural bat dela esan daiteke, nahiz eta euskaldun asko hortaz konturatu ez.

      Hau da gure diglosia delakoaren egiazko trajeria. Eta gure herria ez da hortik aterako, egiazko euskal unibertsitate bat ukan arte.

      Irakurle argi eta zorrotzak erraz ulertuko du zeinen diferentzia handia dagoen, Euskal Herriko unibertsitatea eta euskal unibertsitatea direlakoen artean.

      Lehenengoak, kultura unibertsala emango dio gure herriari, erdaraz bada ere. Alde horretarik, guztiz beharrezkoa dugu gaurregun eta —euskara dagoeneko egoeran— luzaro ere ukanen dugu beharrezko. Etor bedi, beraz, lehenbaitlehen, Euskal Herriko Unibertsitatea, unibertsitate ona, modernua eta ongi antolatua izatekotan.

      Baina, esan berri dugun bezala, euskal kultura diglosiazko egoeratik ateratzeko, euskal unibertsitate bat behar dugu, euskal kultura euskaraz irakats dezana eta haren alma mater izan dadina. Beste arazo bat da hau ere, eta garrantzi handikoa.

      Ez dezagun ahantz, mesedez.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es