-
La EHU, entre las mejores universidades de Europa en estudios de ingeniería
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «El médico cura a veces, alivia a menudo y acompaña siempre»
-
Un estudio de Carlos Matute logra el segundo puesto mundial en el Top Altmetric de Nature
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Haciendo deporte en el polideportivo
Leire Imaz Zubiaur
Aurrera goaz, bai, baina astiro eta sufritzen
Zuzenbide Zibileko irakasle agregatua UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaria
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 10/03/2017
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Euskal Herriko Unibertsitatea egungo gizartearen isla da, beste horrenbeste eremu eta espazio lez. Gurean ere, indarrean dago sexu-genero sistema bitarra: jaiotzean, umeari bere sexu-organoen arabera, emakumezkoaren edo gizonezkoaren etiketa ‘psikosoziojuridikoa' ezartzen zaio; eta, esleitzen zaion sexu-marka horren arabera jasoko ditu, kolpean, makina bat karga, bertute, ezaugarri, portaera, betebehar, trebetasun, akats eta desio. Emakumezkoari, ‘pack' femeninoa egozten zaio; gizonezkoari, aldiz, lote maskulinoa. Dikotomia honek zitalkeria ugari dakarzkigu denoi, zalantzarik gabe. Baina maskulinoa den ororen gailentzeak dakarkigu, guri, emakumeoi, ondorio latzenak. Hortik eratorri izan dira bereizkeriak; hortik berdintasun eza konstantea, patologikoa, jasangaitza. Sistemikoa. Estrukturala. Kontzientea eta inkontzientea. Egoera batzuetan, oso agerikoa. Besteetan, sinbolikoa, sotila, krudela, nabarmentzen oso zaila.
Lehenengoak, agerikoak, ari gara Euskal Herriko Unibertsitatean pixkanaka atzean uzten. Gurean irakasle eta ikerlari den Marta Macho matematikariak, martxoaren 2an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eskainitako konferentzia argigarriak ("Mujeres y ciencia: ¿una ecuación imposible?) ematen dit abiapuntu kontrastagarria: Pilar Ipiña. Hura izan zen gure Unibertsitateko lehenengo ingeniari emakumea, 109. promozioko ikaslea. Hiru ikasle ziren orduan emakume, orotara. Ez zeukaten emakumeentzat komunik. Idazkaritzako langileentzat erreserbatutako komunetara joan behar zuten. Atsedena heltzean, gizonekin egon ez zitezen, beste toki apartatu batera eramaten zituzten hiru emakumeak. Pilar, 110. promozioko ingeniari batekin ezkondu zen. Senarra etxetik kanpo lanean jarri zen, baina Pilar ez. Senarrak ez zuen nahi Pilarrek etxetik kanpo lan egiterik, eta enpresariek ez zuten emakumerik kontratatzen. Duela 50 bat urte, izatez, emakumeak bigarren mailako izaki adin txikiak ginen indarrean zegoen legeriarentzat ere: ez geneukan geure seme-alabekiko guraso ahalik ezta legezko tutoretzarik; ez genuen gure ondarea administratzeko gaitasunik, gure aitak edota senarrak kudeatzen zuen gure izenean; edozein gauzatarako eskatu behar genion gure senarrari baimena "lizentzia marital" zorigaitzeko hura derrigorra baitzen…
Ez gaude, ez, Pilar Ipiñaren garaian. Indarrean dagoen legeriak berdintasun formalaren eszenatokia marraztu du, Espainiako 1978ko Konstituzioaz geroztik. Euskal Herriko Unibertsitatean, 2016-2017 kurtsoan, graduetako titulazioetan, 35.448 ikasle matrikulatu dira, horietatik % 53 emakumezko. Titulazio askotan gehiengo azpimarragarria dugu emakumeok (farmazia, elikadura, letrak, filologia, artearen historia, itzulpena eta interpretazioa, gizarte lana, arte ederrak, irakasle-eskola, odontologia, medikuntza, erizaintza, publizitatea, biokimika, psikologia, kriminologia, ingeniaritza kimiko industriala…); gizonezkoak, ordea, tradizionalki maskulinoak izan diren esparruetan gailentzen dira nabarmen (geografia, historia, kirol hezkuntza, ingeniaritza eta informatika). Beste titulazio asko orekatu egin dira, zorionez, matrikulazioaren eta presentziaren dimentsioan. Unibertsitateko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen % 66 emakumeak dira eta irakasleen % 42 ere. Irakasleen artean, ordea, eta hemen hasten gara kristalezko sabaia nabarmentzen: katedradunak dira gradu akademiko altuena dutenak eta kategoria horretan % 76 gizonak dira. Lan-kontratua duten eta funtzionarioak ez diren irakasleon artean, halaber, kategoria altuena irakasle osoari dagokio. Kasu honetan, % 80 gizonak dira. Zergatik? Zer dela eta dugu zailago emakumeok gradu altu horietara heltzea? Emakumeok geure karrera akademikoak geldiaraziak ikusten ditugu adin txikien, helduen edo aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintza dela eta. Emakumeok uztartu egin behar dugu irakaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketa emakume izateagatik sistemak egotzi dizkigun zaintza funtzioekin eta gizonek, ordea, karrera akademikoan kategoria altuenak eskuratzeko bidea leunagoa izaten dute. Gizonen esku egoten dira, beraz, askoz gehiagotan (portzentajeetan, askotan bikoitzera heldu arte), doktorego tesi zuzendaritzak, saileko zuzendaritzak, ikerketa proiektuen zuzendaritzak eta, orain arte behintzat, kudeaketa zuzendaritza karguak ere.
Bereizkeriak, beraz, ez daude, jada, hein handi batean, berdintasun formalaren eremuan, ia lege-testu gehienek lau haizetara oihukatzen duten legezkotasun printzipioaren ildotik; nahiz eta oraindik ere, enpresa mundutik gure ikasleen artean gizonezkoak kontratatzeko lehentasuna agertzen duten askok, gehienetan kalifikazio hobeak emakumezkook eskuratzen ditugun arren. Oraindik galdetzen digute, lan elkarrizketetan, etorkizunean umeak izateko asmorik dugun. Eremu sotilago batean kokatzen dira egun emakumeok pairatzen ditugun oztopo ugarienak, hala ere, nahiz eta horrek ez duen esan nahi oztopo horiek berriak direnik. Ezta larriak ez direnik ere. Berdintasun ezaz haratago, sexu-genero sistema bitarrak eragindako estereotipoen erreprodukzioaren planoan dauzkagu gehienak. Maskulinoaren gailentzea femeninoa den ororen gainean. Umilazioak, tratu txar psikologikoak, misoginia latente baten eguneroko adierazpen krudelak. Emakumeak amak gara, dirudienez, une oro. Zaintza patroia garatu behar dugu non nahi (ikasleekin, irakasle kideekin, zuzendariekin…). Intendentzia lanak egin, fotokopiak, erizain lanak burutu, terapeutak izan gure kideekin, idazkari funtzioak aurrera eraman, gauzak atondu, garbitu, idazkiak idatzi… Beti "enpoderatu" beharra dugula dirudi. Sinetsi behar dugula kapazak garela. Espazio publikoa ere gurea badela. Ez dugula beldurrik izan behar parte hartzeko, kudeatzeko, lidergoa egikaritzeko. Ez dugula bigarren plano batean egon behar. Gizonezkoek aurpegira begiratu behar digutela. Errespetatu behar gaituztela. Gure ikasle gazte emakumeek ez dutela kristalezko tapadun pote batekin irten behar kalera parrandan doazenean, gizonezkoen talde batek eurak drogatu ondoren bortxatu ez ditzan, gero grabatuz eta sare sozialetan zabalduz. Oldartzen hasi dira berriz ere gure gizartean emakumeak zentzu orotan txikitzen gaituzten jarrerak, ikusezinak bilakatzen gaituztenak, objektu izaten mantendu nahi gaituztenak. Lotsarik gabe, gainera.
Errealitate krudel hori eraldatzea guztion esku dago. Emakumeak "enpoderatu" edo "ahaltzea" bidea izaten jarraitzen du, bai, baina gizonezkoak ere inplikatu behar dira berdintasunetik generoen desagertzera elkarrekin ibili beharreko bidean. Denon esku dago gizarte horizontalagoa eta justuagoa eraikitzea. Osasuntsuagoa, iraunkorragoa. Gaurtik aurrera, atsedenik gabe.
Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.