euskaraespañol

Sare sozialak campusa

Katrin Alberdi Egues

Artelanak mugitu aurretik

Profesora de Pintura de la Facultad de Bellas Artes

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 22/10/2026

Katrin Alberdi | Foto: EHU.

Artelan bat erakusketa baterako mailegatzea ohiko jarduera bihurtu da museo eta kultur erakundeetan. Erraza dirudi: obra batek museo batetik irten, beste leku batera bidaiatu eta, aste edo hilabete batzuk igaro ondoren, jatorrizko lekura itzultzen da. Baina bidaia horren atzean askoz ere gehiago dago. Obra batek atea zeharkatzen duen unetik itzultzen den arte, erabaki eta prozedura ugari daude tartean, baliabide asko behar dira eta profesional ugarik hartzen dute parte. Prozesu horren zatirik handiena ikusezina da erakusketa bisitatzen duen publikoarentzat.

Lehen urratsa obraren kontserbazio-egoera aztertzea da, bidaiarako edo erakusketarako egokia den baloratzeko eta prestaketa berezirik behar duen ikusteko. Batzuetan, obra batek esku-hartzeren bat behar du mugitu aurretik, eta horrek kontserbazio-lan gehigarriak eskatzen ditu. Askotan, biltegian gordeta dagoen obra bat da, eta hura atera, manipulatu eta prestatzeko muntatzaileen eta kontserbazioaren arloko profesionalen lana behar da. Une horretan zehazten dira erakusketan beharko dituen baldintzak: zer argiztapen-maila jasan dezakeen, zein tenperatura eta hezetasun-tartetan egon behar duen, segurtasun-neurri berezirik behar duen edo bitrinan erakutsi behar den, besteak beste.

Artelana esaten dugunean, askotan pintura edo eskultura bat etortzen zaigu burura, baina artelanek oso forma, tamaina eta ezaugarri desberdinak izan ditzakete. Mihise gaineko pintura batek, esaterako, neurri arruntak izan ditzake, baina baita hain tamaina handia ere, non garraiatzeko bastidoretik atera eta biribildu behar den, helmugan berriro zabaltzeko eta muntatzeko. Eskultura batek, berriz, ehunka kilo izan ditzake eta garabi eta muntaketa-sistema bereziak behar izan ditzake. Obra grafikoak enmarkatu behar izan ohi dira, edo dagoen markoa aldatu behar izaten da erakusketaren baldintzetara egokitzeko; obra testilek euskarri edo muntaketa-sistema bereziak behar izan ditzakete; eta badira instalaziorako baldintza eta jarraibide bereziak dituzten lanak ere, hala nola elementu elektroniko edo mekanikoak dituztenak. Horregatik, obra bakoitzaren izaerak berak baldintzatzen du nola prestatu, nola babestu eta nola erakutsi.

Aldi berean, aurreko txostenak eguneratzen dira eta enbalajea berrikusten da. Obra dagoeneko kutxa batean badago, haren egoera aztertu behar da eta bidaia berrirako egokia den baloratu; bestela, neurrira egindako enbalajea prestatu behar da, obra babestuko duten material egokiekin. Enbalajea ere ez da berdina obra guztientzat: materialen, tamainaren, hauskortasunaren eta garraio-baldintzen arabera diseinatu behar da. Mailegua, gainera, aseguratu egin behar da, eta obraren balioa eta bidaian zehar izan ditzakeen arriskuak kontuan hartuta zehazten dira estaldurak.

Ondoren dator garraioaren prestaketa. Zein aukera dauden aztertu behar da, ibilbidea planifikatu eta obra ahalik eta baldintza egokienetan iristeko beharrezko neurriak hartu. Maiz, kontserbazioaren arloko profesional batek bidaia gainbegiratzen du, kutxa garraioan nola sartzen denetik helmugan nola ateratzen den arte. Obra jasoko duen erakundean ere ez da lana amaitzen: kutxa biltegira eraman behar da eta denbora jakin batez egokitu behar da ireki aurretik, barruko baldintzak kanpokoetara bat-batean alda ez daitezen. Ondoren, obra kutxatik atera eta berriro aztertzen da, jatorrizko egoerarekin alderatuz eta bi erakundeetako profesionalen artean haren kontserbazio-egoera egiaztatuz. Erakusketan dagoen bitartean ere, zaintza horrek jarraipena behar du: garbiketa, manipulazioa eta mantentze-lanak nola egin behar diren zehazten dira. Eta erakusketa amaitzean, prozesu osoa berriro abiatzen da, alderantzizko noranzkoan.

Hori guztia obra bakar bati dagokionean. Pentsa dezagun, ordea, ehun bat artelan dituen erakusketa batean, munduko hainbat museo eta bildumatatik ekarritako piezekin. Prozesu horiek guztiak biderkatu egiten dira, eta aldi berean koordinatu behar dira, askotan oso egutegi estu baten barruan. Horrek esan nahi du artelanek etengabe egiten dutela batetik besterako bidea, eta mugimendu bakoitzak bere arriskua dakarrela. Izan ere, argiztapen desegokiak edo tenperatura eta hezetasun baldintza desegokiek obraren narriaduran eragin dezakete, baina normalean prozesu motelak dira. Manipulazioan edo garraioan gertatutako kaltea, aldiz, berehalakoa izan ohi da, eta askotan ondorio larriak eragin ditzake. Horregatik, artelana mugitzen den bakoitzean, kalteak gertatzeko aukera berri bat sortzen da.

Hala ere, artelanak mailegatzea museo eta kultur erakundeen ohiko jarduera da, eta badu bere arrazoia. Bildumen arteko trukeak ezagutza sortzen laguntzen du, erakundeen arteko harremanak sustatzen ditu eta obrak beste publiko batzuengana hurbiltzeko aukera ematen du; bestela, agian, publiko horrek ez luke inoiz izango haiek zuzenean ikusteko aukerarik. Jatorrizko obra baten aurrean egotea esperientzia bakarra da. Arazoa, ordea, salbuespenezkoa zena ohiko bihurtzen denean sortzen da.

Azken urteotan, gero eta gehiago dira beste museo eta bilduma batzuetatik mailegatutako artelanak biltzen dituzten aldi baterako erakusketak. Obra batek milaka kilometro egin ditzake erakusketa batean aste edo hilabete batzuk emateko, ondoren jatorrizko lekura itzuli eta, handik gutxira, beste erakusketa baterako berriro bidaiatzeko. Erritmo horretan, erakusketa bera ere kontsumoaren logikara hurbiltzen ari dela dirudi. Berritasuna ezinbesteko bihurtzen da, erakusketa bat beste baten atzetik dator, eta publikoari etengabe zerbait berria eskaintzeko beharrak artelanen zirkulazioa areagotzen du. Arteak, horrela, gero eta gehiago parte hartzen du gure kultur kontsumoaren erritmo azkarrean. Eta horrek galdera bat egitera behartzen gaitu: nahikoa al da obra bat bidaiatzeko kontserbazio-egoera egokian dagoela jakitea, ala benetan bidaiatzea beharrezkoa den ere galdetu beharko genuke?

Galdera hori bereziki garrantzitsua da jasangarritasunaz hitz egiten dugunean. Batzuetan, mailegu baten ingurumen-inpaktua murrizteko moduetan jartzen dugu arreta: berrerabil daitezkeen enbalajeak erabiltzea, garraioak optimizatzea, energia-kontsumoa murriztea edo emisioak kalkulatu eta konpentsatzea. Neurri horiek beharrezkoak dira, baina agian ez dira nahikoak. Jasangarritasunak eredu bera zalantzan jartzera ere eraman beharko gintuzke. Izan ere, ez da soilik artelanen bidaiak gutxiago kutsatzea. Agian, bidaien inpaktua murrizteaz gain, artelanen etengabeko mugimendua bera ere berrikusi beharko genuke.

Horrek guztiak ez du esan nahi maileguei uko egin behar diegunik, ezta jatorrizko obra bat zuzenean ikustearen garrantzia gutxietsi behar dugunik ere. Kontua ez da obra guztiak mugitzeari uztea, baizik eta erabakitzeko gaitasuna berreskuratzea: zein obra mugitzea merezi duen, noiz justifikatzen diren mailegu batek dakartzan arriskuak eta baliabideak, eta noiz erabil daitezkeen beste bide batzuk obra publikoarengana hurbiltzeko. Horrek erakusketak antolatzeko modua ere berriro pentsatzera eraman gaitzake: mailegu kopurua murriztea, hurbileko bildumekin lan egitea, erakusketak denbora gehiagoz mantentzea edo obra bakoitza ekartzeak duen zentzua kasuz kasu aztertzea. Ez dago erakusketa guztiak modu berean antolatu beharrik, eta erakusketa baten interesa ere ez dago zertan obra kopuruaren araberakoa izan; haien arteko harremanak, testuinguruak eta proposamenaren beraren kalitateak ere badute zer esanik. Agian, erakusketen egungo erritmoaren aurrean, balioetsi beharreko beste zerbait dago: denbora, neurria eta iraunkortasuna. Erakusketa bat ez da zertan hobea izan obra gehiago biltzen dituelako, ezta esperientzia kultural bat ere baliotsuagoa, piezek milaka kilometro egin dituztelako.

Kontserbazioak artelanen etorkizunaz pentsatzera behartzen gaitu. Gaur hartzen ditugun erabakiek eragina izango dute obra horien etorkizunean. Horregatik, obra bat mugitzeko aukera aztertzen dugunean, ez dugu soilik bidaiak egiteko behar dituen baldintzak edo hartu beharreko babes-neurriak baloratu behar; mugimendu horrek benetan merezi duen ere aztertu behar dugu. Maileguek ondarea partekatzeko, ezagutza zabaltzeko eta publiko berriei artelanak hurbiltzeko aukera ematen dute, baina ez dira beti beharrezkoak horretarako. Agian, erakusketa bat prestatzen dugunean, mugitzeko aukera ez ezik, ez mugitzeko aukera ere kontuan hartu beharko genuke. Kontserbatzea ere ez mugitzen ikastea baita.