-
La EHU sitúa Inteligencia Artificial, Ingenieria Química y Educación, entre las 200 mejores del mundo, en el Ranking de Shanghái por materias
-
Carabelas portuguesas, algas tóxicas y otros nuevos habitantes del mar Cantábrico
-
«Para el mantenimiento del paisaje es conveniente rehabilitar y reutilizar los caseríos»
-
El rector reivindica un modelo universitario propio en la apertura del curso de la EHU
-
La EHU sacará de nuevo la ciencia a la calle en la Noche Europea de los Investigadores e Investigadoras
Ludger Mees
Elur-bola eta demokrazia
Catedrático de Historia
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 24/09/2026
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Aurrena izan zen Sachsen-Anhalt estatua: Konstituzioa babesteko helburua duen agentzia ofizialak (“Verfassungsschutz”) “segurtasun osoz eskuin-muturreko alderdia” bezala definitu zuen AfDk (“Alternative für Deutschland”) Land horretako hauteskundeetan bozen % 43,8a eskuratu zuen. Ondoren Mecklenburg-Vorpommerneko estatuko emaitza etorri zen, eta hori ere ez zen batere makala izan: % 38,2a. Berlinen, historikoki ia beti sozialdemokraten esku izandako hiriburuan, emaitza apalagoa izan zen baino deigarria halere: % 16,3a.
Zenbaki horiek ikusita, ondorio bat baieztatu egin da: Alemanian mito bat hautsi da, nazionalsozialismoaren esperientzia odoltsu eta izugarria bizi ondoren, Alemania eskuin-muturreko tentazioaren aurrean immune zegoela zioen mitoa, hain zuzen ere. Izan ere, II. Mundu Gerrak amaitu ondoren, alemanok esperientzia ilun horrek sortutako traumarekin bizitzea ikasi behar izan genuen, eta gure motxilak zama handia zeraman: demokraziaren ezabapena, zapalkuntza erraldoia, inperialismoa, 6 milioi judu hil zituen holokaustoa eta 50 milioi hildako baino gehiago eragin zituen gerra. 1949an Alemaniako Errepublika Federala sortu zenean, alderdi demokratiko guztien arteko kontsentsu zabal baten gainean eraiki zen estatu berria. Estatu berriaren zutabe nagusia izan zen faxismoaren antzeko zerbait berriz ez gertatzeko ahalegin guztiak egin behar zirela alor guztietan: bai legedian, bai politikan eta baita hezkuntzan ere.
Sobiet Batasunaren menpean zegoen Alemania komunistan kontua errazagoa izan zen: Dekretuaren bidez erabaki zen estatu komunista berria antifaxista guztien aberria zela, eta beraz, faxismoaren historiarekin zerikusirik ez zeukala. Diktadura sobietarrean ez zen izan ez denborarik ezta aukerarik iragan beltzaz pentsatzeko, are gutxiago, ikasitakoaren gainean memoria demokratikoa eraikitzeko. Ariketa hori bai burutu zen mendebaldeko Alemania federalean, 60ko hamarkadatik aurrera, oso polemiko eta mingarria izan zen eta Unibertsitate eremutik harantzago joan zen eztabaida publiko batean. Eztabaida prozesu honetan sortu zen Alemaniako iritsi publiko demokratikoa eta liberala, behin betirako iragan faxistarekin apurtu izanaren itxura irudikatzen zuena.
Eta munduko beste herrialde askotan eskuin muturraren ideologiak eta mugimenduak gorantz joaten hasi zirenean, Alemaniak -orain berriz batuta- balore eta printzipio demokratikoei eta liberalei tinko eutsi zien. Frantzia, Italia, Espainia, Hungaria, Holanda, Polonia, Suedia edo Estatu Batuekin alderatuta, Alemaniako eskuin muturreko alderdiak sistema politikoaren baitan salbuespen exotikoak besterik ez ziren.
Orain, ordea, Alemaniako berezitasun hori amaitu egin da eta errealitatearen benetako aurpegi itsusia jadanik ez da maskara baten atzean ezkutatzen. Olatu autoritarioak, xenofoboak eta balore liberal eta demokratiko guztien aurkakoak, Alemaniako gizartea ere harrapatu du erabat. Historia inoiz ez da errepikatzen, baina zenbait gertaerak kontrakoa pentsatzera bultza gintzakete. Esate baterako hauxe: Lehen aipatutako hauteskunde garaipen erraldoiaren ondorioz, AfD alderdiak oso gertu dauka Sachsen-Anhalt estatuan hurrengo presidentea jartzea. 1932ko maiatzean, Anhalt Estatu Librean Hitlerren alderdiak lortu zuen lehen presidentea izendatzea Alemaniako lurralde batean.
Lerro gutxi hauetan ezin dira gorakada politiko eta sozial horren arrazoiak behar den sakontasunaz aztertu. Historian beti bezala, zergatiak konplexuak eta anitzak dira eta horien artean Alemaniako berezitasunak nazioarte mailan aurki daitezkeen joerekin nahasten dira: kaotiko dirudien eta arazo larriez josita dagoen munduan orientatzeko norabide bat aurkitu nahian; modernitatearen biktimak izatearen sentsazioa; etorkizunarekiko beldurra eta galdutako mundu idiliko eta lasaia berreskuratzeko grina; migrazioaren mamua; eskuin muturreko alderdi eta buruzagien gertutasuna eta horien promesa eta programa sinpleen erakargarritasuna; elite demokratiko eta liberalek egindako akatsak eta balizko harrokeria; aberastasunaren banaketan dagoen eta geroz eta handiago bilakatzen ari den desoreka; Alemaniako batasun prozesuan egindako akatsak; demokrazia eta bere joko-arauak ikasi eta barneratzeko denbora eskasa ekialdeko alemanentzat, - argudio gutxi batzuk aipatzearren.
Horren guztiaren ondorioek hotzikarak sortarazten dituzte: Alemania osoan, AfD alderdia nagusi dago inkesta guztietan, Europatik eta eurotik atera nahi duen alderdi bat, gizakiok bakoitzaren larru-azalaren arabera sailkatzen duena, klima aldaketa ukatzen duena, Putinen inperialismoa behartutako autodefentsa ariketa bezala defendatzen duena, eta gizarte liberal, demokratiko eta irekiaren oinarrizko baloreak gorrotatzen dituena.
Halere, demokrazia ez dago galduta. Olatu autoritarioa ez da naturak sortzen duen fenomeno bat, guk ezer egin gabe eta ekaitza bezala, etorri eta joan egiten dena. Olatua geldiarazi daiteke, Hungaria, Suediar edo New Yorkeko hauteskunde-emaitzek erakusten duten legez. Baina hori gerta dadin, baldintza batzuk bete behar dira. Bata, hiritarrok ikasi behar dugu -eta batez ere belaunaldi berriek- demokrazia, borroka luze baten ondorioz, guk eta gure aurrekoek eskuratutako lorpen handi bat dela, eta lorpen hori bizirik mantentzeko borrokatu behar dela. Demokrazia ez baita betirako, geuk horretarako urratsak ematen ez baditugu; bigarrena, desberdintasun guztien gainetik, alderdi demokratiko guztiek elkarrekin kontsentsu minimo bat jorratu eta praktikatu behar dute populismo nazionalista eta neo-faxistak luzatzen dien eskua ukatzeko. Eskuin-muturra normalizatuko balitz, jai dugu. Gogoratu: Goian aipaturiko lehen NSDAP presidenteak Anhalten ere Alemaniako nazionalista eskuindarrei esker lortu zuela bere kargua, eta gerokoak oso ezagunak dira. Alemanian, oraingoz, eta Espainian ez bezala, sendo dago alderdi demokratiko guztiek eraikitako “harresia” (Brandmauer), AfDrekin edozein akordio egitea ukatzen duena; hirugarrena, politika sozial berriak, aberastasunaren banaketa eskandalagarriaren ondorio larrienak leuntzen dituena.
Eta laugarren eta azken baldintza, alderdi demokratikoek egindako akatsak zuzendu beharra dago. Hiritarrak bereganatzeko ez da nahikoa programa hotz bat aurkeztea, nahiz eta programa horrek oraina eta etorkizuna oztopatzen duten eta gure bakea eta ongi-izatea mehatxatzen dituzten arazo eta erronka guztiak arrazionalki aztertu eta horiek gainditzeko eta konpontzeko erreforma sakonak iragarri. Behar dena zera da: Kontakizun erakargarri, enpatiko eta positibo berri bat, gure mundu kaotikoan jendeari itxaropen, ilusio eta orientazio puntu bat ematen diona, errealitatearen gordintasuna zuritu gabe, jakina. Baldintza horiek gauzatzen hastea ez da batere lan erraza, baina hori egin ezean etorkizun iluna dugu aurrean. Eta demokraziak ezin du denbora galdu. Ez gara 1933ko hiritar alemanak baino azkarragoak, baina horiekiko abantaila garrantzitsu bat badugu. Izan ere, beraiek bizitakoa aztertuta, ikasgaiak atera baititzakegu, Erich Kästner, ekialdeko Alemanian (Dresdenen) jaio zen eta Nazien diktaduratik bizirik ateratzea lortu zuen idazle aleman batek, 1958an egin zuen bezala. Naziek antolatutako liburu-erretze publikoaren 25. urteurrena gogoratzeko asmoz eskaini zuen hitzaldi batean hauxe esan zuen Kästnerrek atzera begira:
“1933tik 1945era arteko gertaeren aurka beranduenez 1928an egin behar zen borroka. Geroago, beranduegi zen. Ezin da itxaron askatasunaren aldeko borrokari herriaren aurkako traizio deitu arte. Ezin da itxaron elur-bola jausi bihurtu arte. Biraka dabilen elur-bola zapaldu egin behar da. Jausia ez du inork gelditzen. Dena bere azpian lurperatu duenean soilik gelditzen da”.