euskaraespañol

Imagen del día

Sare sozialak campusa

Juan Kruz Igerabide

Mikel Laboa: itsasoa begietan

UPV/EHUko irakaslea eta Mikel Laboa Katedraren arduraduna

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 10/06/2016

Este artículo se publica en el idioma en que está escrito.

Familia Pasaiatik zetorkiolako edo, Donostiako Alde Zaharrean denbora luzez bizi izan zelako edo, auskalo edo, Laboak itsasoa zeraman begietan. Oholtzara igotzen zenean, itsasgora agertzen zitzaion. Oholtzatik jaistean, itsasbehera. Lagunekin ahoz aho mintzatzean, hondartza edo kaiaren babesa. Gure unibertsitateko zientzialariren batek arazo oftalmologikoren bat ikusiko ziokeen seguru asko, baina nik nahiago begietan itsasoa zeramala esatea. Itsaso horretan biltzen zituen kantuaren lilura eta gizakiaren mina, Ulisesen sirenak eta eguneroko errealitate gordina.

Kantuak harrapaturiko gizona zen. Bere ibilbidea Atahualpa Yupankiren doinuak kantatuz hasteak zerbait adierazten du. Atahualparen kantuek lur zabal bat dakarte tiraka, arrastaka, gizakiaren ezinaz beteriko zapi amaigabe bat balitz bezala. Laboak herri-lur txiki bat dakar tiraka itsaso zabalera, herri baten ezina mundu zabaleko gizakiaren ezinarekin uztartzera.

Edan zuen herri tradiziotik, Iturengo arotza eta Oi, Pello, Pello, eta Haika mutil eta... Ez dok Amairukoekin batera biziberritu zuen tradizioa, mundu modernora ekarri baserri-xokoetan eta liburu zaharretan hilzorian zegoena. Oso nahasketa arriskutsua egin zuten denek ere, eztanda eragiteko zorian: oso tradizionala eta maiz integrista ere bazen gizarte bateko kultura-adierazpenak jaso, eta abangoardiarekin uztartu alajaina (eta horrek marxismoarekin eta existentzialismoarekin uztartzea esan nahi zuen hein batean, Laboak kantaturiko Bertold Brecht-en poemak lekuko). Bazegoen errespetu eta miresmen handi bat euskal tradizioaren aurrean, eta, aldi berean, halako lotsagabekeria bat ere bai gizarte zapaltzaile eta ideologia atzerakoien kontra.

Laboak liluraren kontra kantatu zuen, eta aldi berean Jean Barbier-en amonatxo otoitzean bilduarekin liluratu zen bera. Gerraren larritasuna eztarrian trabatu zitzaion Gernikako lekeitioetan, baina "apur dezagun katea" ere aldarrikatu zuen. Hanka bat hari batean orekan, beste hanka beste hari batean orekan, eta hari biak argindarrez beteak.

Hasierako Laboa energia artistikoz beteriko Laboa bat dugu, musika eta letra sakonekoa, baina aldi berean forma gehiegi zaindu gabea, baldrestasun apur batekoa, garaiko kantugintza "konprometituaren" ildokoa. Trantsizioak ezinbestez eragindako krisi existentzial eta artistikoaren ondoren, gizartearen jomugak pixka bat lanbrotzearekin batera, hasierako energia horrek kontzientzia artistikoago edo estetikoago bati zabaldu zion bidea. Horrek ez du esan nahi lehenagotik halakorik ez zenik, are gutxiago Ez dok Amairun lantzen ziren balio estetiko sakonak kontuan hartzen badira; baina bigarren aldi horretan ibilbide estetiko pertsonalago bat egiten hasi zen Laboa, jazz munduko musikariak hartu zituen laguntzaile, piezaren estetika eta instrumentazioa askoz gehiago zaintzen zituen, grabazio-teknikak zer esanik ez, beste idazle garaikideago (zenbaiten ustez, posmoderno) batzuen letrak erabiltzen zituen, eta rock mundutik zetorren gaztedi berri batekin ere harremanak eraiki zituen; Laboak erakarmen berezia eragin zuen gazte horiengan, eta, alderantziz, berak ere interes handia erakutsi zuen joera musikal berri horien aurrean, nahiz eta beraren ibilbidean zantzurik utzi ez; izan ere, ibilbidea oso aurreratua zeukan ordurako, ibilbide horren bariazio eta azken esperimentazioak lantzen ari zen.

Laboa herrikoi eta mitifikatu bat geratu da herriaren memorian, eta haren joera abangoardistaren isla ahuldu-edo egin da. Artistaren nolabaiteko joera arraro baten (zenbaiten ustetan xelebre ere bai) irudia geratu da mitoaren baitan. Baina "arrarotasun" hori pixkat bat aztertuz gero, erro estetiko sakonak dituela ikusten da. Jada Ez dok Amairuren garaian izan ziren garaiko musika esperimentalarekin harremanak (Artze anaiak eta Jon Cage, Steve Reich, Acilu...), eta joera esperimental horren ibilbide oso pertsonala egin zuen Laboak. Musika garaikideko kontzertu ugaritan izaten zen, eta konpositore berriekin bazuen harremanik. Baina batez ere bere lekeitioetan dago esperimentazio horren gailurra; hor bildu zituen Gernikako bonbardaketaren eta bonbardaketa ororen oihu desesperatuak, hor bildu zituen bere ibilbide profesionalean haur autistei entzundako intziriak; eta nabaritzen da, are, halako oihu "primal" baten barru-askatze "antropologiko" bat ere, gizakia munduaren oinazearen eta zentzugabetasunaren aurrean garrasika jartzen duena.

Gaur egungo konpositoreek ere maite dute Laboaren ibilbidea; garbi erakutsi digute hori Laboa Katedraren proposamenari bihotz-bero erantzun eta 12 konposizio ondu dituztelarik Laboaren kantagintzan inspiratuta modu batera edo bestera. Izan ere, Laboak itsasoa zeraman begietan, eta itsasoa zabaldu zuen lau norabideetara, eta kresalaren zaporea utzi zigun ezpainetan, kresalaren txinparta isila belarrietan, eta itsas azalaren errainua begietan, Pasaian jaio zelako edo, Donostiako Alde Zaharrean denbora luzez bizi izan zelako edo, auskalo edo.

 

Argazkiak: UPV/EHU.