euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

‘Bullying’a ikasgelan jaio eta Interneten hedatzen da adingabeen artean

Datuen arabera, 15 eta 16 urte bitarteko nesken % 36,1ek eta mutilen % 22,1ek adierazi dute jazarpen gertakariren baten biktima izan direla

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/30

EUkids Online taldekideak: Itziar de Castro, Gemma Martinez, Miguel Angel Casado, Maialen Garmendia, Estefanía Jiménez eta Nekane Larrañaga. | Argazkia: Egoi Markaida

Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna maiatzaren 2an ospatuko da, gazteen arteko indarkeriari buruz sentsibilizatzeko eta, horrekin lotuta, hainbat ikerketak azpimarratu dute bullyingaren jatorria eskola inguruan dagoela batez ere, baina gero eta gehiago zabaltzen ari dela esparru digitalean.

Halaxe jaso du EU Kids Online txostenak eta Espainiako 10 eta 16 urte bitarteko adingabeen bizitza digitala aztertu du. Ikerlanean parte hartze handia izan du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), eta ziberjazarpena ez dela fenomeno isolatua ohartarazi du; hori beharrean, eta kasu gehienetan, ikaskideek aurrez aurre egiten dituzten jazarpen egoerei lotuta dago.

Maialen Garmendia proiektuaren ikertzaile nagusiak azaldu duenez, “onlineko jazarpenaren jatorria ia kasu guztietan aurrez aurreko jazarpenean dago, eta, gehienetan, ikasgeletan eragindako jazarpen horren hedapen gisa sortu ohi da”. Ondorioz, ez dela soilik arazo digitala azpimarratu nahi izan du. Hori beharrean, bizikidetzarekin lotutako araoa dela eta horren inguruan “eskola komunitate” osoa eta familiak prestatu eta babestu behar direla nabarmendu du.

Datuen arabera, 15 eta 16 urte bitarteko nesken % 36,1ek eta mutilen % 22,1ek adierazi dute azarpen gertakariren baten biktima izan direla. Horrek, beraz, agerian uzten du espazio fisikoak eta digitalak bateratzen dituen fenomenoa dela.

Aldi berean, adingabeek Interneteko arriskuekiko duten esposizioa gero eta handiagoa dela egiaztatu du txostenak. Erdiak baino gehiago gorroto diskurtsoen eraginpean egon dira, eta 15 eta 16 urte bitartekoen artean, gainera, ehuneko hori % 77raino iristen da. Kasu gehienetan, kontaktu hori ustekabean gertatzen da, plataforma digitaletan nabigatzen ari diren bitartean.

Gainera, hiru ikasletik batek dio kaltegarriak izan daitezkeen edukiak ikusi dituela (konspirazio teorietatik erronka arriskutsuetara), eta bostetik batek onartu du gutxienez hilean behin egiten diela aurre sarean esperientzia negatiboei.

Bestalde, informazio digitala interpretatzeko baliabideak falta direla ere ohartarazi du ikerlanak. “Hamar haurretatik seik ez dakite egiaztatzen informazio jakin bat faltsua den edo webgune bat fidagarria den”, ohartarazi du Garmendiak. Horrekin lotuta, gorroto eta desinformazio diskurtsoak ugaritu egin direla aipatu du.

“Konpetentzia digitalak indartzea”

Ikerketak (Espainian 10 eta 16 urte bitarteko 2.596 adingaberi egindako inkesta batean oinarritua, eta Europar Batasunak batera finantzatua eta Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE) koordinatua) agerian utzi du, gainera, pantailek eguneroko bizitzan duten eragina. Izan ere, adingabeen % 70ek smartphonea egunero erabiltzen dute, eta bostetik batek oheratu ondoren ere bai. Jarduera ohikoenen artean, musika entzutea (% 75), sare sozialetan bideoak ikustea (% 59,3) eta streaming bidez edukiak kontsumitzea (% 54) daude; kopuru horiek handitu egiten dira, gainera, 13 eta 16 urte bitartekoen kasuan.

Txostenak (Garmendiak zuzendu du, eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle talde batek prestatu), gainera, adimen artifiziala hezkuntza arloan gero eta gehiago erabiltzen dela aipatzen du: hiru adingabetik batek testuak laburtzeko edo azaltzeko erabiltzen du, eta lautik batek eskolako lanak idazteko. Inkestari erantzundakoen erdiak, gainera, Internet egunero erabiltzen du etxeko lanak egiteko.

Egoera horren aurrean, ikerketa taldeak “gaitasun digital kritikoak indartzeko” beharra azpimarratu du, eta “plataformek edukiak moderatzeko konpromiso” handiagoa izatea eskatu. Azpimarratu dutenez, kontrolik ezak mezu kaltegarrien hedapena errazten du, eta ingurune digital seguruagoetarantz aurrera egiteko beharra nabarmentzen du, batez ere haurrentzat.

EU Kids Online

EU Kids Online Europako ikerketa sarea da, eta Europako haurren eta nerabeen aukerei, arriskuei, gaitasun digitalei eta ongizateari buruzko ezagutza hobetzea du helburu. Gaur egun, 34 herrialdetako ikerketa taldeek osatzen dute sarea, eta metodologia konparatiboak eta ikuspegi enpiriko zorrotzak erabiltzen ditu haurren, nerabeen eta haien familien esperientzia digitalak ulertzeko. Sarearen lanak 15 urte baino gehiagoz metatutako ebidentzia zientifikoetan oinarrituta daude, eta eragin nabarmena dute EBko Interneteko segurtasun politiken garapenean. EUKids Online Spain EHUko ikertzaileek osatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Unibertsitatearen aitortza duen ikerketa talde sendoa da.