euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Oskar Aguado Cantabrana

2.0 eskuin muturra antzinako Erromarekin obsesionatuta dago

Ikasketa Klasikoen Saileko Doktoratu osteko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/12

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

‘Mundus sine Caesaribus’. Hau da, ‘Zesarrik gabeko mundua’. Horixe da Jay Graber-ek, Bluesky-ko CEOak, orain gutxi egindako konferentzia batean soinean zeraman elastikoan irakur zitekeena.

Itxuraz, ordea, ez zen esaldi xalo bat, Mark Zuckerbergi zuzendutako gezi pozoitsua baizik. Izan ere, 2024an egindako Meta Connecten, diseinu bera zeraman kirol jertsea zuen soinean, eta bertan honako hau irakur zitekeen, latinez hura ere: ‘aut Zuck aut nihil’ (‘edo Zuck edo bat ere ez’).

Graberren mezuak jasotzen zuen kritikaren hautagai nagusia Zuckerberg dela dirudien arren (Augusto enperadorean mireslea da), ez litzateke zentzugabea izango Elon Musk, X-en jabe gisa, edo Donald Trumpen ere pentsatzea. Izan ere, haien larderiazko politikak, askotan, zesarismoarekin alderatu ohi dira  –orain “teknozesarismoa”– edo baita beste enperadore batzuenarekin ere: Kaligula edo Neron, esate baterako.

Ohikoa izaten da gaur egungo politikari, gizarteari edo komunikazioari buruzko gogoeta egiteko garaian antzinako Erroma baliatzea alderaketa egiteko, tradizio historiko luzea duelako eta oraindik ere oso presente dagoelako masen kultura garaikidean.

Bereziki, eskuin muturrak antzinako Erromaren irudi jakin bat erabili izan du erreferente gisa (faxismo hitzaren etimologia eta Mussoliniren mito inperialanazismoa eta frankismoa, gaur egun arte, adibidez). Irudi partziala eta historikoa da, noski, baina politikoki boteretsua.

Kasu honetan, nahiko berriak diren adibide batzuk azpimarratu nahiko nituzke. 2.0 eskuin muturra deitutakoak bere egin dituen adibideak dira, batez ere sare sozialen eta arlo digitalaren eremuetan. Fenomeno hori aztertzeko interes akademikoa sortu da eta gai horren garrantzia aipatu duen lehenengoetako bat izan da Donna Zuckerberg klasizista, Meta enpresaren jabearen arreba.

Antzinaroak bere egin du Internet

2018an, Zuckerbergek oihartzun handia izan zuen liburua argitaratu zuen. Bertan, eskuin muturreko onlineko komunitate batzuek egile greko-latindar batzuekiko zuten obsesioa aipatu zuen. Egileak ohartarazi zutenez, beste behin, historia eta literatura klasikoa ideal patriarkalen eta supremazista zurien zerbitzura zeuden. Berritasuna formatu digitalarekin lotuta zegoen, nahiz eta aurreko hamarkadaren erdialdean, oraindik ere, komunitate horiek gutxiengoa osatu.

Trumpek 2016an lortu zuen lehen garaipenaren aurretik, kanpaina aktiboa egin zuten sare sozialetan. Beste hainbat adibideren artean, Hillary Clintonen/Medusaren buruari eusten ari zen Trumpen/Pertseoren meme batzuk ikusi genituen. Mito greziarraren interpretazio misogino berri hura, gainera, merchandisingeko hainbat formatutan merkaturatu zuten.

Erromara itzulita, “gladiadore amerikar” gisa osatutako Trumpen irudia ere behin eta berriro erabili zuten. “Sustrai greko-erromatarrekin” obsesionatuta dagoen beste gizon batek, Steve Bannon estratega politikoak, ere rol garrantzitsua bete zuen kanpaina digital hartan. Orain gutxi, “agur erromatar” moduko bat (hau da, nazi-faxista) erakutsi digu, Muskek eta Eduardo Verástegui aktoreak egindakoari jarraituz.

Iraganaren irakurketa berria orainaldirako

Azken urteotan, iragan erromatarraren harrera ultraeskuindarra nabarmen ugaritu da sare sozialetan. Zehazki, Antzinaroarekiko interesa duten erabiltzaile askorentzat, Twitter/X korronte ideologiko horretara iristeko autobide moduko zerbait bihurtu da. Ez naiz esajeratzen ari: halaxe frogatu du ikerketa batek.

Agurrak Erromarekin lotura txikia duen arren, Muskek era horretako adibide ugari partekatu izan ditu bere sare sozialean. Izugarri aberatsa den mezenas gisa erakusten duen harropuzkeriaz gain (inola ere ez dira xaloak gainera), maiz argitaratzen ditu latinezko aipuak, batzuk okerreko pertsonei egotzitakoak gainera, edo Sila berri bato.a.a.ko I. mendeko jeneral eta politikari erromatarra, izateko beharra aldarrikatzen du. Hain zuzen ere, Silak, gogortasun handiz kontrolatu zuen Erroma lehen gerra zibil errepublikanoan zehar eta opositore politikoen aurkako proskripzio odoltsuak zuzendu zituen.

Bereziki errepikariak izan dira Erromaren gainbeherari eta erorialdiari buruzko aipamenak, AEBren egungo ustezko gainbeherarekin nolabaiteko paralelismoa egin nahian. Mugimendu antidemokratikoei lotuta dagoen narratiba hori bereziki erabilgarria izan da Bidenen gobernuak iraun duen bitartean eta hauteskunde-kanpainan zehar. Trumpek hauteskundeak irabazi zituenetik, ordea, ikuspegia aldatu egin da, noski.

2023ko irailetik aurrera, erromatar inperioari buruzko gogoeta egiteko joera biralaz baliatuta, gutxienez lau aldiz partekatu ditu gainbeheraren gaia aipatzen duten meme edo argazkiak dituzten postak.

Baina ez dira adibide hutsalak; izan ere, memeek, irudiek eta AA bidez sortutako bideoek iraganari buruzko pertzepzio orokorrean duten inpaktua aztertu beharreko gaia da eta historialariek horren inguruko kezka agertu dute.

Aipatutako adibide horietako batek, zehazki, 137 bistaratze baino gehiago izan zituen. Hau irakur daiteke bertan: "garai txarrek gizon indartsuak sortzen dituzte, gizon indartsuek garai onak sortzen dituzte, garai onek gizon ahulak sortzen dituzte eta gizon ahulek garai txarrak ekartzen dituzte". Maskulinitate toxikoaren ikurra den meme hori gutxienez 2016tik hedatu izan da Interneten, batez ere eskuin muturreko onlineko komunitateen baitan.

Horren aldaera ugariek Erromako Errepublika garaira arte jarrai daitezkeen tradizio historiko luzeko gainbeherari buruzko narratiben oso bertsio sinplifikatuak osatzen dituzte. Labur-labur esanda, Katon Maiorrek ere Erromaren ustezko gainbehera aipatzen zuen bere ikuspegi politiko kontserbadorea ezartzeko.

Espainia erromatar erara

‘Make Rome/America Great Again’ esaldiak ere izan zuen bertsio espainiarra. 2016ko hauteskunde orokorretarako kanpainan, Vox alderdiak ‘Hasiera berri bat’ izeneko iragarkia argitaratu zuen.

Kasu horretan, Erromarekiko konexioa ‘Gladiator film entzutetsuarekin’ (2000) lotutako aipamen bisual eta narratiboetan zegoen. Bideo hartan, Santiago Abascal ikus zitekeen gari-soroetan oinez, Maximo berria bailitzan. Bien bitartean, ustez epikoa zen diskurtsoa botatzen zuen honelako esaldiak azpimarratuz: “bataila galdutzat ez ematea”, “ohorea”, “jatorri zaharrak” edo “askatasunaren aldeko betiereko borroka”, adibidez.

Ustez islamaren aurkako borroka atenporalean edo neurri inperialak dituen borrokan sartuta dagoen Espainiarekin lotutako kontakizun horretarako, Voxentzat erakargarriagoak dira Erdi Aroko iragana eta iragan modernoa. Baina gutxi dira Espartako mitotik aldentzen diren eskuin muturreko taldeak. Haiekin batera, korronte horien beste jarraitzaile batzuek (Desokupak edo Alvise Pérezek, adibidez) antzeko topikoak erabili dituzte ikusgarritasuna handitzeko.

Gaur egungo munduak iraganera begiratzen du

Mundu mailako fenomenoa dela esan dezakegu. Erromari buruzko erreferentziak topa ditzakegu Mileik Argentinan eta Melonik Italian erabilitako propagandan, eta baita orain gutxi André Venturak, Portugaleko eskuin muturreko alderdiko presidenteak Chega!, argitaratu duen post batean ere.

Martxoaren hasieran, Venturak AArekin sortutako irudi bat argitaratu zuen. Bertan, bere aurpegia ikus zitekeen, “militar erromatarren” arropa irrealarekin. Irudian, lausotuta ageri zen anfiteatroa eta atzealdean Portugaleko bandera ere ikus zitezkeen. Irudiari gehitutako esaldiak zalantza gutxi uzten ditu gorroto-politikei buruz: "Heldu da garaia Portugalen eta herrialde honek behar duen garbitasunaren alde borrokatzeko!".

Asko ikas dezakegu iragan erromatarra aztertuz, begirada kritikoa eta ez adeitsua aplikatuz gero, eta horrek arlo horretako profesionalen iragazkia eskatzen du. Baina, era berean, asko ikas dezakegu gure orainaldia azaltzeko eta bertan eragina izaten saiatzeko iragan hori etengabe berrasmatzeko erabiltzen diren modu horiek aztertuta. Horixe bera lantzen ari dira ‘Pharos’, ‘Marginalia Classica’, ANTIMO edo ANIHO proiektuak, hain zuzen ere, eta azken horretako partaidea naiz ni.

Imajinario kolektibo garaikidean halako inpaktua duen irudi hipermilitarizatu eta hipermaskulinizatu horrek erakusten duena baino anitzagoa eta konplexuagoa zen Erroma. Hala eta guztiz ere, gaur egun oinarrizko beharrak asebeteta dituen inork ez luke benetan antzinako Erroman bizi nahiko.

Baina gaurkotasunean kosmobisio jakin bat defendatzeko iragan hori aipatzea lanketa errentagarria izan ohi da politikaren munduan. Nolanahi ere, iragana gogora ekartze hori irudikeria baliotsua izaten da ia beti eta zenbaitentzat. Baina ez da historiako irakasgaia.