euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan

Engirank sailkapenean, Espainiako Estatuko bigarrena da, eta lehena, Ingeniaritza Kimikoa eta Materialen Ingeniaritza espezialitateetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/14

Errobotikako klase bat EHUn. | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Espainiako Estatuko bigarren unibertsitaterik onena da ingeniaritzen arloan, eta lehenengoarekin partekatzen du, Universitat Politècnica de Catalunyarekin (UPC), European Ranking of Engineering Programs (EngiRank) rankingaren 2025 edizioko sailkapen orokorraren 22. postua.

Honako hau izan da ingeniaritza programak dituzten europar unibertsitateak aztertzen dituen rankingaren hirugarren edizioa, eta Europako Unibertsitate Eremuko 36 herrialdetako 300 unibertsitate aztertu ditu (horien artean, Erresuma Batukoak, lehen aldiz). Rankinga egiten du Perspektywy Educational Foundation-ek, Elsevier argitaletxe zientifikoaren laguntzarekin, eta bost irizpidetan oinarritzen da (ikerketa, berrikuntza, nazioartekotzea, diziplinartekotasuna eta Garapen Jasangarrirako Helburuetarako ekarpena —bereziki 9garrena—). Gainera, badu berezitasun bat: adierazle tradizionalez gain (hala nola argitalpenak edo aipuak), kontuan hartzen ditu ere beste faktore batzuk (adibidez, industriarekiko lankidetza, patenteak, enpresekin elkarlanean eginiko ikerketa edo akreditazioak) eta Europako adierazle espezifikoak (Erasmus+ eta Horizon programetan edo Europako unibertsitateen partzuergoetan parte hartzea).

EHUk 81,17 puntu lortu ditu sailkapen orokorrean; hau da, UPCk baino 74 ehunen gutxiago, eta lehen postuan kokatu da Ikerketaren irizpidean. EngiRank sailkapenean sartzeko ezinbesteko baldintza da Ingeniaritza eta Teknologia arlokoak izatea unibertsitate batek azken bost urteetan Scopus datu basean indexatutako argitalpen zientifikoen % 30 gutxienez.

Bestetik, diziplinen araberako sailkapenetan, euskal unibertsitate publikoa lehen postuan dago Espainiako Estatuan Ingeniaritza Kimikoan eta Materialen Ingeniaritzan, eta bigarrenean, Ingeniaritza Medikoan. Azken horretan eta Materialen Ingeniaritzan, hobetu egin du posizio globala (16garren eta 19garren postuak, hurrenez hurren).

Rankingaren lehen hiru postuetan daude Technical University of Denmark (DTU), Delft University of Technology (TU Delft, Herbehereak) eta KU Leuven (Belgika).

EHUk Ingeniaritza eta Arkitektura arloan eskaintzen duen ikasketa sorta zabala 34 graduk, 32 masterrek eta 16 doktorego programak osatzen dute. Euskal unibertsitate publikoaren ingeniaritza eskaintzak Engirank sailkapenaren azpiadar guztiak hartzen ditu, eta ikastegi nagusiak ditu Bilboko Ingeniaritza Eskola, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Gasteizko Ingeniaritza Eskola. Halaber, ingeniaritza adarreko titulazioak eskaintzen dituzte ere Zientzia eta Teknologia Fakultateak, Informatika Fakultateak eta Elgoibarko Ingeniaritza Dualeko Eskolak (ikastegi atxikia).

Gaur egun, EHUk 9.315 graduko ikasle ditu Ingeniaritza eta Arkitektura arloan. Urtero bezala, datorren ikasturtean ere ikasle berrientzako 2.000 plaza inguru eskainiko ditu. Hil honetan bertan, EHU hasiko da 2026/2027 ikasturterako bere eskaintza aurkezten, EHUazokaren hiru hitzorduetan: Donostian (urtarrilaren 31n), Gasteizen (otsailaren 7an) eta Bilbon (otsailaren 14an).