Unibertsitate Orientaziorako Azoka Gipuzkoako Campusean
Noiz eta non
Noiztik: 2014/01/18 Noiz arte: 2015/01/28
Kokapena
Ignacio Maria Barriola Zentroa
Plaza Elhuyar 1. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Larunbata, urtarrilaren 18an, 09:00etatik 14:00era, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ignacio María Barriola Zentroan, Donostian, UPV/EHUk Unibertsitate Orientaziorako Azoka egingo du.
Funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen bada ere, azoka edozein pertsonak bisita dezake.
Azoka horretan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek UPV/EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean informazio zehatza emango diete ikasleei, bai modu pertsonalizatuan, baita ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere; halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.
Halaber, larunbatean, urtarrilaren 18an, 10.30etan, Ignacio María Barriola Zentroko entzunaretoan, unibertsitatera sartzearen inguruko informazio-saioa izango da.
UPV/EHUk bere hiru campusetan egiten ditu Unibertsitate Orientaziorako Azokak; ondoz ondoko hiru larunbatetan egiten dira, egun bakoitzean campus batean alegia. Gipuzkoako Campusean ospatu ostean, Arabako Campusean ospatuko dira, urtarrilaren 25ean, Farmazia Fakultatean, eta ostean, amaiera emango zaie, Bizkaiko Campusean, otsailaren 1ean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko).
UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean. Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren azaroan. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.