UPV/EHUk G9ko Defendatzaile Unibertsitarioen X. Topaketa hartuko du
Noiz eta non
Noiztik: 2014/06/19 Noiz arte: 2015/01/16
Kokapena
Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Ostegunean eta ostiralean, ekainaren 19an eta 20an, Donostian, Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan G9ko Defendatzaile Unibertsitarioen X. Topaketa egingo da. G9a ezaugarri bat partekatzen duten bederatzi unibertsitatek osatzen dute: beraien autonomiako unibertsitate publiko bakarrak dira. Hala, Kantabriako unibertsitateak, Gaztela Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Nafarroakoak, Oviedokoak, Errioxakoak, Zaragozakoak eta Euskal Herrikoak osatzen dute taldea. Unibertsitate horiek guztiek harreman estuak mantentzen dituzte beraien artean, eta sarri askotan gai komunak aztertzeko topaketak egiten dituzte.
UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak ongietorria emango die ostegunean, ekainak 19, 16:00etan, Carlos Santamaria Zentroan bertara hurbildutakoei. Berarekin batera egongo da Itziar Etxebarria Aldezlea ere.
G9ko defendatzaileen talde hau CEDUkoen artean (Coordinadora Española de Defensores Universitarios) aktiboenetarikoena da, eta urtean bi aldiz batzen da. Oraingo honetan, beraz, anfitrioia UPV/EHU izango da.
Beren bileretan, G9ko defendatzaileek eskuartean dituzten gai garrantzitsuenak eta beraien aginpideari eragiten dizkien gaiak jorratzen dituzte. Hitzordu honetan lau izango dira eztabaidatuko diren puntuak:
- "Wert-en dekretuaren" aplikazioa unibertsitate desberdinetan.
- Gutxiegi asko dituzten irakasgaien aurrean sailen eta ikastegien erantzukizuna eta jokabidea.
- Arazo psikologikoak elkartzen diren kasuen azterketa.
- Irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasleen jokaera larrien aurrean sailek inposatzen dituzten zigorrak/zigorgabetasunak.
Donostiako topaketa honetan, aipatutako bederatzi unibertsitate horiez gain, A Coruñako eta Murtziako Unibertsitateetako ordezkariak egongo dira. Halaber, Deustuko Unibertsitateak ere parte hartuko du bileran.
Itziar Etxebarria UPV/EHUko Aldezlearen iritziz, "mota honetako topaketak oso inportanteak dira unibertsitateko defendatzailearen figura garatze aldera. Unibertsitate bakoitzak kasuistika jakin bat plazaratzen du, eta esperientzia eta prozesu horiek beste unibertsitateetan aplikatu daitezke. Batzea eta antzeko arazoak partekatzea unibertsitateetako defendatzaileen funtzionamendua hobetzeko nahitaezkoa da. Bestalde, esan behar dut X. Topaketa hau UPV/EHUn antolatu izana oso pozgarria dela niretzat, bai profesional bezala, bai instituzioren aldetik ere.